The Future Game aurrera doa: laborategi gazte bat biharko elikadura irudikatzeko

BBK Kunan gazteek Bizkaiaren etorkizuna irudikatzeko eta eraikitzeko duten gaitasun edo ahalmenean sinesten dugu. Horregatik, gizarte-berrikuntzaren aldeko gure apustuaren esparruan, oso gertutik jarraitzen dugu The Future Gameren aurrerapena. Esperientzia aitzindaria da, eta bertan askotariko profil eta ibilbidea duten hamaika gaztek bat egin dute elikaduraren erronka handien inguruan hausnartu, eztabaidatu eta jarduteko.

Gaur egun, taldea prozesu betean dago, eta ikaskuntzak, kezkak eta bizipenak partekatzen dituzte, laster Gastronomiaren Etorkizunaren aldeko Euskal Gazteen Manifestu kolektibo batean agertuko dituztenak. Ekimen hori, Bizkaia osoa inspiratuko duten ideia eta lankidetza berrien abiapuntu izango dena, zelan prestatzen ari den azalduko dizugu.

Laborategi anitza eta sortzailea

7.800 pertsona baino gehiago erakarri zituen deialdi ireki baten ostean eta hainbat hautaketa-fase eta elkarrizketaren ondoren, 21 eta 30 urte bitarteko hamaika gazte aukeratu dituzte talde berezi hau osotzeko. Diseinu, gastronomia, datuen analisi, antzerki, moda, komunikazio… arloetako ikasle eta profesionalak dira. Pertsona emantzipatuak, beste batzuk beren familiekin bizi direnak, batzuk kultura-elkarteetan edo sare sozialetan aktibo daudenak, denak istorio eta kezka desberdinekin, baina elikadurarako bide berriak esploratzeko gurarian batuta.

Haien interesek eta bizimoduek ere gure garaiko aniztasuna adierazten dute: bertan daude kirolariak, foodieak, elikadura-murrizketak dituzten pertsonak, dieta beganoaren edo begetarianoaren aldekoak, eta jasangarritasun, larrialdi klimatiko, sukaldaritza-identitate edo tradizioaren eta etorkizunaren arteko orekagatik kezkatuta dauden gazteak.

 

Denboraren Errezeta-liburua: sukaldaritzarekin dugun harremana aztertzen

Esperientzia urrian hasi zen aurrez aurreko saio batekin, eta online jarraitzen du 21 egunetan zehar, “Denboraren Errezeta-liburu”ko kapitulu interaktiboek gidatuta. Bidaia kolektibo hau hausnarketak aktibatzen ari da sukaldaritza-memoriari buruz, baita ere heredatutako sukaldaritzaren garrantzi emozionalari, elikadura-subiranotasunari, zer jaten edo erosten dugun aukeratzeko lehentasunei, eta elikadurak gure nortasun pertsonal eta sozialean duen eginkizunari buruz.

Galderak sakonak dira: Zer da garrantzitsuagoa erosketa egiterakoan, prezioa ala jatorria? Zer balio galtzen dira etxeko sukaldaritza desagertzen bada? Zelan integratuko ditugu etika eta jasangarritasuna gure eguneroko bizimoduan? Zer ohitura edo aztura defendatu, eraldatu edo sortu gura ditugu etorkizunerako?

 

Manifestura bidea: ideia berriak euskal elikadurarentzat

Taldea bidaiaren erdi-erdian dago. Oraindik, kapitulu, jarduera eta aurrez aurreko bigarren saio bat geratzen dira; saio horretan erronkak identifikatuko dira eta horiei kolektiboki aurre egiteko proposamenak diseinatuko dira.

Puntu gorena aste batzuk barru iritsiko da, hamaika gazte horiek Gastronomiaren Etorkizunaren aldeko Euskal Gazteen Manifestuari forma ematen diotenean: dokumentu kolektiboa izango da, ideia freskoz eta soluzio posiblez betea, Bizkaia osoa inspiratzeko abiapuntu izango dena.

 

Batu eta kutsatzen duen prozesu irekia

BBK Kunatik elikadura kontsumo-kontua baino askoz gehiago dela defendatzen dugu: kultura, lurraldea, jasangarritasuna, tradizioa eta berrikuntza da. The Future Gamek erakusten du eztabaida honetan ahots gazteak eta pluralak batzea funtsezkoa dela etorkizun inspiratzaileak aktibatzeko.

Laster partekatuko ditugu abentura kolektibo honetatik sortutako proposamenak eta gogoetak. Parte hartu gura baduzu, Manifestua ezagutu edo proiektu berrietarako inspiratu, adi egon gure berrikuntzei, gure komunikazio-kanaletan kontatuko ditugu-eta: Bizkaiko elikaduraren etorkizuna guztion artean kozinatzen da.