Eguneroko bizitzan plastikoen kontsumoa murrizteko aholkuak

Plastikoa nonahiko material bihurtu da gure bizitzetan. Janari-ontzietan, arropetan, jostailuetan, tresna edo lanabesetan… plastikoa nonahi dago. Hala ere, bere neurrigabeko erabilerak ingurumen-inpaktu larria eragiten du, ozeanoak, ibaiak eta lurzorua kutsatu eta ekosistemen eta pertsonen osasuna arriskuan jartzen baitu.

Testuinguru horretan, gure plastiko-kontsumoa murrizteko premia larria sortzen da. Asmo handiko helburua bada ere, gure egunerokotasunean ekintza erraz asko egin ditzakegu aldaketa horretan laguntzeko, plastikoen kontsumoa murrizteko eta, horrela, baita planetan uzten dugun aztarna ere.

10 aholku plastiko-kontsumoa murrizteko

1. Ontziratu gabe, solte erosi

Aukeratu produktu freskoak erostea, hala nola frutak, ortuari edo barazkiak eta lekaleak ontziratu barik, solte, eta ez banakako plastikozko ontzietan. Erosketak egiteko eroan zeure oihalezko poltsak edo ontzi berrerabilgarriak, plastikozko poltsak erabiltzea saihesteko.

2. Aukeratu gutxi paketatutako produktuak

Begiratu zenbat plastiko erabiltzen den erosten dituzun produktuak paketatzeko. Lehenetsi material gutxiago dutenak edo material birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiltzen dituztenak.

Haragia, arraina, fruta… eros itzazu ontziratu barik, solte, aldez aurretik ontziratutako paketeetan erosi beharrean.

3. Baztertu erabili eta botatzeko lastotxoak eta mahai-tresnak

Eraman ezazu zeurekin metalezko edo banbuzko lastotxo berrerabilgarri bat, eta erabili zeure mahai-tresnak etxetik kanpo jaten duzunean.

4. Esan ezetz plastikozko botilei

Erosi ur-botila berrerabilgarria, eta bete txorrotako edo iragazki batetik pasatako urez. Gaur egun, modelo ugari daude merkatuan eta diseinu politak dituzte.

5. Erabili oihalezko poltsak erosketak egiteko

Ahaztu plastikozko poltsak eta, erosketak egiteko, eroan zeurekin berrerabil daitezkeen oihalezko poltsak.

6. Saihestu mikroplastikoak dituzten higiene pertsonaleko produktuak

Higiene pertsonaleko produktu batzuek, hala nola aurpegiko esfoliatzaileek eta hortzetako pastek, uretan amaitzen diren mikroplastikoak dituzte. Bilatu ordezko aukerak, horrelako mikroplastikorik gabeak.

7. Berrerabili eta birziklatu

Emaiezu bigarren bizitza ezinbestean erabili behar dituzun plastikozko ontziei. Garbitu eta berrerabili elikagaiak gordetzeko edo beste helburu batzuetarako.
Gogoratu bota behar dituzun ontziak behar bezala birziklatu behar dituzula.

8. Lagundu enpresa konprometituei

Bilatu eta lagundu plastiko-aztarna murrizteko lan edo beharrean diharduten eta beren produktuei alternatiba iraunkorrak eskaintzen dizkieten enpresei. Zure kontsumoak ere laguntzen dio haien biziraupenari eta beren xedearekin jarraitu ahal izateko asmoari.

9. Parte hartu garbiketa-ekimenetan

Bat egizu hondartzak, ibaiak, parkeak… garbitzeko ekimenekin, plastikozko zaborra ingurumenetik kentzeko. Bizkaian horrelako ekintzekin lotutako hainbat ekimen daude, eta aldizka deialdiak egiten dituzte. Animatuko zara parte hartzera?

10. Zabaldu mezua

Partekatu aholku hauek zure senide, lagun eta lankideekin plastikoaren arazoari buruzko kontzientzia sortu eta neurriak hartzera animatzeko.

Erabili estrategikoki zure sare sozialak guztion onerako kanpaina egiteko ere.

Gure plastiko-kontsumoa murriztea erronka bat da, baina posible da gure egunerokoan ekintza txikiak gauzatzeko konpromisoa hartzen badugu denok. Elkarrekin, etorkizun jasangarriagoa sor dezakegu, non plastikoa ez den gure planetarentzat mehatxu bat izango.

Gogoratu

  • Ekintza bakoitzak balio du, baita txikienek ere.
  • Murriztu, berrerabili eta birziklatu zure plastiko-aztarna minimizatzeko.
  • Lagundu iraunkortasun edo jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa eta erakundeei.

Zabaldu mezua eta animatu beste pertsona batzuk ere ekintzara pasatzeko