GAITASUN BERA DUTE
Buru-gaixotasuna duten pertsonak lan-munduan normaltasunez sartzeko lanean ari da Eragintza Fundazioa
2030 Agenda osatzen duten 17 GJHetatik bat baino gehiago dira desgaitasunen bat duten edo bestelako gaitasunak dituzten pertsonen aipamen espezifikoak dituztenak. Desgaitasunen bat dutenak integratzea eta eskubideen erabateko berdintasuna lortzea da gure erronketako bat, eta aurre egin behar diogu horri zeharkako eran. Pertsona guztientzat, eskubide guztiak eta aukera berberak. Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunaren erronka bereziki nabarmena da lan-munduan.
“Asko gozatzen dut neure lanaz, eta lankideekiko giroaz”, dio Sergio Burgueñok, bilbotar honek 3D diseinua eta inprimaketa maite ditu, gaixotasun mentala du, eta 6 hilabete dira Owasys enpresako lantaldean sartu zela.
“Aniztasuna beti da ekarpen bat” azaldu du Javier Gurtubayk, OWASYS enpresako CEOak. Enpresa horretan 20 pertsonak egiten dute lan, eta duela 6 hilabete desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeko erabakia hartu zuten. “Egokia iruditzen zitzaigun, lantaldean egotea ona baita gizartearentzat, eta lana ondo baino hobeto egin dezakete”, azaldu du. “Aniztasuna beti da ekarpen bat. Enpresan lan egiten dugun guztiok enpresa irekiago gisa ikusten dugu geure burua” azpimarratu du eta, aldi berean, esan du taldean bestelako gaitasunak dituzten pertsona gehiago sartzen jarraitu gura duela.
Eragintza Fundazioaren laguntza izan du Owasysek hautaketa- eta kontratazio-prozesu osoan; irabazi asmo bako erakundea da Fundazioa, eta gaixotasun mentala duten pertsonak gizartean eta lan-munduan sartzea du helburu, eta horrek zuzenean eragiten du Garapen Jasangarrirako 8. Helburuan: Lan txukuna eta hazkunde ekonomikoa.
Sergio Burgueño 3D inprimaketaren munduaz interesatzen hasi zen, BECera egindako bisita batean horrelako lanak ezagutu zituenean: “Ikasten hasi nintzen… eta hasieran zaila izan zen, baina ohitura hartu nuen eta azkenerako oso nota onak atera nituen. Imajinatzen duzun guztia diseinatu eta inprimatu dezaket 3 D-tan, baita koloretan ere”, azaldu du.
Owasysen egiten duen lanaz gain, etxean ere bere produktuak diseinatu eta egiten ditu.
“Balantzea zoragarria da. Bere jarrera eta gaitasuna oso onak dira, eta ezin hobeto integratu da” kontatu du, eta aldi berean adierazi du “bere lanaz haratago ere egiten duela ekarpena”.
Sergioren eta Owasys enpresaren kasua integrazioaren adibide ona da, eta aurrera egiten jarraitzeko erreferente horretan begiratu beharko lukete beste enpresa batzuek.
Desgaitasunari eta lan-merkatuari buruzko Behatokiaren datuen arabera, Euskadin 16 eta 64 urte bitarteko 80.000 desgaitutik gora zeuden 2017an. Pertsona horiek lan-munduan sartzea eta beren bizitza-proiektua aukera-berdintasunez garatzeko aukera izatea gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka bat da.