Plater hautsiak: kulturartekotasunerako mahai bat BBK Kuna eta UN Etxetik
Bidaia batzuk kilometroen arabera neurtzen dira, eta beste batzuk elkarrizketa, ideia partekatu eta sendotzen diren loturen arabera. Joan den azaroaren 19an, BBK Salan, bidaia gogoangarri horietako bat bizi izan genuen.
BBK Kunako Ikaskuntza Komunitateak bere urteroko proiektua aurkeztu zuen, “Kulturarteko Bitakora Koadernoa”, UN Etxearekin batera bultzatutako ekimena, zeinak erakutsi baitzuen janaria zelan izan daitekeen benetan elikatzen gaituenaz ‒bizikidetzaz, errespetuaz eta gizarte inklusiboagoa eraikitzeaz‒ berba egiteko aitzakiarik onena.
Talde-ikaskuntzako bidaia berri bat: “Bitakora Koadernoa” aurkezten dugu
BBK Kunako Ikaskuntza Komunitatea gune bizia da, eta, urtez urte, gure garaiko erronka nagusiak aztertzeko, hausnartzeko eta irtenbideak elkarrekin sortzeko elkartzen gara bertan. Aurreko edizioetan “A Bordo del Tiempo” bezalako proiektuetan murgildu ginen; aurten iparrorratza elikadurara begira zegoen, hori izan delarik Kunaren ardatz estrategikoa 2025erako.
Baina esplorazio hori janariaz askoz haratago joan da. “Bitakora Koaderno” honetan, gastronomiaren hizkuntza unibertsala erabili dugu mahai inguruan esertzeko eta elkarrekin berba egiteko gai hauetaz: nor garen, zelan erlazionatzen garen eta nola bizi garen euskal gizartean kulturartekoa eta intersekzionala den ikuspegi batetik.
Elikadura metafora gisa: kulturarteko hausnarketarako menua
Hainbat hilabetetan zehar, entzute aktiboan, konfiantzan eta ilusioan oinarritutako espazio batean, bitakora edo iparrorratz-kutxa kolektibo honen orriak bete dituzte hainbat jatorritako parte-hartzaileek. Emaitza partekatutako obra bat izan zen, “PLATER HAUTSIAK” izenburu indartsuarekin, zeinak gizarte-hausturak eta apurtu beharreko estereotipoak sinbolizatzen baititu, baina baita, zatietatik abiatuta, zerbait berria eta indartsuagoa berregitearen eta sortzearen edertasuna ere.
Prozesu horren aurkezpena “Dastatze-menu” ahaztezin gisa diseinatu zen, eta komunitatearen hausnarketetan zehar gidatu zuen publikoa:
- Lehenengo platera: Testigantza modu naturalean. Esperientzia, irrika eta itxaropen pertsonalen anoa honek bidaiaren alderik gizatiar eta zaurgarrienarekin lotu gintuen.
- Bigarren platera: Pentsamendu kritikoaren kontsomea. Hausnarketa kontzentratua, bizipen partekatuen emaitza, zeinak aurrez pentsatutako gure ideiak zalantzan jartzera eta gizarte bidezkoagoak irudikatzera gonbidatu baikintuen.
- Postrea: Amets kolektiboa itxaropen-puntuan. Azkenburuko gozo eta samurra izan zen, eta etorkizun hobea eraikitzeko konpromisoa hartu zuten parte-hartzaile guztiek.
Prozesu bizi baten kronika: gure koadernoaren orrialdeak
BBK Salan bizitakoa ez zen aurkezpen soil bat izan, baizik eta sakonki gizatiarra zen gizarte-berrikuntzako prozesu baten ospakizuna. “Bitakora Koadernoak” erakutsi digu espazio seguruak, irekiak eta aurreiritzirik gabeak funtsezko osagaiak direla adimen kolektiboa loratzeko.
“PLATER HAUTSIAK” obrak ez du porrotaz hitz egiten, erresilientziaz baizik. Gogorarazten digu gure nortasunak konplexuak direla, hainbat piezaz osatuak, eta elkarrizketan eta elkarren onarpenean aurkitzen dugula elkartzeko modua, gizarte-mosaiko aberatsagoa eta ederragoa sortuz.
Parte-hartzaileak
Arte-zuzendaritza: Cruz Noguera.
Antzezleak: Maite López, Loubna El Marzguioui, Malvina Cruz, Itxaso García, Marian Andrés Acha, Ainara Mata, Adriana Pérez, Uxue Noguera, Nina Rustan, Fely del Fresno, Elena Corral, Carmen Medina, Cruz Noguera, Begoña Guzmán.
Musika: Dariana Noguera (ahotsa), Joseba Garro “Joseki” (gitarra eta ahotsa) eta Enrique Barazón Amat “Maromo” (perkusioa).
Dantza: Thierno Ibrahima Diedhiou.
Kartelaren diseinua: Joseba Garro.
Laguntza teknikoa: Juan Ramón Parrado.
Ekoizpena: BBK Kuna eta UN Etxea.

Gogoeta nagusiak: zer ikasi dugu bidaia honetan?
Proiektu hau BBK Kunaren misioaren adibide garbia da: Bizkaiarentzat etorkizun inspiratzaileak aktibatzea. Erakutsi digu gizarte-berrikuntzak ez duela beti puntako teknologia eskatzen, baizik eta pertsonak erdigunean jarriko dituzten metodologiak, elkarrizketa sustatuz artea eta kultura bezalako tresna ahaltsuen bidez.
“Bitakora Koadernoa” ez da hemen ixten. Gonbidapen irekia da gure gizartea den mahai komunean dagokion eginkizunari buruz hausnar dezan gutako bakoitzak. Zelan lagun dezakegu inguruan ditugun “plater hautsiak” konpontzen? Zer osagai jar ditzakegu etorkizun inklusiboagoa eta solidarioagoa kozinatzeko?
Elkarrizketa hasi da. Istorio hau gurekin batera idazten jarraitzera gonbidatzen zaitugu.