1. GJH – Pobreziaren amaiera. Zergatik da hain garrantzitsua eta zer egin dezakegu?

1. GJH – Pobreziaren amaiera

Nazio Batuen arabera, pobrezia ez da soilik diru-sarreren eta baliabideen gabeziara mugatzen, funtsezko eskubideen gabezia, gizarte-bazterketa eta oinarrizko zerbitzuak, hala nola hezkuntza eta osasuna, ez izatea ere barne hartzen ditu.

Garapen jasangarrirako helburuen artean, 1. helburua da pertsona guztiak gutxieneko ongizate-maila batetik gora jartzea.

Pobreziaren errealitatea

1. GJHaren garrantzia ulertzeko, funtsezkoa da pobreziak munduan duen tamaina ezagutzea. Munduko biztanleriaren % 9,2 inguru, hau da, 700 milioi pertsona baino gehiago, muturreko eskasian bizi da bere oinarrizko premiak ase ezinik. Gainera, milaka milioi egunero borrokatzen dira elikadura egokia izateko eta osasun- eta hezkuntza-zerbitzuen gabezia ez pairatzeko.

Zergatik da garrantzitsua 1. GJHa?

Garapen jasangarrirako helburu honi dagokionez:

  • Pobrezia oinarrizko giza eskubideen urraketa da. Pertsona bakoitzak duintasunez bizitzeko eta oinarrizko ongizate-baldintzak lortzeko aukera izan behar du.
  • Baliabideen urritasunak desberdintasun- eta gabezia-zikloa betikotzen du, eta horrek iraunkortasun edo jasangarritasuna lortzeko ahaleginak ahultzen ditu.
  • Premia edo beharrizanak asetzeko ezina, askotan, ezegonkortasun sozial eta politikoarekin lotuta dago. Horrela, ezintasun edo gabezia hori murrizteak komunitate eta herrialdeetan bakea eta egonkortasuna lortzen laguntzen du.
  • Pobrezian bizi direnak gutxitzeak hazkunde ekonomikoa bultza dezake, kontsumitzaileen oinarria hedatuz eta giza kapitalean inbertitzea sustatuz.

Garapen jasangarrirako lehen helburua betetzeko ekintzak

Jarraian, helburu hori betetzen aurrera egiteko gauzatu ditzakezun ekintzak aurkeztuko dizkizugu.

Gizabanakoaren mailan

Jakin ezazu noraino iristen den baliabide-eskasia munduan, eta zer eragin duen zure komunitatean eta maila globalean. Horrela, ezagutza hori partekatu ahal izango duzu kontzientziazio publikoa areagotzeko.
Era berean, munduan dagoen gizarte-bazterketa eta gosea arintzeko beharrean dabiltzan ongintza-erakundeekin lan egin dezakezu, tokiko proiektuetan boluntario gisa zeure denbora eskainiz.

Bestalde, jardunbide komertzial etiko eta jasangarriak jarraitzen dituzten produktuei eta konpainiei laguntzea egokia da neurrigabeko kontsumoa eta alferrik galtzea saihesteko.

Komunitate mailan

Ahalduntze ekonomikoa nabarmentzen dugu. Horrela, komunitate behartsuentzat prestatzeko eta trebetasunak garatzeko programak sustatzera animatzen zaitugu. Horri esker, enpleguak eskuratu eta ekimen ekonomikoei ekin ahal izango diete.
Era berean, oinarrizko zerbitzuetarako, hala nola zure komunitateko osasun- edo hezkuntza-zerbitzuetarako, sarbidea hobetzen lagundu dezakezu.

Halaber, diru-sarrera txikiko pertsonei mikrokredituetarako eta finantza-zerbitzuetarako sarbidea ematen dieten programak bultza ditzakezu, ekintzailetza sustatzeko.

Gobernu mailan

Politika fiskal progresiboen eta gizarte-laguntzako programa eraginkorren alde egin dezakezu, baita aberatsenen eta pobreenen arteko aldea murrizten duten programen alde ere.
Halaber, erraz sartzeko moduko eta kalitatezko hezkuntza-sistemak ezar daitezen lan egin dezakezu, baita enplegua sortzea eta lan duinak lortzea sustatzen duten politikak ezar daitezen ere.

Laburbilduz, 1. GJH funtsezko helburua da mundu bidezkoagoa eta iraunkor edo jasangarriagoa bilatzeko.
Gizarte-bazterketa ez da arazo ekonomikoa bakarrik, giza eskubideen urraketa eta garapen jasangarrirako oztopo bat ere bada. Guztiok dugu zereginik mundu bidezkoago eta jasangarriago bat lortzeko.