ESAS, Kantera proiektuaren sustatzaileak:“Musika klasikoa auzora modu inklusiboan hurbilduko du Kanterak eta emakumearen irudia ikusaraziko du musikan”

Martxoan zehar Kantera programa garatuko da BBK Kunan. Musika klasikoarekin zerikusia duten emakume profesionalek osaturiko ESAS elkarteak abiarazitako ekimena da.

Elkarrizketa egin nahi izan diegu ESASen berri eman diezaguten, zer egiten duten, zein helburu dituzten eta Kantera programan sakontzeko.

Zatoz gurekin proiektu interesgarri honi buruz gehiago jakiteko.

Zelan eta zergatik sortu da ESAS proiektua?

Proiektua musika klasikoaren irudikapen gorenaren, orkestra sinfonikoaren,  gaineko (erre)akzio gisa sortzen da. Proiekzio hori ez genuen gure gizarte-testuingurura egokituta sentitzen, eta, hainbat telefono-dei eta zuhurtziagabekeria apur baten ondoren, emakume profesionalek osatutako eta gidatutako orkestra bat taula gainean eta atzean jartzea erabaki genuen. Hala ere, diskriminazio positiboko ekintza horren atzean backstage-ko solasaldi eta (bir)topaketa asko zeuden hainbat agertokitan, eta konturatu ginen emakumezko ikaskide asko jada ez zeudela maila profesional honetan, bidean geratu zirela, eta ingurune maskulinizatu batean geundela, espezialitatearen araberako segregazio nabarmenarekin eta erreferente-gabezia argiarekin. Eta azken hori da ESASek (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) azpimarratzen duen gabeziarik kezkagarriena. Izan ere, ez ditu soilik musikagile eta interpretatzaileak bakarrik ikusarazten, baita emakumezko zuzendariak, musikologoak, bitartekariak, pedagogoak, kudeatzaileak, ekoizleak, arduradunak eta musika entzuten jarraitzea ahalbidetzen duten profesional asko, egunen batean berdintasunez egitea espero duelarik.

Zein da musika klasikoan lan egiten duzuen emakumeen errealitatea?

Historikoki, emakumeak ezin izan du musikan profesionalki jardun, soilik etxean geratzen zen hezkuntzaren zati gisa, eta instrumentu nagusiak pianoa, harpa edo biolina izanik. Hori dela eta, egiten ari diren berreskuratze-lanak gorabehera, emakumeek egindako musika-lan askok ezkutuan jarraitzen dute, eta erreferenteak nekez iristen dira. “Botere-karguak” gehienbat gizonek betetzen dituzte, eta gure sentsazioa etengabe erakutsi edo frogatu beharrarena da, ona izatea ez da nahikoa, bikaintasunaren exijentzia gure lanbidearen berezko zerbait da, baina are epaituago sentitzen gara emakume izateagatik.

Badakigu diskurtso hori biktimista izan daitekeela, eta, horregatik, datu objektiboetan oinarritzen gara, ikerketa sustatuz eta gure ikasketetan genero-aldagaia gehituz, ohartuta gure errealitatea ez dela oso desberdina beste esparru artistiko, kirol-esparru edo lehiakortasun handiko esparru batzuetan lan egiten duten emakume askoren errealitatearekin alderatuta, eta ez dagoela erabateko dedikazioa eskatzen duten beste lanbide batzuetatik oso urrun, zorioneko “kontziliazioa” zailduz.

Zenbat emakumek osatzen duzue gaur egun ESA eta zer profil-mota dituzue?

Gure datu-baseak ehundik gora pertsona biltzen ditu, hainbat bidetatik (web/Sare Sozialak/ekitaldiak) proposamenak helarazten dizkigutenak edo gurekin lankidetzan aritzeko prest daudenak, konposizioa, zuzendaritza, interpretazioa, bitartekaritza edo pedagogia, baina baita literatura, zinema, antzerkia, argazkigintza edo dantza bezalako diziplinak ere barne hartuz. Orain arte martxan jartzea eta funtzionamendua, lan bizitza egitekotsuarekin batera, hiruren artean eraman dugu: ekoizpenean, komunikazioan eta kulturen arteko bitartekotzan aditua den biolinista bat; musikaren kudeaketan eta hedapenean espezializatua dagoen txirulari bat; eta orkestrako zuzendari bat. Askotariko profilak baina ESASek berekin dakarren lan-kargarako mugatuak; beraz, duela gutxi lantaldea handitu dugu beste lau lankiderekin, eta horiek, musikako goi-mailako titulazioak izateaz gain, marketinean, musikoterapian, gizarte-hezkuntzan… trebatuta daude, eta horrela lantalde egonkor bat sortu dugu ESAS Classics-en, hamar instrumentistak osatutako camerata edo talde bat. Guztien artean, leit motiv bera, elkartuta soinu gehiago egiten dugu.

Euskal Herriko egoera desberdina al da Estatuko edo nazioarteko beste leku batzuekin alderatuta?

