“Soledades: Una Cartografía para nuestro tiempo” liburuaren aurkezpena

Gure Bakarzain: Gura bako bakardadea eta zainketak zero proiektuaren barruan, datorren asteartean, urtarrilak 25, BBK Kunan Melania Moscoso eta Txetxu Ausinen “Soledades: una cartografía para nuestro tiempo” (Bakardadeak: gure garairako kartografia) liburua aurkeztuko da.

Bakardadea honela definitu da: pandemia isila, herrialde industrializatuetan lau pertsonatik bati eragiten diona, eta osasun fisiko eta psikikoan eta hura pairatzen duten pertsonen bizi-kalitatean eragin negatiboa duena. Inposatutako edo gura bako bakardadetzat hartzen da pertsona batek dituen gizarte-harremanen eta izan gura dituenen arteko desadostasun-sentsazio subjektiboa. Nahi gabeko bakardade horren osagaiak dira: beste pertsona batzuekiko loturen kopuruan eta kalitatean dagoen gabezia-esperientzia (deskonexio emozionala), eta gizarte-bakartzea eta sare sozialen gabezia ingurune hurbilean; eta mina, beldurra, larritasuna edo tristura sortzen ditu.

Bakardadearen sentimendua gertaera biografikoek ─hala nola maite den pertsona bat galtzeak, lan-merkatutik irteteak, bikote-harremana eteteak eta abarrek─ oso baldintzatzen badute ere, eta bizi-gertaera horiek bakardadearen amildegira eramaten badute ere, hori ez da soilik banakoaren arazoa, bizikidetza antolatzeko egiturazko faktoreen ondorio baizik. Horregatik, fenomeno hori hiru ardatzen arabera aztertzea planteatzen dugu: (1) indibidualismoaren gorakada eta gizarte- eta familia-laguntzako sareen gainbehera (desafiliazioa); (2) zainketen krisia, gero eta ezberdintasun eta prekarietate handiagoko testuinguruan; eta (3) gizabanakoak teknologia digitalekin duen harreman anbibalentea. Gizarte-harreman esanguratsuak izateko bidea justizia politikoaren kontua ote den aztertzen dugu, nahi ez den edo gura bako bakardadea biziki baldintzatzen baitute zenbait gizarte-determinatzailek, eta, beraz, bakardadearekiko desberdintasunak zuzenean lotuta daude honako eremu hauetan aztertzen ditugun gizarte-(des)abantailako patroi edo eredu hauekin: pobrezia, generoa, kultura, espazioa, instituzionalizazioa eta dibertsitate funtzionala.