ProtopIA: ETORKIZUN-BEGIRADAK
Joan den urriaren 30ean BBK Kuna eraikinean egin zen ProtopIA jardunaldiaren amaieran eragin handiko lankidetza-dinamika bat, futurathoia izenekoa, gauzatu zen. Ekitaldi parte-hartzaile hartan, hainbat sektoretako enpresa-liderrak, berrikuntzan adituak eta BBK Kunaren ekosistemako eragileak bildu ziren, AA sartzeak lanaren etorkizunean eta, oro har, euskal gizartean planteatzen dituen erronkak eta aukerak aztertzeko.
Askotariko profilak bildu zituen dinamikaren helburua zen lan edo beharraren etorkizunean eta erakundeetan adimen artifizial sortzaileek maila etikoan, ardurenean eta humanoan duten eraginari buruz hausnartu, irudikatu eta eztabaidatzea.
Jardueran zehar etorkizuneko hiru agertoki landu ziren, eta agertoki bakoitzak testuinguru posible bat planteatzen du lan edo beharrak erakundeetan izan dezakeen bilakaerarako. Parte hartu zuten taldeek agertoki horiek aztertu zituzten, eta horien eragin positibo zein negatibo nagusiak identifikatu zituzten, AAk lan-ingurunean behar duen integrazio arduratsu, etiko eta humanoan ardaztuta.
Emaitza hausnarketa praktiko eta probokatzaileen bilduma bat izan zen, eta elkarrizketa estrategiko berrietarako eta erakundeak eraldatzeko prozesuetarako abiapuntu gisa balioko dute gogoeta horiek. Etorkizunei buruzko pentsamendu horren bideratzaile orain zure enpresan zu izatera animatzen zaitugu eta, horretarako, erabilitako tresnak partekatzen ditugu. Hauek dira landutako 3 agertokiak eta taldeen hausnarketetako batzuk:
1. AGERTOKIA: “INORK SINATU EZ ZITUEN ERABAKIAK”
ZER ESAN NAHI DU “ARDURATSUA IZATEAK” ERAKUNDE BATEAN, FUNTSEZKO ERABAKIAK ERAGILE DIGITAL BATEK HARTZEN DITUENEAN?
TESTUINGURUA
Bizkaia, 2030. Dagoeneko lan edo beharra ez da egiten dugunaren arabera bakarrik definitzen, baizik eta erabakiak hartzeko moduaren arabera. Adimen artifizial sortzaileak taldeetako beste kide bat bezala integratu dira. Lagundu ez ezik, erabaki ere egiten dute: aurrekontuak kalkulatzen, hornitzaileak aukeratzen, prezioak doitzen, langileak kudeatzen edo bezeroak lehenesten dituzte. Badirudi dena azkarrago eta efizientzia handiagoz dabilela orain, baina dilema batzuk ere agertzen dira: gure produktibitate-bilaketa zenbateraino bihur daiteke mehatxu gure erantzukizun-senarentzat?
ETORKIZUNERA BIDAIA 1: “KALERATZE AUTOMATIKOA”
Nahia naiz, 36 urte ditut eta gainbegiralea naiz ontziratze-planta batean. Joan den astean, lankide batek kaleratze-mezu bat jaso zuen, sistemak automatikoki sinatua. AAren arabera, haren errendimendua ez zen nahikoa. Nahasgarriena zera da, azkar batean, eragile digital kolaboratibo batek bete zuela haren lanpostua, eta horrek istripuak murriztu eta linean % 20 handitu zuen produktibitatea. Segurtasunean eta azkartasunean irabazi egin genuen, baina konfiantza ere galdu genuen: zelan kudeatuko dugu akats bat erabakiaren atzean giza aurpegirik ez dagoenean?
Zer eragin izango luke erakunde batentzat giza baliabideen gaineko erabakiak zuzenean AA baten mende egoteak?