Euskal Herrian eta oro har Europan bizi garenok zorionekoak gara. Guk babes handia izan dugu erakunde publikoen aldetik, eta nabarmentzekoak dira Bizkaiko Foru Aldundia eta erakunde pribatuak, hala nola BBK Kuna, gure jarduera garatzeko lekua uzten diguna. Agian horregatik, oharkabean, gure ahaleginen emaitzak ere zuzenkiago ikusten dira inguru honetan. Hala ere, beti saiatzen gara ikuspegi orokorra izaten. Madrilen (Defensor deal Pueblo) edo Bartzelonan (Esmuc) egin ditugun ekintzetan izan dugun esperientziagatik, estatu mailan ez dugu uste alde handirik dagoenik; hala ere, uste dugu gure proiektuak iraungitze-data bat izango duela hemen, baina behin finkatuta, beste lurralde batzuetara egokitzeko modukoa izango dela, guztiei eragiten dien problematikari erantzuna emanez.

Zer-nolako proiektuak eta ekimenak garatzen dituzue?

Orain arte, ekitaldi zehatzetarako “aholkularitza”-zerbitzu asko egin ditugu, ad hoc proposamenak diseinatuz. Hala ere, azkenaldian geure zigilua duten proiektuak lehenesten ari gara. Izan ere, martxoan estudioa blokeatuta daukagu bertan itxi eta gure lehen maketa grabatzeko. Proposamen apurtzailea, argitara eman gabeko musikarekin, publikoa erakarriz musika klasikoaren erosotasun-agertokitik kanpo.

Hezkuntzaren esparruan, ESAS – Musikene (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) saria genero-ikuspegitik gehien nabarmentzen den lanari ematen diogu, eta UPV/EHUrekin eta beste hezkuntza-erakunde batzuekin lankidetzan aritzen gara hitzaldi edo tailerren bidez. Era berean, aurten musika-eskolak ematen hasi gara AMUGEn, Kantera zikloa estreinatu dugu BBK Kunan Bilboko musika-hezkuntzako ikastetxeetako ikasleekin, eta ilusio berezia egiten digun proiektu bati forma ematen ari gara Gurutzetako Ospitalean.

Diziplina-aniztasunaz ari zaretenean, zeri buruz ari zarete praktikan?

Arteetan beti gauzatu da espezialitateen arteko lankidetza. Izan ere, musika beti egon da zuzenean lotuta dantzarekin edo ikus-entzunezkoekin. Nahiz eta gure lanbidea entzumenari lotuta egon, bost zentzumenek gozatzeko moduko esperientziak sortzea gustatzen zaigu, irudia zainduz eta gure gaitasunen barruan murgiltze-ikuskizunak proiektatuz, eta arlo horretan sakontzea gustatuko litzaiguke. Adibidez, gure azken sorkuntzan, musikaren oinarri ziren poemak errezitatu egiten ziren, interpretatzaileek aretoko hainbat lekutatik jarduten zuten, dantzariak publikoarekin nahasten ziren, proiekzioekin eta argiekin jolasteaz gain.

Ez gara konformatzen entzutearekin, publikoa liluratu eta fidelizatu egin nahi dugu egungo musika-kontzertuetara joateko.

Era berean, egiten dugun urrats bakoitzean beste adar batzuetako profesionalak ditugu musika, grafismo, eszenografia, argazkigintza eta abarren artean igarotzen den lan-sare hori sortzeko, guztiek hartzen dute parte sortze-prozesuan.

Zuentzat osagai soziala ezinbestekoa da; zer proiektu garatzen dituzue arlo horretan?

Horrela da, osagai soziala funtsezkoa da, irabazi-asmorik gabeko elkarte bat baikara, eta gizarte berdinzaleago bat lortzeko lan egiten dugu ―ordainsari barik―, kultura hartuta eraldaketarako tresna gisa eta musika klasikoa elitista delako aurreiritzia ezabatuz. Gure azken lankidetza AMUGErekin (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea) izan dugu, neska ijitoak ahalduntzen dituen Txiki Calé-an, musika-prestakuntzaren bidez beren gaitasunetan sinets dezaten, aurrez ezarritako mugarik gabe.

Era berean, lankidetza-hitzarmen bat dugu Norai elkartearekin eta haren integrazio-proiektuarekin, zenbait arrazoirengatik gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden gazteekin eraturiko orkestra sinfoniko baten bidez. Horiekin hainbat ekimen garatu ditugu, hala nola, beraien ikasgeletara bisitak egitea edo gure jardueretara gonbidatzea, entseguetan edo kudeaketa- eta ekoizpen-prozesuetan parte har dezaten eta artistak bertatik bertara ezagut ditzaten. Gure hurrengo ekimena gure sareko emakume konpositoreen errepertorioan sar ditzaketen musika-obrak eskaintzea da, batzuetan zaila gertatzen baitzaie beren programazioan emakumeen errepertorioa sartzea.

