Helburu batekin digitalizatzea: zelan sortzen dituen BBK Kunak ekimen inklusiboak Bizkaiarentzat

Digitalizazioak etengabe egiten du aurrera, baina ez da neutroa. Edo helburu inklusibo batekin diseinatzen da, edo gizarte- eta lurralde-oztopo berriak sortzeko arriskua du. BBK Kunan, Bizkaiko gizarte-berrikuntzaren etxean, argi dugu gure hautua: teknologia ez da helburua, baizik eta gure misio edo eginkizuna Bizkaia bidezkoago eta kohesionatuagorako etorkizuninspiratzaileak aktibatzea gauzatzeko bitarteko indartsu bat.

Digitalizazioaren potentziala aprobetxatzen dugu, ez gailuak konektatzeko, baizik eta pertsonak konektatu, desberdintasunak murriztu eta guztientzako aukerak sortzeko. Artikulu honetan erakutsiko dizugu filosofia hori zelan gauzatzen den lankidetzazko eredu baten eta benetako eragina duten proiektuen bidez.

Digitalizazioaren aurpegi bikoitza: aukera ala muga berria?

Eraldaketa digitala, zalantza barik, gure garaiko aldaketa-indar handienetako bat da, baina eragin duala du. Gizarte-ikuspegi argiarekin kudeatzen ez bada, konpondu gura dituen desberdintasunak areagotu egin ditzake.

Aukera edo abagune-mundu baten promesa

Alde batetik, teknologiak muga geografiko eta sozialak eraisteko aukera ematen digu. Kalitatezko prestakuntzarako, enplegu-eredu berrietarako eta funtsezko zerbitzuetarako sarbidea zabaltzen du gure lurraldeko edozein lekutatik. Ondo erabilita, demokratizatzeko palanka bat da, gizarte-kohesioa bultzatu, herritarrak konektatu eta erronka globalen aurrean Bizkaiaren erresilientzia indartzeko gai dena.

Benetako arriskua: desberdintasun berriak sortzea

Bestalde, gailuetarako sarbiderik ezak edo, are garrantzitsuagoa dena, gaitasun digitalik ez izateak bazterketa-modu berri eta sakon bat sortzen du. Eten digital horrek ez die guztiei berdin eragiten: indar handiagoz eragiten die adinekoei, zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboei edo konektibitate txikiagoa duten eremuetako biztanleei. Errealitate hori alde batera lagatzeak esan gura du teknologia zubi bihurtu beharrean horma bihurtzea.

Bizkaian helburu gizatiarra duen digitalizaziorantz

Teknologia benetako kohesio-indar bat izan dadin, pertsonak erdigunean jarri behar ditugu. BBK Kunan, berrikuntzak helburu argi bat ‒gure lurraldean bizitza benetan hobetzea‒ izan behar duela defendatzen dugu.

Sarbideaz haratago: gaitasun digitalen garrantzia

Benetako inklusio digitala ez da gailuekin eta Internetekin bakarrik lortzen. Funtsezkoa da gaitasunak eta konfiantza garatzea teknologia modu seguru, kritiko eta onuragarrian erabiltzeko. Gure helburua herritarrak ahalduntzea da, eduki digitala kontsumitzeko ez ezik, ingurune digitala sortzeko, parte hartzeko eta aurrera egiteko beharrezkoak diren trebetasunez hornituz.

Teknologia tresna gisa, ez bere horretan helburu gisa.

Gure berrikuntza-eredua, helburu bat duena, Bizkaiko erronka sozialetatik abiatzen da beti. Benetako arazoak (adibidez, nahi gabeko edo gura bako bakardadea, gazteen enplegagarritasuna, jasangarritasuna…) aztertzen ditugu, eta ondoren bakarrik aztertzen dugu zelan izan daitekeen digitalizazioa konponbideak diseinatzeko tresna bat. Arazoak eskura dagoen teknologiara egokitzearen kontrako ikuspegia da; kontua da nahi dugun etorkizuna eraikitzeko erabiltzea teknologia.

BBK Kuna ekintzan: Bizkaia batzeko teknologia erabiltzen duten ekimenak

Filosofia hori ez da teorikoa, baizik eta ekimen errepikakor eta eraldatzaileetan gauzatzen da, gizarteko hainbat eragile aktibatzeko eta arimadun teknologiaren potentziala erakusteko diseinatuak.

The Future Game eta Googaz: talentu gaztea aktibatzen

Gazteak beren hizkuntzak erabiliz aktibatzen ditugu. The Future Gamerekin,beraiek etorkizunaz duten ikuspegia ulertzeko ikerketa-tresna berritzaile gisa erabiltzen dugu gamifikazioa. Googazekin, urrats bat harago goaz, eta zenbait jardueraren (adibidez, urteroko hackathoiaren…) bidez, erronka botatzen diegu gizarte- eta ingurumen-erronkei irtenbide teknologikoak emateko, benetako aldaketa-eragile bihurtuz.

ProtopIA: etorkizuneko konponbideak prototipatzen

Biharko erronkak konpontzeko, irtenbideak probatu behar ditugu gaur. ProtopIA prototipoak egiteko gure ekimena da, non, berrikuntza-ekosistemarekin lankidetzan, ideia abstraktuak benetako proiektu pilotu bihurtzen ditugun. Gure laborategia da testatu, ikasi eta Bizkaia inklusiboago eta jasangarriagoa posible dela frogatzeko, urratsez urrats eraikiz.

Lankidetza da gakoa: pertsona guztientzat etorkizun digitala eraikitzeko

Ezein aktorek ezin du eten edo arrakala digitala bere kabuz konpondu. Erronka horren konplexutasunak erantzun kolektiboa eskatzen du, eta indarrak batzea trantsizio digitalean inor atzean geratuko ez dela bermatzeko.

Baterako sorkuntza, Bizkaia konektatuaren eragile gisa

Gure eredua baterako sorkuntzan oinarritzen da. Aktibazio-plataforma gisa funtzionatzen dugu, helize laukoitzaren (herritarrak, sektore pribatua, akademia eta erakundeak) lankidetza eratzen duena. Adimen kolektiboko sare hori ehuntzean, bultzatzen ditugun irtenbide digitalak garrantzitsuak, eraginkorrak eta gure lurraldearen beharrizanetan benetan errotuak direla ziurtatzen dugu.

Zure zeregina etorkizun inklusibo honen eraikuntzan

Bizkaia digitalki inklusiboa eraikitzea zeregin partekatua da. Ez da emana datorkigun etorkizun bat, baizik eta elkarrekin eraiki behar dugun zerbait. Keinu bakoitzak batu egiten du gizarte bidezkoago eta konektatuagoa sortzeko.

Guztiona den etorkizuna

Digitalizazioa ez da halabeharrezko patua, diseinatu dezakegun eta diseinatu behar dugun bidea baizik. BBK Kunan, prozesu honen buru izateko konpromisoa hartu dugu, helburu argi batekin: inklusiorako, kohesiorako eta ongizaterako palanka gisa erabiltzea teknologia. Gure ekimenek erakusten dute posible dela pertsonak erdigunean jarriko dituen etorkizun teknologiko bat eraikitzea. Misio edo eginkizun honekin bat egitera animatzen zaitugu. Elkarrekin aktiba dezakegu benetan guztiontzat izango den etorkizun digitala Bizkaiarentzat.