Birziklatzeko eskuliburua: non bota sendagai edo osagaiak
Sendagaiak funtsezkoak dira gure osasunerako, baina beren bizitza baliagarriaren amaieran tratamendu berezia behar duten hondakin bihurtzen dira. Ohiko zaborretara botatzeak ondorio larriak izan ditzake ingurumenean, ura eta lurra kutsa ditzakete-eta.
Artikulu honetan, eskuliburu praktiko bat eskainiko dizugu, eta osagai edo sendagaiak behar bezala eta arduraz non bota ditzakezun azalduko dizugu.
Non eta zelan bota behar dira sendagaiak
1. Iraungitako edo soberako sendagaiak
- Farmaziak: Estatu osoko farmazia gehienek iraungitako edo soberan dauden sendagaiak biltzeko guneak dituzte. Bilatu hondakin horientzako edukiontzi espezifikoa, argi eta garbi seinaleztatuta egoten dira-eta.
- SIGRE guneak: Zenbait salmenta-gunek ere, hala nola supermerkatu edo merkataritza-gunek, badituzte SIGRE (Medikamentuen Ontziak Kudeatzeko eta Birziklatzeko Sistema Integratua) edukiontziak. Bilatu SIGRE logotipoa edukiontzi horiek identifikatzeko.
2. Sendagai edo osagai bereziak
- Antibiotikoak eta zitosostatikoak: osagai horiek maneiu berezia behar dute, izan dezaketen toxikotasunagatik. Ez dira zaborretara edo hustubideetara bota behar. Kontsultatu zure farmazia edo osasun-zentroarekin, behar bezala zelan bota behar diren jakiteko.
- Orratzak eta xiringak: Ez bota orratzak eta xiringak ohiko zaborretara. Hondakin sanitario zorrotz eta ebakitzaileentzako berariazko edukiontzi batean utzi. Edukiontzi horiek osasun-zentro, ospitale eta farmazietan egon ohi dira erabilgarri.
- Merkurio-termometroak: Merkurio-termometroek metal toxiko bat dute, zakarrontzira bota behar ez dena. Bila itzazu mota horretako hondakinentzako berariazko bilketa-guneak, hala nola osasun-zentroak edo udaletxeak.
3. Sendagaiak jatorrizko ontzietan
Garrantzitsua da sendagaiak beren jatorrizko ontzietan entregatzea, material birziklagarriak izan ditzakete eta. Bereizi estalki, erabilera-orri eta osagaia bera ez den beste edozein elementu dagokion edukiontzian utzi aurretik.
4. Erabili bako sendagaiak
Erabili ez dituzun eta oraindik iraungitze-epearen barruan dauden osagaiak badituzu, behar dituzten ongintzako erakunde edo instituzioei ematea daukazu. Kontsultatu zure farmaziarekin edo osasun-zentroarekin horrelako dohaintzak onartzen dituzten erakundeei buruzko informazioa lortzeko.
Gogoan izateko tip edo aholkuak
- Sendagaiak modu desegokian botatzeak ingurumena kaltetu dezake eta pertsonen osasuna arriskuan jarri.
- Erabili sendagai-mota bakoitzerako bilketa-gune espezifikoak.
- Entregatu sendagai edo osagaiak jatorrizko ontzietan.
- Egizu erabili bako sendagaien dohaintza, iraungitze-epearen barruan badaude.
Elkarrekin, sendagaien birziklatze arduratsua bermatu ahal dugu!