Hego Korean ere BBK Kuna ezagutzen dute.

Joan den urrian, Eugenie Park kazetari korearra Europa osoan zehar ibili zen Europako gizarte-berrikuntzako sistemak bisitatzen eta ezagutzen, besteak beste, BBK Kuna.

BBK kuna, GJHen Etxea bisitatu eta gure taldearekin elkarrizketa sakona egin ondoren, Eroun aldizkarian argitaratutako artikulu guztiekin partekatu dezakegu.

Koreeraz dakiten pertsonentzat artikulurako esteka hemen utziko diegu. Oraindik ikasten ari garenontzat, berriz, laburpen txiki bat uzten dizuegu jarraian.

매우 감사합니다

BBK Kuna, Bilboren berrikuntzarako eragin ona

Bilbo Euskal Herriko hiririk handiena da Espainiako iparraldean. Hiri-berrikuntza eta hiri-berroneratze kasuak bilatzen dituen edonork gutxienez behin bisitatu behar duen lekua da. Bilbok, XV. mendetik aurrera industria-hiri eta portu-hiri gisa hazi zenak, gero gainbehera handiko historia izan zuen. 1970eko hamarkadan, altzairuaren eta ontzigintzaren industrien gunea Asiara lekualdatu zen, eta Bilbo gelditzen hasi zen. Gauzak okertzeko, Bilbori ‘Hildakoen Hiria’ ere deitu zioten, euskal separatisten eraso terroristak jasan baitzituen, baita uholde handi bat ere.

Guggenheim Museoak zerikusi handia du hondoratzen ari zen Bilbo suspertzearekin. Euskal Herriko pertsona dirudunen eta politikarien lankidetzaren ondorioz, hiriak museoa erakartzea lortu zuen 1997an, eta Bilboren ikur bihurtu da. Aurrekaririk gabeko turismoaren etorrerarekin, Nerbioi ibaiaren inguruan arte-museoaren ondoan dauden kaleak biziberritu egin ziren, garraioa garatu zen eta langabezia-tasa pixkanaka jaitsi egin zen. Kasu honek ‘Bilbo efektua’ terminoa ere sortu zuen, eta kultura-ekipamendu sinbolikoen bidez eskualde bat aurrera ateratzea adierazten du. Gaur egun, Espainiako hiririk aberatsenetakoa da Bilbo, finantza-independentzia handiarekin.

Baina Bilbo hain urrun Guggenheim Museoarekin bakarrik iritsi dela uste baduzu, oker zaude. Kultura-industria erakartzea hasiera baino ez zen izan. Horretan oinarrituta, Bilbo bere barne-egonkortasuna sendotzen ahalegindu zen. Garraio publikoa, metroa eta tranbia kasu, garatu zen, eta oinezkoentzako bideak gehiago zabaldu ziren. Kutsatutako ibaiak lehengoratu egin dira uraren kalitatea hobetuz, eta ‘Bilbao Metropoli 30’ EAEko lankidetza publiko-pribatuko aditu-taldea eta ‘Bilbao Ría 2000’ eskualde-garapeneko erakunde publikoa eten barik aritu dira lanean hiri bizigarri bat sortzeko.

Historia horrengatik izango ote da? Badirudi gizarte bizigarri bat sortzeko proaktibitatea DNA gisa inprimatuta dagoela eskualde honetako jendearengan. Bilboko Gizarte Berrikuntzako Zentroa, BBK Kuna, BBK Fundazioak sortua, adibide bat da. Erreportariak joan den urrian bisitatu zuen gunea, bertan bizi den bati entzun ostean; izan ere, pertsona hori iaz jarri zen bertan bizitzen, eta gizarte-berrikuntzako hainbat programa ari da gauzatzen eskualde-garapenerako.

Ehun urte baino gehiagoko laguntza-zentro izatetik gizarte-berrikuntzako gune izatera

BBK Kuna hiriaren alde zaharreko bidean dago, Guggenheim Museotik 2,3 km-ra. Lau solairuko eta laranja koloreko eraikin modernistaren kanpoaldean erdian, bi ume zaintzen dituen zaindari edo jagole baten estatua dago. Iraganean eraikina zertarako erabili zen kontatzen duen eskultura da.

BBK Kunaren izen zaharra ‘Casa Cuna’ da. Euskarara ekarrita, ‘sehaska-etxea’ esan gura du. Izen horren jatorria 1914koa da. XIX. mendearen amaieran, Espainiako Gerra Zibilaren ostean Bilbo erabateko aldaketak izaten ari zenean, hiritik gertu dauden meatzeen garapenean goraldia izan zen, eta etorkin asko lan bila etorri ziren industriak garatu ahala. Familia elikatzeko bi gurasoek lan egin behar zuten bikoteak ziren gehienak.

Casa Kuna (Sehaska Etxea) arreta publikoko zentro bat izan zen, gurasoek lan egiten zuten bitartean seme-alabak uzteko leku bat behar zuten familientzat sortua. Ricardo Bastida euskal arkitektoak diseinatu eta eraiki zuen, Bilboko Udal Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen laguntzarekin, egungo BBK Fundazioaren aitzinekoa garai hartan. Gaur egun, BBK Fundazioa Kutxabanken, Euskal Herriko bankuan, akziodun nagusia da (% 57ko partaidetzarekin) eta ondorengo gaiekin lotutako gizarte-proiektuak gauzatzeko erabiltzen ditu dibidenduak: 1) inklusioa, berdintasuna eta parte-hartzea; 2) kultura; 3) ekintzailetza eta hezkuntza; 4) ingurumena.

