1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12

Modaren etorkizuna

Moda da Etorkizuneko Biztanleak-en hirugarren edizioaren ardatza. Gehienok (%73) uste dugu arropa gure nortasunaren funtsezko osagaia dela. Nork egin duen, zer gai edo materialekin, zenbat iraungo digun eta baliagarri izateari uzten digunean non amaituko duen ez dakigun arroparekin janzten gara goizero. Modaren industria munduko bigarren kutsagarriena da eta modaren etorkizuna inoiz baino lotuago dago planetaren etorkizunari. Nola aldatuko da etorkizunean? Etorkizun hori zelakoa izatea gustatuko litzaieke herritarrei? Etorkizuneko Biztanleak-en bidez, herritarrei ahotsa jartzen diegu, etorkizun hori nola irudikatzen duten eta beren ohiturak nola proiektatzen dituzten ikusteko. % 72k behar duen arropa bakarrik erosi nahiko luke, eta % 63k uste du ingurumena gehiago errespetatuz jantziko garela etorkizunean. Gehienek (% 58) frustrazioa adierazten dute, modu kontzienteagoan erosteko informazio gehiago ez dutelako.

Moda jasangarri, osasungarri eta gizarte-ongizatera bideratuaren etorkizunari buruzko eztabaida honen erdigunean herritarren ahotsa jartzen du azterlan honek, Euskadiko 1.000 laguni egindako inkesta adierazgarri baten bidez.

DATU GARRANTZITSUENEN LABURPENA

 ETORKIZUNEKO INDUSTRIA

Etorkizuneko industria berdea eta jasangarria izango da. % 72k lan-baldintza duinak errespetatuz egitea nahi du arropa. % 70ek industriaren berrikuntza berdea espero du, eta % 44k arropa-ekoizpena murriztea gura du. Gehienek (% 54) etorkizunean arropa erabat biodegradagarria izatea nahi dute, eta markek (% 73) urteko bilduma-kopurua murriztea.

ETORKIZUNEKO DENDA

Etorkizuneko denda konponketa-zerbitzuarekin amesten dute (% 53), bertako arropa-marka gehiagorekin (% 50) eta ingurumena gutxien errespetatzen duen arropa identifikatzen lagunduko dien idazkunekin (% 53). Behargin edo langileek arropa zaintzeari buruzko aholkuak ematea gura du hiru euskal herritarretatik batek. Gazteen % 46k generorik gabeko moda proiektatzen du etorkizunerako, eta gizartean dauden neurri edo tamaina guztiekin.

MODA ZIRKULARRAREN ETORKIZUNA

Herritarren % 60k edukiontzi gehiago eskatzen ditu erabiltzen ez duen arropa uzteko, eta % 35ek uste du 2050ean inork ez duela arroparik zakarrontzira botako. Etorkizuneko dendan, erabiltzen ez duen arropa utzi, trukatu edo saldu ahal izatea nahi dute gehienek (%85). % 43k nahi du etorkizuneko etiketan agertzea jantzia non utz daitekeen bizitza baliagarria amaitzen zaionean. Gehienek etorkizunean bigarren eskuko arropa gehiago erostearen alde egiten dute.

MODAREN ETORKIZUNA ETA ESTATUAREN PAPERA

Gehienek (% 54) fast fashion markek ingurumenean egiten duten kalteaz ohartarazteko obligazioa izatea nahi dute, eta ingurumenean eragin negatiboa duen arropak zerga gehiago ordaintzea (% 67). Gu janzteko bakarrik erabiltzen diren animalia-haztegiak debekatzearen alde egiten dute herritarrek (% 75).

GORANZKO JOERAK

Etorkizuneko joera emergenteen artean, % 25ek begi onez ikusten du arroparen alokairua, % 37k etorkizuneko etiketan jantziaren karbono-aztarna agertzea nahi du, % 35ek gure bertako marken arropa guztia ekoizteko ehungintzako lantegien garapena ikusten du, eta % 69k modaren industriak sortzen dituen etekinen banaketa bidezkoagoaren alde egiten du.

“Modaren etorkizuna” txostena

Skip to content