BBK-k BBK Kuna Ireki Du, Etorkizun Hobe Baten Alde Lan Egiteko Gizarte-Berrikuntzako Zentro Aitzindaria
BBK KUNA, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) etxea, inauguratu du BBK-k. Helburu horiek Nazio Batuen Erakundeak (NBE) adostu zituen 2015ean 2030 Agendaren esparruan, eta helburua pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta munduko pertsona guztiek, bereizketarik egin barik, bakea eta oparotasuna izatea da.
GJHen etxea gune berri bat da, non, NBEk ezarritako helburuei jarraituz, enpresekin, unibertsitateekin, pertsonekin eta erakundeekin lan egingo den gizarte gisa aurkezten zaizkigun erronkei erantzuteko, hala nola langabezia, genero-berdintasuna, industrien garapena, iraunkortasun edo jasangarritasuna, …
Inaugurazioa gaur goizean izan da, eta bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Xabier Sagredo BBK-ko presidentea, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria eta Eider Inunciaga BBK Kunako zuzendaria.
BBK Kuna, GJHen Etxea, bost solairuko eraikina da Bilbo Zaharraren bihotzean. Bertan, BBK-k proiektu berritzaileak sustatuko ditu irtenbideak emateko klima-aldaketari, iraultza teknologikoari, hirien eraldaketari edo migrazioari. Azken batean, inor atzean utzi barik, gizarte gisa hazten jarraitu ahal izateko gainditu beharreko erronkak.
GJHen Etxea zentro aitzindaria da nazioartean, gizarte-eraldaketari aplikatutako ikerketarekin, auzoaren parte-hartzearekin eta gizarteko eragile guztien ─hau da, herritar, unibertsitate eta ikerketa-zentro, administrazio publiko eta enpresa pribatuaren─ elkarlanarekin. Hori bereziki beharrezkoa izango da bizitzen ari garen ziurgabetasun-une hauen ostean, agerian uzten baitute tresna egokiak izan behar ditugula etor daitezkeen krisi berriak detektatzeko eta etorkizuneko agertokiak eraikitzeko.
Gizartearen parte-hartzea BBK Kunaren oinarrietako bat da. Bertan, proiektuak elkarlanean garatuko dira, gizarteko eragile guztiekin batera, hainbat sozializazio-planen bidez.
BBK Kunak Aholku Kontseilu bat du, auzoko pertsonek osatua.
Erakunde, instituzio, enpresa, hirugarren sektoreko erakunde eta azterketa-zentroekin ere aliantza estrategiko garrantzitsua du. Gainera, BBK Kunak bere azterketa-saila du, BBK Institutua.