Etxekooking: elikadura Bizkaian: urtebete etorkizunak kozinatzen BBK Kunatik

2025ean, BBK Kunatik, Bizkaiko gizarte-berrikuntzarako gunetik, elikadura jarri genuen ardatz nagusitzat Bizkaia jasangarriagoa, osasungarriagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko. Ez bakarrik jatea eguneroko ekintza delako, baita elikaduraren inguruan osasuna, klima, bertoko ekonomia, kultura eta identitatea uztartzen direlako ere.

Urtean zehar entzun, probatu, eztabaidatu eta elkarrekin sortu dugu. Herritarren ohiturei begiratu diegu, gazteekin, adinekoekin, sukaldaritzako profesionalekin eta nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileekin lan egin dugu, eta hausnarketa hori proiektu zehatz bihurtu dugu.

Orain, ibilbide partekatu horren zirkulua itxi edo zarratuko dugu, Bizkaiko elikaduraren etorkizunari buruz prozesu honetan bizitakoa eta ikasitakoa ondo laburbiltzen duten hiru piezaren balioa azpimarratuz:

  • Herritarren ahotsa, Etorkizuneko biztanleei buruzko inkestaren bidez.
  • Etxekooking belaunaldien arteko ikus-entzunezko errezeta-liburua.
  • Gazte-manifestua, The Future Game proiektuaren emaitza, biharko elikadurari buruzkoa.

Itxiera baino gehiago, puntu eta jarrai da, elikaduratik Bizkairako etorkizun inspiratzaileak aktibatzen jarraitzeko.

1. Urtebete Bizkaian zelan elikatu gura dugun pentsatzeko

Elikadura ardatz estrategiko gisa BBK Kunan.

Elikadura ez da bakarrik erabaki indibidual bat, ezta gustu-kontu bat ere. Lurraldean ekoizten dugun moduari eragiten dio, sortzen dugun enplegu-motari, pertsonen osasunari eta gure bizi-ereduaren ingurumen-inpaktuari. Horregatik, 2025ean elikadura lan-ardatz estrategiko bihurtu genuen BBK Kunan.

Gizarte-berrikuntzatik, sistema gisa ulertzen dugu elikadura: landan, bertoko merkataritzan, sukalde profesionaletan, etxeetan, eskola-jantokietan edo sare sozialetan gertatzen dena konektatuta dago. Eta guztion —herritarren, enpresen, erakundeen, akademiaren eta lehen sektorearen— artean pentsatzen eta eraldatzen badugu bakarrik egin ahal izango dugu aurrera elikadura-eredu arduratsuago eta erresilienteagorantz.

Hausnarketatik ekintzara

Aurtengo ibilbideak diagnostikoa, entzutea eta esperimentazioa uztartu zituen. Biharko elikadurari buruzko pertzepzioak, nahiak eta beldurrak batu genituen Biharko biztanleak eta The Future Game lako proiektuen bidez. Hortik aurrera, baterako sorkuntza-esperientziak, ideia horiek proposamen ukigarri bihurtzen dituztenak, jarri genituen abian.

Prozesu horren emaitza argienetako bi Etxekooking ikus-entzunezko errezeta-liburua eta Etorkizuneko elikadurari buruzko Gazte-manifestua dira. Biek galdera berari erantzuten diote: Zelan jagon edo zaindu dezakegu gure sukaldaritza-identitatea eta, aldi berean, egokitu egungo eta etorkizuneko erronketara?

2. Inkestak kontatzen diguna: janaria prestatu edo kozinatzeko gogoa, asti gutxi eta ondarea galtzeko beldurra

Sukaldaritza nortasun gisa… eta erronka gisa

Etorkizuneko biztanleen inkestari esker, pultsua hartu ahal izan diogu bizkaitarrek biharko elikadura irudikatzeko duten moduari.

Ondorio argienetako bat sukaldaritzari nortasun edo identitatearen zati gisa ematen zaion garrantzia da: etxean kozinatzea, mahaia partekatzea, betiko errezetak bizirik mantentzea.

Aldi berean, balazta edo galga batzuk agertzen dira: astirik eza, bizitza lasterragoak, errezeta tradizionalak konplexutzat jotzea, sukaldaritzako trebetasunak galtzea eta belaunaldien arteko transmisio txikiagoa. Jende askok antzeko zerbait esaten du: “gehiago kozinatu gura dut, baina ez naiz iristen; amaren edo aitaitaren sukaldaritza mantendu nahi dut, baina ez dakit zelan egin nire eguneroko bizitzan”.

2025ean zehar batu eta landu dugun harietako bat da kozinatzen —baina beste era batera— jarraitzeko gogo hori.

3. Etxekooking: tradizioa eguneratzeko ikus-entzunezko errezeta-liburua

Belaunaldien eta sukaldaritzen arteko topaketa

Kezka horiei erantzuteko, BBK eta BBK Kunatik prozesu zehatz-zehatz bat bultzatu genuen: Bilboko Ostalaritza Eskolan gazteak, adinekoak eta chef-ak elkartzea, Bizkaiko errezeta tradizionalak berrinterpretatzeko.