ETORKIZUNERA BIDAIA 2: “USTEKABEKO KONTRATUA”
Aitor naiz, 50 urte ditut eta nekazaritza-kooperatiba bateko erosketa-zuzendaria naiz. Sistema berrikustean kontratu bat aurkitu nuen sinatuta: hiru urte nazioarteko hornitzaile batekin. Akordioak prezio baxuak eta horniduraren egonkortasuna bermatzen ditu, baina, era berean, kanpoan uzten ditu aspaldidanik gurekin lan egiten duten bertoko ekoizleak. Batzuek ospatu egin zuten eraginkortasuna, beste batzuek traizio gisa bizi izan zuten. Orain galdetzen diot neure buruari: posible ote da AAk gu geuk ezartzen dugun lan-lotura eta konfiantza bera ezartzea hornitzaileekin?
Zer eragin izan dezake erakunde baten balio-katean hirugarrenekin egindako kontratuak eta akordioak AA batek automatikoki definitzeak?
ETORKIZUNERAKO BIDAIA 3: “PRINTZIPIOEN GAINEKO IRABAZIA”
Mikel naiz, 43 urte ditut eta Bizkaian oso ospetsua den jatetxe bateko gerentea naiz. Duela gutxi hasi ginen eguneroko beharra AAko eragile batekin kudeatzen eta, hasieran, zoragarria izan zen: erreserbek gainjartzeari utzi zioten, mahaikideak % 15 gehitu ziren, eta menuak beren kasa egokitzen ziren osagaien eskuragarritasunaren arabera. Baina joan den astean bezero batzuk kexatu egin ziren ohiko jaki batek ez zuelako betiko zaporea. Ohartu ginen AAk zenbait osagai ordeztu eta aukera errentagarriagoak sartu zituela abisatu barik. Gure sukaldariak, haserre, galdetu zidan: “Benetan, hemen nor ari da kozinatzen, gu ala sistema?”.
Zer eragin izango luke AA-k gure bezeroekiko harremana aldatzeak, errentagarritasunaren izenean eta sormenaren aurka erabakiak hartuz?
IMPAKTU POSITIBOAK
- Eragiketetan gardentasun eta trazabilitate handiagoa ahalbidetzen du, auditoriak, kalitate-kontrola eta araudia betetzea erraztuz.
- Objektibotasuna sartzen du erabakiak hartzean, joera pertsonalak murriztuz eta irizpide neurgarriagoak eta datuetan oinarritutakoak sustatuz.
- Erakundeen efizientzia ekonomikoa hobetzea ahalbidetzen du, baliabideak, kostuak eta denborak optimizatuz, produktuaren edo zerbitzuaren kalitatea arriskuan jarri barik.
- Algoritmoek definitutako irizpideak betez gero baldintza berdinetan lehiatu daitezkeen eragile berriak (hala nola hornitzaile txikiak edo startup-ak) sartzeko aukerak sortzen ditu.
- Sistema adimendunak etengabeko ikaskuntza-iturri bihur daitezke, eta ereduak detektatzen, eraginkortasunik ezak zuzentzen eta erabaki estrategiko informatuagoak hartzen lagun dezakete.
Prozesuen estandarizazioak egonkortasun eta eskalagarritasun handiagoa ematen du antolaketan, eta jardunbide egokiak erreproduzitzea ahalbidetzen du hainbat testuingurutan.tintos contextos.
IMPAKTU NEGATIBOAK
- AA-ren erabilera estentsiboak deshumanizazioa eragin dezake erabakiak hartzean, giza ekintza gidatzen duten enpatia, intuizioa eta zentzu etikoa lausotuz.
- Langileen, hornitzaileen eta bezeroen arteko harreman pertsonalak eta konfiantzazkoak galtzeak mehatxupean jartzen ditu gizarte-kohesioa eta epe luzeko loturak.
- Prozesu eta produktuen larregizko estandarizazioa, eta horrek sormena, kultura-aniztasuna eta berrikuntza murriztu ditzake.
