Bego Elexperen “Auzo baten erretratuak” erakusketa ikusgai izango da BBK KUNAn

Auzo baten erretratuak San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan bizi, lan egin eta gozatzen dugun pertsonongana hurbiltzeko modu bat da. Gure inguruko gizarte- eta merkataritza-errealitatea islatzea helburu duen kanpaina. Gure auzoetan erretratatzera eta erostera gonbidatzen duena.

Horrela, 55 erretratu horiek auzora hurbiltzen gaituzten leihoak dira, auzoa ezagutzeko eta baloratzeko aukera ematen digute; giza klabean lortutako edukiarekin, bertako jendearentzako eta dagozkien establezimenduentzako omenaldi bat baino ez da. Bi elkarteen lankidetzarekin 2020an sortutako proiektua da, eta 2022 honetan BBKren laguntzari esker berreskuratua, proposamenari berrekin zaiolarik edukia zabalduz, protagonista eta erretratu berriekin.

Erakusketa berezi hau Begoña Elexpek, Erandioko argazkilari eta artista gazteak, sortu du, nahiz eta ez den beti argazkilaritzaren munduari lotuta egon. Marrazkigintzan izandako hastapenek, konturatu barik, argazkigintzan sartzera bultzatu zuten, non urteak daramatzan sormena garatzen.

San Frantziskon duen estudioan, bertan bizi eta lan egiten baitu, Elkarteen laguntzarekin, gure auzoen eta horietako jendearen aurkezpen-gutun bat sortzea erabaki zuen, eta gure inguruneari benetan bizia ematen diotenei aurpegia jartzea lortu zuen. Izan ere, Merkatarien Elkartean esaten duten legez, “Merkataritza eta Ostalaritza bizia dira zuretzat, bizia gure auzoentzat”.

Proiektua hobetzen jarraitzeko asmoz, eta erakusketa proiektuaren ardatz gisa hartuta, ekainean zehar luzatuko den jarduera-programa zabal bat egitea erabaki dute antolatzaileek, erakusketa osatze aldera Bilbon historia eta zapore handiena duten auzoak ezagutzeko eta beraien balioa azpimarratzeko kanpaina baten bidez.

Beraz, erakusketarekin batera programak, bisita antzeztuak eta udako hilabete hau bizitasunez beteko duten jardunaldiak diseinatu dira. Ingurua lantzeko bestelako eta hurbileko modu bat da, herritarrak erakartzeko helburua duena,  beraien interesekoak izango diren proposamen berritzaile, gertuko eta desberdinekin inguruneaz dugun ezagutza hobetzeko asmoz.

Horrela, 4 bisita antzeztu antolatu dira gure ingurunean ekainaren 2, 11, 16 eta 25ean egiteko; BBK Kunatik abiatuko dira 18:30ean ostegunetan eta 11:45ean larunbatetan.

Zelanbaiteko ibilaldi antzeztuak izango dira Nati Ortiz de Zarate artista eta jostun ezagunaren eskutik, Eulalia Abaitua argazkilari eta Bilboko historiako figurarik ezagunenetako baten gisan karakterizatuta; interesa duenarekin erakusketan eta auzoetako leku batzuetan zehar ibiliko da, erakusketako protagonistetako batzuk ─hau da, gure inguruko dendak, establezimenduak, tabernak eta haien arduradunak─ ezagutu eta bisitatzen dituzten bitartean.

Beraz, bertara joan gura duenak izena eman beharko du ikustaldietarako, BilbaoHistoriko elkartearekin eta/edo San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako merkatari eta enpresen elkartearekin harremanetan jarrita, helbide elektronikoz (bhk@bilbaohistoriko.org edo asociacion@sanfranbilbizabala.eus) edo telefonoz (94 679 33 79).

Horrekin batera, merkataritza eta irudia protagonista izango diren jardunaldi edo solasaldiak ere antolatuko dira. Zuzeneko programa moduko bat izango da, non pertsona ospetsuek, enpresariek eta artistek auzoez berba egingo diguten: horien historiaz eta bilakaeraz, bizipenez eta esperientziaz eta auzoen hobekuntzarako eta arrakastarako irudia zaintzeak eta lantzeak oro har duen garrantziaz.

Proiektu honen guztionen helburua da gure auzoen eta ingurunearen arteko bizikidetza bultzatu, biziberritu eta sustatzea, eremu hau berrikuntza, gizarte eta kulturaren esparruan, baita merkataritza eta ostalaritzarenean ere, balioa duen eszenatoki gisa aurkeztuz, eta gune dinamiko eta distiratsu lez erakutsiz, merezi baitu bertan murgiltzea eta ezagutzea. Itsasadarraren beste aldeko eskaintza ederki osatzen duen gune bat da, proposamen berritzaile, original eta ezberdinekin. Gune arimadunak dira, eta lan edo behar honekin aurpegia jarri eta balioa ematen zaie.