Etorkizun jasangarria aktibatuta: Sustainable Gastronomy zigilua aurkezten dugu, Bizkaiko gastronomia eraldatuko duena

Imajinatzen duzu jatetxe bat aukeratu ahal izatea, non, otordu handi batez gozatzeaz gain, bertoko produktuaren, planetaren zaintzaren eta bidezko lan-baldintzen alde egin dezakezun? Hori laster gertatuko da Bizkaian, ekimen aitzindari bati esker. AZTI teknologia-zentroarekin eta Basque Know How Fundazioarekin lankidetzan, BBK Kunatik “Sustainable Gastronomy” zigilua sortzea bultzatu dugu, ostalaritza-sektorea eraldatu eta platerez plater etorkizun arduratsuagoa eraikitzeko sortu den ziurtagiria.

Etorkizunarekin konpromiso bat: Zer da Sustainable Gastronomy?

“Sustainable Gastronomy” zigilua etiketa bat baino askoz gehiago da. Jasangarritasunaren alde benetan egiten duten Bizkaiko jatetxe eta ostalaritza-establezimenduak aintzatesteko eta sustatzeko diseinatutako eragiketa-eredua da. Ez da ezelan ere inposatutako arau bat, baizik eta 2020tik aurrera partaidetza-prozesu batean sortua da sektoreko 27 jatetxe, hornitzaile eta eragile nagusirekin batera, beraien beharrizanei eta errealitateei erantzungo diela ziurtatuz.

Sukaldaritzaren jasangarritasuna definitzea sasoiko produktuak erabiltzeaz harago doa. Zigilu horrek funtsezko zortzi arlo, aldea markatzen dutenak, ebaluatzen ditu modu integralean:

  • Lehengaien hornikuntza jasangarria.
  • Hondakinen kudeaketa efizientea.
  • Elikadura-hondakinak minimizatzea.
  • Uraren eta energiaren erabilera arduratsua.
  • Instalazioetan ingurumen-irizpideak.
  • Material eta sargai edo intsumo jasangarriak erabiltzea.
  • Langile edo beharginen kudeaketa arduratsua, bidezko baldintzak bermatuz.
  • Bezeroekiko komunikazio gardena.

Ikuspegi hori funtsezkoa da, gastronomia ekonomiaren eta kulturaren eragile baita Bizkaian. Horren jasangarritasuna bultzatzeak, ingurumen-inpaktua murrizteaz gain, balio-kate osoa indartzen du, bertoko ekoizleagandik hasi eta kontsumitzaileaganaino, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz.

Eraldaketarako aliantza estrategikoa: BBK Kuna, AZTI eta Basque Know How Fundazioa

Proiektu hau hiru erakunde osagarriren arteko lankidetza perfektuaren emaitza da.

BBK Kunak, Bizkaiko gizarte-berrikuntzarako gune gisa, etorkizun-ikuspegia eta gizarteko eragile guztiak (herritarrak, enpresak, akademia eta erakundeak) konektatzeko gaitasuna eskaintzen ditu, erronka handiei modu kolektiboan aurre egiteko.

AZTI zientzia- eta teknologia-ikerketako zentroa da, eta zorroztasun teknikoa eta ezagutza aditua ematen ditu ziurtapen-eredu sendoa, sinesgarria eta ebidentzietan oinarritua garatzeko.

Basque Know How Fundazioak sortutako ezagutza sektorearekin lotzen duen zubi gisa jokatzen du, eredua praktikoa, aplikagarria eta ostalaritzaren eguneroko jardunean benetako eragina sortzen duena dela ziurtatuz.

Elkarrekin, ziurtatu ez ezik, establezimenduei etengabeko hobekuntzarako bidean lagundu ere egiten dien tresna bat sortu dugu.

Zelan funtzionatzen du zigiluak? Irizpideak, prozesua eta onurak

“Sustainable Gastronomy” zigilua irisgarria eta motibatzailea izateko dago diseinatuta. Horretarako, hiru betetze-maila ezarri dira, establezimenduaren konpromiso-maila aitortzen dutenak. Gainera, “prozesuan” dagoen maila bat ere sortu da, oraindik gutxienekoak betetzen ez dituzten arren, hobetzeko plan zehatz batekin beren borondatea erakusten dutenentzat.

Ostalaritzarentzat, zigilua lortzea bereizketaren eta erantzukizunaren aldeko apustua da. Aukera ematen die beren konpromisoa agerian jartzeko, gero eta kontzienteagoa den bezeroa erakartzeko eta beren kudeaketa optimizatze aldera jardunbide egokien gida bat eskuratzeko.

Herritarrentzat, zigilua ahalduntze-tresna bat da. Kontzientziaz aukeratzeko ahalmena ematen digu, Bizkairako elikadura-eredu bidezkoago eta jasangarriago bati aktiboki laguntzen dioten negozioei lagunduz gure erabakiekin.

Gaur egun, fase aurreratuan dago proiektua. Marka 2024an erregistratu ostean, 2025ean bost jatetxe pilotutan ezartzeko proba egingo da, eta guztia prestatuko da publiko orokorrari ofizialki aurkezteko 2026ko ekain-uztailean.

Etorkizuna gaur kozinatzen da: ekintzarako deia

“Sustainable Gastronomy” zigilua adibide garbia da erakusteko BBK Kunan zelan bilatzen dugun “Bizkairako etorkizun inspiratzaileak aktibatzea”. Kontua ez da bereizgarri bat sortzea soilik, baizik eta elikadura gure osasunerako, ingurunerako eta gizarterako funtsezko zutabe gisa ulertuko duen kultura-eraldaketa bultzatzea.

Bizkaiak eta Bizkairako eraikitako proiektua da hau, baina anbizio global batekin: beste eskualde batzuk inspiratuko dituen eredu erreplikagarria izatea.

Aldaketa honen parte izatera gonbidatzen zaitugu. Hurrengoan kanpoan jatera ateratzen zarenean, egizu gogoeta zer botere duzun bazkaltiar edo afaltiar lez. Laster, zigilu honi esker, guztiontzako etorkizun hobea kozinatzen dutenei laguntzeko erabili ahal izango duzu botere hori. Bizkaian elikaduraren etorkizuna modu kolektiboan eraikitzen dugu eta.