- Erabaki algoritmikoek erakundeen balioak eta helburua apurtzeko arriskua dute, baldin eta efizientzia edo errentagarritasuna lehenesten badira.
- Sistemen opakutasunak (“kutxa beltzak”) zaildu egin dezake kontuak ematea eta erabaki bat zalantzan jartzeko edo zuzentzeko eskubidea.
- Langile edo beharginek motibazioa eta zentzua gal ditzakete, beren zeregina sistemak erabakitzen duena baliozkotzea baino ez dela sentitzen badute.
- Erantzukizun morala eta legala AAren esku uzteko arriskua dago, eta hutsuneak sor daitezke lan-eskubideen edo erakunde-justiziaren gaietan.
Lan edo beharra monitorizazio pasiboko jarduera bihur daiteke, giza esperientziatik eta helburu kolektibotik deskonektatua.
2. AGERTOKIA: “GIZA ADIMENEN ETA ADIMEN ARTIFIZIALEN ORKESTRATZAILEAK”
ZELAN ALDATZEN DA LAN EDO BEHARRAREN BALIOA ‘ESKATZEN JAKITEA’ ‘EGITEN JAKITEA’ BAINO GEHIAGO INPORTA DENEAN?
TESTUINGURUA
Bizkaia, 2030. Elkar hartuta lan egiten dugu adimen artifizial sortzaileekin, eta jada ez dira tresnak bakarrik, lantaldeko beste kide bat baizik. Txostenak prestatu, zereginak kudeatu, irtenbideak proposatu eta erabakiak ere hartzen dituzte. Baliotsua jada ez da “egiten jakitea”, baizik eta zehaztasunez eskatzen jakitea, irizpide garbiarekin berrikustea eta ikuspegiarekin erabakitzea. Titulu akademikoek pisu txikiagoa dute, eta giza adimenak eta adimen artifizialak orkestratzeko gaitasuna da bereizten gaituena.
ETORKIZUNERA BIDAIA 1: “EGITEN JAKITETIK, ESKATZEN JAKITERA”
Maitane naiz, 34 urte ditut eta datu-analista naiz supermerkatu-kate batean. Urte askotan, orduak ematen nituen erreportajeak eta salmenta-grafikoak egiten. Nire sendotasunik handiena zen, eta aitortzen zidaten hori, oso ondo nekielako komunikatzen, hori nire zigilu pertsonala zen. Gaur egun, ordea, AAk minutu gutxitan egiten dit. Asko pentsatu barik, zer behar dudan azaltzen diot, eta laster izaten dut. Denbora asko irabazi dut ideia estrategikoak aurkezteko, baina sumatzen dut baliotsu egiten ninduenak jada ez duela hainbeste pisu, eta pentsatzen dut: ‘Zer esan gura du nire rol edo eginkizunak, inork baino hobeto egiten nuen hura orain makina batek egiten badu?’.
Zer eragin du motibazioan eta nortasun profesionalean lehen adituak ginen ataza horietan AAk gu ordezkatzeak?
ETORKIZUNERA BIDAIA 2: “AA-REN PUNTU ITSUAK”
Arrate naiz, 48 urte ditut eta giza baliabideen zuzendaria naiz landare-haragia lantzen duen startup batean. Batzorde batean, AAk hiru merkatu-egoera, ezin hobeak, aurkeztu zizkigun: marjinak kalkulatuta, proiekzioak finduta, arrisku ekonomikoak aurreikusita, baina bakar batek ere ez zuen aurreikusten aukerarik errentagarriena aukeratzeak izen onaren gainean izan zezakeen inpaktu edo eragina. Nik altxatu nuen eskua hori gogorarazteko. Poztu nintzen nire iritzia kontuan hartzeak, baina pentsatu nuen: zer gertatuko da beste dimentsio batzuk ekartzen dituen giza ahotsa entzuteari uzten zaionean?