Beraz, Casa Kuna XX. mendearen hasieratik ‘lanaren eta bizitzaren arteko oreka’ lortzen lagundu duen gune berritzaile bat dela esan daiteke. Ezarri zenetik, umeak zaintzeko base bat izan da, eta 100 urtez egon da aktibo eskualdean. Eider Inunciaga BBK Kunako zuzendariaren arabera, eta berak azaldu zion eraikinaren historia erreportariari, Kuna Etxeak osasun-arretarekin, ongizatearekin eta zaintzarekin lotutako eginkizuna bete izan du.

Arreta-zentro izandakoa duela gutxi bihurtu da gizarte-berrikuntzako zentro. 2016an, Casa Kunak bere lana burutu zuela erabaki zuen BBK Fundazioak, eta ateak itxi zituen. Denborak aurrera egin ahala, gehitu egin da umeak jagon edo zaintzeko zentroen kopurua, eta, beraz, beste rol edo eginkizun bat topatzea da helburua. BBK Fundazioak eraikina aprobetxatzeko ideia-lehiaketa egin zuen eta 35 proposamen inguru jaso ziren. Jasotako proposamenen artean, tokiko gizarte-berrikuntza aktibatzeko egungo eredua aukeratu zen, eta 2021ean berriro ireki zituen ateak.

Garapen Jasangarrirako Helburuetarako gune bat, guztiei irekia

BBK Kunaren azpititulua ‘Garapen Jasangarrirako Helburuen Etxea’ da. Hori monitore handiaren lehen pantailan dago idatzita, eraikinera sartu bezain laster. Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuek 2015ean onartutako helburuak dira, munduko pobreziarekin amaitzeko, planeta babesteko eta 2030erako pertsona guztientzako bakea eta oparotasuna bermatzeko. Garapen Jasangarrirako Helburu (GJH) indibidualak dituzten irudi eta azalpenek hartzen dituzte bisitariak BBK Kunaren solairu bakoitzean. “Komunitate eta mundu hobea eraikitzeko gure konpromisoaren zati gisa, Nazio Batuen 2030erako Helburuetarantz lan egitea erabaki du BBK Fundazioak, garapen jasangarrian ardaztuta” azaldu du Inunciagak. Hainbat alorretako 20 adituk osatutako think tank-a den BBK Kuna Institutuaren laguntza du.

Lehen solairua, sotoa, erakusketa txikietarako gunea da, eta erakusketetarako ez ezik, aurkezpenetarako eta bileretarako ere erabil daiteke. Erreportaria joan zenean, tokiko haurren lanen erakusketa bat prestatzen ari ziren. Duela gutxi, moda jasangarriaren erakusketa bat ere egin zen. Lehenengo solairuan kafetegia jarri zen, auzokoak eroso sartu eta irten ahal izateko, eta hainbat panel eta egitura eraiki ziren gune edo espazioaren esangura azaltzeko. Bigarren solairua bulego partekatu bat da, BBK Kunaren hainbat lankidetza-proiektutan parte hartzen duten partzuergoek erabil dezaketena; eta hirugarren solairua hitzaldi-gunea da, non BBK Kunak emandako hezkuntza-programak entzun daitezkeen. Laugarren solairuan, ekitaldi berezietarako agertokia eta praktika-gunea daude.

Inunciaga zuzendariak nabarmendu duenez, “BBK Kunan gertatzen den guztia Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotuta dago”. Horretarako, gizarte-arazoei erantzuna ematen dieten proiektuak planifikatzen eta gauzatzen dituela azaldu zuen, hainbat eremutako eragileekin (enpresa, unibertsitate, auzokide eta erakundeekin) buruak antolatuz. Eten barik lan egiten du herritarren partaidetzarako eredu bat sortzeko. Ahalegin horien ondorioz, Bertokoen Aholku Batzordea (Auzoko Aholku Kontseilua) sortu zen.

“Gutunak bidali genituen auzoko etxe guztietara. Guztira 11.000 pertsonak eskatu zuten beren burua batzordeko kide izateko hautagai gisa proposatzea. Ondorioz, 100 pertsona inguruk erantzun zuten parte hartu gura zutela, eta 21 pertsona aukeratu genituen zozketa bidez. Batzorde hori hainbat pertsonaz osatuta dago, tartean psikiatra bat eta 65 urteko etxekoandre bat daude, eta proiektua bultzatzeko prozesuan BBK Kunaren laguntzaile-eginkizuna hartu zuen, eta orain, batzordearen urtebeteko agintaldia amaitu ostean, hurrengo urtean berriz ere lidergoa izango du beste batzorde batekin”.

BBK Kunak 2021eko irailean ireki zituen ateak, eta aurten lehen urteurrena ospatu du, baina bere jarduerak ez dira eraikinera mugatzen. Dagoeneko hainbat kanpaina gidatu ditu eskualde osoan. Iaz, Ruben Orozco eskultore hiperrealistarekin lankidetzan, Guggenheim Museoaren ondoan Nerbioi ibaian neskato baten eskultura jarri zuen, bere aurpegia ozta-ozta irteten delarik ur gainera. Obra horrek, ikus daitekeen bere zatia ibaiaren mailaren arabera aldatzen delarik, mezu bat adierazten du, krisi klimatikoari erantzuteko beharrizana azpimarratzen duena. Aurten, berriz, eskultura handi bat jarri zen Arriaga antzokiaren aurrean, ingurumena babesteko banakako jardueren beharra argitzeko, hala nola kontsumoa, birziklapena eta garraio publikoaren erabilera.

BBK Kuna beharrean ari da Bilbo osoan, Garapen Jasangarrirako Helburuak pertsona guztiei jakinarazteko eta betetzeko, adina edo generoa edozein dela ere. Eta Casa Kunaren egunetatik 100 urte baino gehiagoan izan den eragin onarekin jarraitzeko asmo osoa dugu.