Kuna eraikina kanpotik urbanizatzeko prozesu parte-hartzailea

BBK Kunak hiru saio parte-hartzaile egin ditu apirilean, eta Auzoko Aholku Kontseilua izan da horietan protagonista; Kontseilua San Frantzisko, Bilbo Zahar eta Atxuriko 21 herritarrek, zozketa bidez aukeratuek, osatzen dute. 

Gizon-emakume horiek aktiboki parte hartu dute Urazurrutia kaiko eraikin historikoaren kanpoko guneak urbanizatzeko proposamenetan.

Auzokideen proposamenak askotarikoak izan dira: poesia errezitaldietarako guneak, atsedenlekuak, jateko mahaiak, landaretza aukeratzea, etab.

Saio horiek Braulio Gómez (Deustuko Unibertsitatea) prozesuaren bideratzaileak zuzendu ditu, eta Ricardo Ruíz IED Kunsthaleko arkitektoaren eta hirigintza parte-hartzailean adituak diren UrbanBateko kideen laguntza izan dute uneoro.

Atsegin handiz esan dezakegu hainbat hedabidek eman dutela prozesu parte-hartzaile honen berri. Adibidez, Eva Domaikaren “La Ventana Euskadi” programa hiru saioetako azkenekoan izan zen, bertan parte hartzen zuten herritarrekin berba egiteko eta prozesua zertan zetzan eta bertan parte hartzearen garrantzia ezagutzeko.

irakurri eta parte-hartzaile batzuen iritzia entzun gura baduzu, sakatu HEMEN.

BBK Kunatik beharrean jarraitzen dugu hurrengo proiektuetan, non herritarrek zeresan handia izango duten berriro ere.