Zer eragin izango luke erakundean teknikoki zuzenak baina sozialki osagabeak diren agertokietan itsu-itsuan konfiantza izateak?
ETORKIZUNERA BIDAIA 3: “ARRAKALA ZABALTZEN DENEAN”
Ander naiz, 23 urte ditut eta esne-enpresa bateko produktu-arlokoa naiz. Gure Sailari beste garapen baterako ikertzea eskatu zitzaion. Nik, AArekin nuen trebeziaz fidaturik, txosten sendo bat egin nuen egun gutxitan. Zuzendaritzak nire lana baloratu eta mailaz igo ninduen. Nire lankide Jon, aldiz, enpresan eskarmentu eta urte gehiago zituena, ohiko tresnak erabiltzera mugatu zen eta espero baino denbora gehiago behar izan zuen. Hark aurkeztutakoaren kalitate ona gorabehera, zapuztuta sentitu zen. Eta neure artean esaten dut: zer gertatzen da lankidetzarekin AA menderatzeak belaunaldien artean arrakala irekitzen badu?
Zer eragin izango luke erakunde-kulturarentzat AA menderatzeak metaturiko esperientziak baino pisu handiagoa izateak?
IMPAKTU POSITIBOAK
- AA sartzeak bizkortasun eta etengabeko ikaskuntza handiagoa ahalbidetzen du, eta aukera ematen die lantaldeei esperimentatzeko, errepikatzeko eta erabakiak hartzeko informazio gehiagorekin eta tirabira gutxiagorekin.
- Belaunaldien arteko lankidetza aberatsagoa sustatzen da, non gazteek teknologia menderatzen duten eta esperientzia duten belaunaldiek testuinguru-ezagutza, balio eta irizpideekin laguntzen duten.
- Prestakuntza eta re-skilling kultura berri bat bultzatzen du, non ikasteko eta egokitzeko gaitasunak ezagutza tekniko estatikoak baino gehiago balio duen.
- AAk lidergoa dibertsifikatu dezake eta erabakiak hartzeko boterea demokratizatu, hierarkiak murriztuz eta egitura horizontalagoak bultzatuz.
- Erakunde-helburua berriz definitzeko aukera ematen du, giza balioak gaitasun teknologikoarekin integratuz.
- Profil profesional berriak sortzen ditu, hala nola AAren auditore etikoak edo gainbegiraleak, sistemen erabilera arduratsua eta gardena ziurtatuko dutenak.
- Lan-denbora optimizatzea ahalbidetzen du, hausnarketa estrategikorako, sormenerako edo bizitza pertsonalerako tartea utziz.
- Berrikuntza eta garapen profesionala bultzatzen ditu, pertsonak beren rol edo eginkizuna birplanteatzera, trebetasun berriak ikastera eta balio erantsi handiagoko zereginak beren gain hartzera behartzen baititu.
Lana humanizatu edo gizatiartzen lagun dezake, zeregin errepikakorrak murriztuz, garapen pertsonalera eta lankidetza esanguratsura emanagoak diren inguruneak sustatuz.
IMPAKTU NEGATIBOAK
- AA menderatzen dutenen eta ez dutenen arteko aldeak barne-desberdintasunak eta kultura- edo belaunaldi-gatazkak sor ditzake.
- Erabakiak hartzean giza osagaia galtzeko arriskua dago, irizpide etikoaren eta testuinguruaren ordez logika teknikoak edo optimizaziokoak erabiliz.
- Erabakiak eragile gutxiren esku gera daitezke, botere edo mendekotasun teknologikoaren modu berriak sortuz.
- AAk erabakitzeko erabiltzen dituen irizpideetan gardentasunik eta kontu-ematerik eza, eta horrek barne-konfiantza higatzen du.
- Egitura hierarkiko tradizionalak zaharkitu egin daitezke, nahasmena, erresistentziak eta barne-tentsioak eraginez.
