Etorkizuna elikatuz: Gure elikadura-sistema jasangarritasunerantz eraldatzea
Elikadura jasangarria nazioarteko komunitatearen beste erronka bat da gosea desagerrarazteko, elikagaien segurtasuna bermatzeko, nutrizioa hobetzeko eta nekazaritza jasangarria sustatzeko, desberdintasunen aurka borrokatu eta planeta eta bere baliabideak errespetatzen dituen garapena lortzen den bitartean.
Hala ere, elikadura-sistema jasangarrirantz benetako eraldaketa lortzeko, beharrezkoa da planetako pertsona eta herrialde guztien inplikazioa, eta, horretarako, hezkuntzaren zeregina funtsezkoa da. Elikadura-hezkuntzak, zentzurik zabalenean, gizarte kritiko eta elikadura-, nutrizio- eta ingurumen-arazoekiko kontzienteak eraikitzen laguntzen du: “hemendik 2030era bitartean, ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren ezagutza teorikoak eta praktikoak eskuratzen dituztela ziurtatzea, besteak beste, garapen jasangarrirako eta bizi-estilo jasangarrietarako hezkuntzaren bidez, hor sartuta elikadura-ohitura arduratsuak, tokiko elikadura-sistemak sustatzea, kultura-aniztasun gastronomikoaren balorazioa eta elikadura jasangarriak garapen jasangarriari egiten dion ekarpena”.
Bilbotar gazteei arreta berezia eskainiz, Bilboko eta Bizkaiko herritarrak elikadura jasangarrian eta GJHetan trebatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin, BBK Kunatik, UN Etxearen eskutik, ikasleentzako bisitak eskaintzen ditugu Kuna gunera, elikadura jasangarria ardatz hartuta.
Bisita horien bidez, parte-hartzaileek aukera izango dute elikadura jasangarriarekin lotuta eraikineko zenbait gunetan egiten diren proiektuak sakonago ezagutzeko. Era berean, lekua ezagutu ostean, ikasleek tailer dinamizatu bat jasoko dute. Bertan, elikadura jasangarrian, tokiko elikadura-sistemetan, osasun emozionalean eta elikaduran, kontsumo arduratsuko modu berrietan eta nekazaritzako elikagaien industriako berrikuntza teknologikoetan sakontzeko aukera izango dute.
Tailerraren metodologia parte-hartzailea “Garapen Iraunkorrerako Helburuak ikasgelan – Zu ere parte zara!” unitate didaktikoan oinarritzen da. Unitate hori UN Etxeak egin du BBK Kunarekin lankidetzan, eta elikadura jasangarria lantzen du, nutrizio-, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-alderdiak barne hartzen dituen ikuspegi integraletik, elikadura eta belaunaldien arteko harremanak, kontsumo arduratsua eta nekazaritzako elikagaien sektoreko berrikuntza bezalako gaiak landuz. Metodologiaren malgutasunari esker, tailerrak taldearen profilera edo ikasgelan lantzen ari diren ikasgaietara egokitzeko aukera dago.