Hezkuntza, zalantza barik, ezinbesteko elementua da, bai kultura bera sustatzeko, bai esparru guztietan inklusioa eta berdintasuna sustatzeko. Zuen ustez, zer ekarpen egin dezake gaur egun musika klasikoak?

Gaur egungo testuinguruan, funtsezkoa gertatzen zaigu gure gizartea elkarrizketarako gai izatea, hizkuntza desberdina izan arren. Ahots guztiek dute lekua eta harmonikoki bat egiten dute. Elkarri entzuteko eta bestelako kode batean komunikatzeko gaitasuna izatea musika-praktikaren bidez lor daitekeen bertutea da. Musikak ez du oztoporik ulertzen, unibertsala da, baina guztiaren gainetik, osagai estetikotik haratago eta sormena, koordinazioa eta erritmoa bezalako alderdiak garatzetik harago, diziplina, balioak, lagunartekotasuna, errespetua eta emozioen kudeaketa eskatzen ditu; funtsezkoa oinarrizko hezkuntzan.

Zer ematen dio musika klasikoaren irakurketari emakume baten ikuspegitik begiratzeak?

Gauza guztietan bezala, perspektiba. Beste ikuspuntu bat da, orain dela gutxi arte ikusi gabea nagusitasun maskulinoa nagusi baitzen, eta emakumearen begirada hori, gutxienez, gizon batena bezain baliozkoa eta aberasgarria da.

Kantera hezkuntza-zikloa musika-hezkuntzan iraultza gisa aurkeztu duzue BBK Kunan, aldi berean integrazioa eta genero-berdintasuna sustatzen dituena. Zer da hori?

Kantera Harrobi Plazan eta auzoko jendearengan, musika klasikoko agertokietan ibiltzen ez den horrengan, pentsatuta diseinatu da. Horregatik, BBK Kunaren bitartez, hurbildu eta ikusleen eta interpretatzaileen harrobi bat sortu nahi dugu, belaunaldien arteko erreleboa sustatuz eta ohiko jokalekutik irtetean ikaskuntza-prozesua motibatuz.
Lehenengo edizio honetan Bilbao Musika eta Norai dira parte-hartzaileak, bi proposamen oso desberdinekin. Lehenengoa, emakume konpositore edo musikagileen programa bat; bigarrena, entsegu ireki bat soilik gizonen musikarekin, historian zehar emakumeak musikan izan duen figurari buruz hausnartuko da bertan, eta interpretatzeko emakume konpositoreen errepertoriorik eza azpimarratuko da. Ziklo honek gogoeta egitera gonbidatzen ditu bai irakasleak eta bai ikasleak, eta normalean programazioan integratuta ez daudelako lantzen ez diren emakumeen errepertorioak bilatzera. Aldi berean, parte-hartzaileak gonbidatzen dira ikasgelatik kanpoko beste errealitate batzuk ezagut ditzaten, gazteen topaketa bultzatuz musika interes partekatu gisa dutela.

Zeintzuk dira programaren helburuak eta zelan garatuko da?

Helburua da ikasleak, irakasleak eta publikoa kontzientziatzea emakumeek musikan duten egoeraz, beraien errepertorioa ezagutaraziz, agertoki berriak eskainiz eta hainbat musika-zentrotako ikasleen lana erakutsiz Bilboko publikoari. Martxoko bi ostiraletako arratsaldeetan izango da, oso hilabete esanguratsua, eta espero dugu, morez tindatzeaz gain, “Sirenatas” izeneko lehen kontzertu bat ematea, orain arte ahaztu samar egon diren errepertorioak ezagutaraziz.

Bigarren proposamena, “Etorkizuna entseatzen”, eskola-formatu irekia da; bertan, musikaren eta aurkezpenen bidez, emakumearen presentziaren bilakaera aztertuko da gure munduan eta beraren papera ezagutaraziko da; gainera, Noraik garatutako Etorkizuna musikatan ekimena ezagutzeko aukera baliatu nahi dugu.

Nork parte har dezake Kanteran eta nola egin dezake?

Ziklo hau Bilboko erdigunetik urrunen dauden eta hainbesteko kultura-eskaintzarik ez duten eremuetan pentsatuz zertu badugu ere, Kantera irekita dago beren ikasleekin genero-ikuspegia landu eta lan hori ikusarazi nahi duten musika-ikastetxe guztientzat.

A priori, martxoan, emakumearen hileko ekimenekin bat egin gura dugu. Hala ere, espero dugu ekimena finkatzea eta programazioan ohikoa izatea, guretzat martxoa eta M8a urteko 365 egunak baitira. Kezkak/bitxikeriak/proposamenak gure hedapen-kanalen bidez helaraz daitezke: Sare Sozialetan @somosesas, gure webguneko (esas.eus) harremanetarako formularioaren edo kaixo@esas.eus helbide elektronikoaren bidez.