Emaitza Etxekooking da, belaunaldien arteko tailerretan sortutako ikus-entzunezko errezeta-liburua, non oroitzapenak, trikimailuak, zalantzak eta janaria prestatu edo kozinatzeko modu berriak partekatu diren. Gizarte-berrikuntzak, kasu honetan, errezeta baten inguruan belaunaldi ezberdinak eserarazi eta berba egiten uztea bezain erraza eta indartsua den zerbait behar du.

Betiko 7 errezeta + aprobetxamenduko 2

Topaketa horietan “betiko” 7 errezeta aukeratu ziren, beren balio kultural eta emozionalagatik, eta horiek egungo bizitzara zelan egokitu landu zen: prozesuak sinplifikatuz, denborak egokituz, etxeko tresnak eta teknologiak erabiliz (airfryerra, adibidez), osagai eskuragarrien alternatibak proposatuz eta arreta aprobetxamenduko sukaldaritzan jarriz.

Elikagaiak gutxiago alferrik galtzeko berariaz pentsatutako 2 errezeta ere baditu errezeta-liburuak, guri gogoraraztekoondo kozinatzea planeta jagon edo zaintzea ere badela.

Material hori guztia ikus-entzunezko formatuan aurkeztu da, zelan egin urratsez urrats erakusten duten eta parte hartu zutenen ahotsak jasotzen dituzten bideo argi eta laburrekin. Helburua bikoitza da: etxean kozinatzera jende gehiago animatzea eta tradizioa eta berrikuntza eskutik helduta joan daitezkeela erakustea.

4. The Future Game: biharko elikadurarako Gazte-manifestua

Laborategi gazte bat elikadura-etorkizunak irudikatzeko

Aldi berean, The Future Gamek gazte-laborategi gisa funtzionatu du, elikaduraren etorkizunak pentsatu eta prototipatzeko. Partaidetza-dinamiken bidez, gazte-taldeek honako itaun edo galdera hauek aztertu zituzten: Zer esan gura du etorkizunean ondo jateak? Zer eginkizun izan behar dute teknologiak eta berrikuntzak elikadura-sisteman? Zelan ziurtatzen dugu elikadura eskubidea izatea, eta ez pribilegioa?

Lan kolektibo horretatik sortu zen etorkizuneko elikadurari buruzko Gazte-manifestua, beraien begirada kritikoa eta nahiak biltzen dituen testua.

Komunitatean kozinatzen den etorkizuna

Manifestuak zalantzan jartzen du kontzientzia bako ugaritasunaren ideia, eta lastertasunarena, aurrerabidearen sinonimo gisa. Elikadura kaloriak baino zerbait gehiago bezala ulertzea proposatzen du: loturen, justiziaren eta plazer partekatuaren espazio bat. Lurraren erritmoak errespetatzen dituzten, elikagaien ekoizleak baloratzen dituzten eta teknologia konektatzeko, ez deserrotzeko, erabiltzen duten elikadura-sistemak eskatzen ditu.

Parte hartu duten gazteek azoka edo merkatu biziak, mahai partekatuak, eta bertoko nortasuna eta erantzukizun globala uztartzen dituen gastronomia amesten dute. Beraien mezua argia da: elikaduraren etorkizuna ez dago idatzita, guztion artean kozinatuko da.

5. Zirkulua zarratu edo ixtea: ikaskuntzak eta hurrengo urratsak

2025ekoibilbideak funtsezko hainbat ikaskuntza utzi dizkigu:

  • Bizkaitarrek janaria prestatzen edo kozinatzen jarraitu nahi dute, eta sukaldaritza beren nortasunaren zati gisa onartzen dute, baina egungo erritmoetara egokitutako tresnak eta formatuak behar dituzte.
  • Belaunaldien arteko lotura gizarte-berrikuntzako iturri ahaltsua da: hortik sortzen dira sukaldaritza-ondarea bizirik mantentzeko modu berriak.
  • Gazteek ez dute soilik etorkizuna kontsumitzen, diseinatu ere egiten dute. Elikadurari buruz duten begirada zorrotza da jasangarritasunarekin, justizia sozialarekin eta elkarren zaintzarekin.

Aurtengo zirkulua itxi edo zarratzeak ahots horiek jasotzea, sortutako materialak partekatzea —Etxekooking ikus-entzunezko errezeta-liburua, Gazte-manifestua eta prozesuaren laburpen-aldizkaria— eta lan-fase berri bat irekitzea esan gura du.

BBK Kunatik elikadura, lurraldea eta gizarte-berrikuntza lotuko dituzten proiektuak bultzatzen jarraituko dugu. Gonbidapena zabalik dago: janaria prestatu edo kozinatu, eztabaidatu, asmatu eta Bizkaia pertsona guztientzako leku jasangarriago, osasungarriago eta inspiratzaileago bihurtuko duen elikadura-eredu bat sortzen parte hartzea.