BBK Kuna “2021eko 100 ideia onenen” artean hautatu dute

BBK Kuna “2021eko 100 Ideia Onenen” artean hautatu du Espainiako estatuan El Mundo egunkariarekin banatzen den Actualidad Económica asteroko gehigarriak. Inguruan aberastasuna eta ezagutza sortzeko orduan beren berrikuntza eta originaltasunagatik nabarmentzen diren enpresa eta erakundeen balioa azpimarratzen du sari edo errekonozimendu honek.  

BBK-k “Jasangarritasuna eta GJHei lotutako proiektuak” kategorian lortu du sari hau aurtengo edizioan bere BBK Kuna, GJHen Etxea, proiektuagatik.

Sari edo aitorpen horrek bultzada ematen dio Bizkaia oparo, kohesionatu eta iraunkorra lortzeko egunez egun lanean ari den proiektuari. BBK Kunak gizarteko eragile guztiak ─herritarrak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak, administrazio publikoa eta enpresa pribatua─ hartzen ditu kontuan lehiakortasun iraunkorra lortzeko.

BBK Kuna, GJHen etxea, bokazio eraldatzailearekin sortu zen, 2030 Agendan inpaktua lortzeko eta, benetako ekintzen bidez, Bizkaiaren eta bertako biztanleen etorkizuna hobetzeko. Bizkaian sustraitutako ametsa, baina aliantzak eta sareak ehuntzeko bokazioa duena, gure mugetatik haratago gizarte-aldaketa sustatzeko. Euskadira eta mundura irekitako proiektua.