- Sistema automatizatuek alborapen sozialak erreproduzitu edo anplifikatu ditzakete, kolektibo zaurgarriak baztertuz edo desberdintasunak indartuz.
- Emozio- eta lan-desorekak sortzen dira, hala nola ordezkapenaren beldurra, nortasun profesionala galtzea edo estresa etengabeko egokitzapenaren aurrean.
- Helbururik gabeko edo giza lidergorik gabeko erakundeetan, AAk motibaziorik eza eta zentzu kolektiboaren galera areagotu ditzake.
Norbanakoaren autonomia azpimarratzeak lanean bakartzea ekar dezake, lankidetzako eta ikaskuntza partekatuko loturak ahulduz.
3. AGERTOKIA: “SUPERGIZAKI DISOZIATUAK”
ZER UZTEN DUGU ATZEAN NORBANAKOAREN EFIZIENTZIA GIZA KONEXIOEN GAINETIK LEHENESTEN DUGUNEAN?
TESTUINGURUA
Bizkaia, 2030. AA sortzaileak lanaren egiturazko parte dira, beti piztuta dagoen “Office” berri bat bezala. Azkarragoak gara, arazoak minututan konpontzen ditugu eta autonomia pertsonala ez da inoiz hain handia izan. Hala ere, efizientzia hori banako errendimenduan oinarritzen da. Ekipoek funtzionatu egiten dute, baina urrunago daude. Eta lanetik kanpo, teknologiak hedatzen jarraitzen du, eta pertsonek gero eta gehiago kudeatzen dute bizitza mundu digitalean presentzialean baino. Arlo pertsonalaren eta lan-arloaren arteko ildoa lausoa da, eta gura bako edo nahi ez den bakartze-sentimendua agertzen da.
ETORKIZUNERA BIDAIA 1: “EFIZIENTEAGOAK, EZ HAIN KONEKTATUAK”
Iratxe naiz, 34 urte ditut eta logistikako arduraduna naiz nekazaritzako elikagaien kooperatiba batean. AAri esker, ibilbideak, garraioak eta kostuak minutu gutxitan koordinatzen ditut, eta eraginkortasun-adierazleak inoiz ez dira hain altuak izan. Hala ere, ia ez dut nire lankideekin berba egiten: bakoitza bere fluxu optimizatuan murgilduta dago. Ez dut gogoratzen noiz hartu nuen beraiekin kafe bat edo noiz solastatu ginen korridorean. Enpresak ez du inoiz hain ondo funtzionatu, eta, aldi berean, inoiz ez naiz hain bakarrik sentitu lanean. Batzuetan neure buruari galdetzen diot ea hainbesterainoko efizientzia ez ote den ari bigarren mailan uzten lantalde baten parte sentiarazten gintuena.
Zer eragin izango luke lanerako efizientziak giza harreman eta laguntzako guneak desplazatzeak?
ETORKIZUNERA BIDAIA 2: “BAKARTZEN DUEN AUTONOMIA”
Josefa naiz, 58 urte ditut eta nekazaritza-ustiategi baten jabea naiz. AAk ureztatzea kontrolatzen du, izurriteak iragarri eta uztak optimizatzen ditu, eta etxaldeak bikain funtzionatzen du, baina orain bakarrik nago. Semea hirian geratu zen eta jada ez du ustiategiarekin jarraitu nahi. Gainera, beste nekazari batzuengandik urrundu egin naiz, eta lehen aholkuak eta arazoak partekatzen nituen haiekin. Autonomiak emaitzak eta lasaitasun ekonomikoa ematen dizkit, baina gero eta zama astunagoa da bakartze hau.
AAk ematen duen autonomiak, zelan eragin diezaieke lankidetzari eta giza loturei?
