
Zelan bultzatu gastronomia jasangarria
Gastronomia jasangarria joera bat baino askoz gehiago da; premiazko beharrizana da klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera eta elikadura-krisia bezalako erronkei aurre egiten dien mundu batean.
Bizkaian, sukaldaritza-tradizio aberatsa eta ingurunearekin lotura sakona duen lurraldean, gastronomia jasangarria bultzatzea aukera paregabea da gure ondarea babesteko, bertoko ekoizleei laguntzeko eta etorkizun arduratsuagoa eraikitzeko.
Zer da gastronomia jasangarria?
Gastronomia jasangarriak elikagaien ekoizpenak, banaketak eta kontsumoak ingurumenean eta gizartean duten eragina minimizatzea du helburu. Bertoko eta sasoiko osagaien erabilera, hondakinen murrizketa, animalien ongizatearekiko begirunea eta sektoreko ekoizle eta beharginentzako jardunbide bidezkoak sartzea sustatzen ditu ikuspegi horrek.
Gastronomia jasangarriaren onurak
Gastronomian praktika edo jardunbide jasangarriak hartzeak eragin positiboak ditu, bai maila lokalean eta bai globalean:
- Bertoko ekonomiari laguntzea: hurbileko produktuak erosteak nekazari, abeltzain eta arrantzale txikiak indartzen ditu, eta eskualdearen garapen ekonomikoari laguntzen dio.
- Ingurumen-aztarna murriztea: sasoiko elikagaiak aukeratzean eta garraioa minimizatzean, berotegi-efektuko gasen emisioa murrizten da.
- Dieta osasungarria sustatzea: elikagai freskoak eta tokian tokikoak elikagarriagoak izaten dira eta elikadura orekatua errazten dute.
- Biodibertsitatearen kontserbazioa: barietate autoktonoen eta errespetuzko laborantza-metodoen alde egiteak ekosistemak babesten ditu.
Gastronomia jasangarria bultzatzeko estrategiak
Kontsumitzaileek zein gastronomia-sektoreko eragileek jasangarritasuna sustatzeko neurriak har ditzakete:
Jatetxe eta negozioen aldetik:
- Sasoiko menuak egitea: bertoko eta sasoiko osagaiak dituzten platerak diseinatzeak ingurumen-inpaktua murrizten du eta eskualdeko benetako zaporeak nabarmentzen ditu.
- Elikagai gutxiago alferrik galtzea: osagaiak hobeto aprobetxatzeko sistemak ezartzea, hala nola soberakinez egindako errezeta sortzaileak, eta elikagaien bankuekin lankidetzan aritzea.
- Ontzi jasangarrien alde egitea: erabilera bakarreko plastikoen ordez material birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiltzea.
- Beharginak prestatzea: taldeak jasangarritasunaren garrantziaz sentsibilizatzea, negozioaren barruan eta kanpoan aldaketa-eragile izan daitezen.
Kontsumitzaileen aldetik:
- Bertoko produktuak aukeratzea: tokian tokiko merkatuetan eta kooperatibetan erosteak ekonomia zirkularra sustatu eta karbono-aztarna murrizten du.
- Haragi-kontsumoa murriztea: landareetan oinarritutako aukera gehiago sartzeak abelazkuntza intentsiboari lotutako ingurumen-inpaktua murriztu dezake.
- Elikagaiak alferrik galtzeaz jabetzea: erosketak planifikatzeak eta elikagaiak hobeto aprobetxatzeak etxeetan hondakinak murrizten laguntzen du.
- Ekimen jasangarriak babestea: jardunbide arduratsuak sustatzen dituzten jatetxeak eta negozioak aukeratzea.
Etorkizun zaporetsuagoa eta arduratsuagoa eraikitzea
Jaten dugunaren eta sortzen dugun eragin edo inpaktuaren arteko harremanari buruz hausnartzeko gonbita da gastronomia jasangarria. Bizkaian, aldaketa gidatzeko aukera paregabea dugu, janari onarekiko dugun grina ingurumenarekiko eta justizia sozialarekiko konpromisoarekin konbinatuz.
Praktika edo jardunbide horiek hartzeak gure inguruneari mesede egiteaz gain, gure identitate edo nortasuna ere indartzen du, bertokoa baloratzen duen eta etorkizun jasangarriagoaren alde egiten duen lurralde gisa.
Aldaketa plater bakoitzean hasten da!