ETORKIZUNERA BIDAIA 3: “AA-K ENTZUTEN EZ DUENA”
Maialen naiz, 42 urte ditut eta jasangarritasun-arduraduna naiz haragi biologikoko enpresa batean. Lehen baserriz baserri ibiltzen nintzen, abeltzainekin berba egiten nuen eta haien kezkak bertatik bertara entzuten nituen; nire lan edo beharrak benetako helburua zuela sentiarazten zidan kontaktu hark. Orain AAk aztertzen ditu datuak eta hautatzen ditu hornitzaile “efizienteenak”. Txostenak ezin hobeak dira eta metrikak beti daude agerian, baina pantaila baten aurrean ematen ditut nire egunak, zifra zehatzak baina aurpegirik eta ahotsik gabeak aztertzen. Hornitzailerik efizienteena edo ekonomikoena ez da, nahitaez, baliotsuena. Giza irakurketa oraindik beharrezkoa al da gero eta automatizatuagoa den mundu batean?
Zer eragin izango luke erakundeentzat, baldin eta eragileekiko giza harremanak bigarren mailan geratuko balira AAren aurrean?
IMPAKTU POSITIBOAK
- AAren etorrerari esker, giza ongizatean ‒eta ez produktibitatean eta onura ekonomikoan soilik‒ oinarritutako eredu ekonomiko berri bat eraikitzeko aukera sortu da.
- Erabakiak hartu aurretik kritikoagoak izateko eta hausnartzeko aukera bat da.
- Gero eta premia handiagoa dago ekipoek AAren erabileran etikari buruz hausnartzeko, eta horrek teknologiaren erabilera arduratsuagoa eta etikoagoa bultzatzen du.
- AAk balio txikiko zereginetan denbora aurrezten laguntzen du, jarduera esanguratsuagoetarako, ikasteko eta giza harremanak indartzeko tartea utziz.
- AAri esker, pertsonek bizitza gizatiarragoak diseinatzeko aukera dute, ongizatean eta bizi-kalitatean ardaztuta.
- Lan-testuinguruan giza harremanak eraldatzen ditu, eta taldeen eta teknologiaren arteko lankidetza efizienteagoa sustatzen du.
- AAren agerpenak aukera ematen du lantaldeak berriz hezteko, lan-moduei, erakunde-kulturari eta emaitzei dagokienez.
- Ikaskuntza kolektiboa sustatzen du ezagutza eta esperientziak partekatzean.
- Laneko produktibitatea eta efizientzia hobetzen ditu, bai banakako errendimendua bai errendimendu kolektiboa indartuz.
- Kalitate handiagoko eta sormen-osagai handiagoko emaitzak ahalbidetzen ditu.
- Galdera/erantzun berriak egitea eta hezkuntza- eta familia-sistemak birplanteatzea bultzatzen du, aro teknologiko berri honetara egokitzeko.
- AA iristean, laneko emaitzetan erantzukizun handiagoa eskatzen da.
IMPAKTU NEGATIBOAK
- AAk desberdintasun soziala sor dezake, ez baitago teknologia modu ekitatiboan eskuratu eta menderatzerik.
Bakartze sozial eta emozionala (nahi ez den edo gura bako bakardadea) sor dezake, komunitate eta kide sentitzearen loturak ahulduz lantokian.
- Pentsamendu kritikoa murrizteko arrisku handia, eta denborarekin gaitasun intelektualak murrizten joan daiteke.
- Erabakiak giza kontrasterik gabe hartzeko arriskua dago, egia absoluturik ez duen algoritmo baten zehaztasunean konfiantza itsua izanik.
- Osasun mentaleko arazoak sortzen dira, bakartzeari, hiperproduktibitateari edo lanaren zentzu-galerari lotuta.
- Bizitza digitala indartzearen ondorioz, errealitate fisikoarekin loturarik ez duten bizimodu berriak agertzeko arriskua.
- Kultura-alborapen bat sortzeko arriskua, nortasun kolektiboaren loturarik, hausnarketarik eta eraikuntzarik ezagatik.
Adimen Artifizialaren erabilera masiboagatik, ingurumen-inpaktuko arrisku handia.