
The Future Game: Z Belaunaldiaren osasun emozionalari buruzko ikerketa eta ondorioak
Azken urteotan, osasun emozionala intereseko gaia izatetik kezka nagusia izatera igaro da gazteentzat. 2020ko pandemiaz geroztik, antsietateak, depresioak eta ondoez psikologikoak modu kezkagarrian egin dute gora, batez ere Z belaunaldiaren artean.
2021eko Gazte Barometroaren arabera, osasun mentaleko arazoak oso maiz pairatu dituztela adierazi duten gazteen ehunekoa 2017an % 6,2 izatetik 2021ean % 15,9 izatera igaro da. Zifra hori gazteek beren ongizate emozionalari buruz duten kezka gero eta handiagoa adierazten duten zifra ugarietako bat baino ez da.
Errealitate horren jakitun, BBK Kunak eta DOTek The Future Game bultzatu dute, Z belaunaldiaren osasun emozionala modu berritzailean aztertu duen gizarte-laborategia.
Emaitza Z Erupzio Emozionala da, eta proiektu horrek diagnostiko sakona eskaintzen du: zelan sentitzen diren gazteak, zer faktorek eragiten dioten haien ongizateari, eta zer estrategiak lagun dezaketen haien osasun emozionala hobetzen.
Erupzioan dagoen sumendia
Gazteen ondoez emozionalak sumendi-erupzio baten itxura hartu du, eta gizartearen gune guztietara zabaldu da. Sare sozialak errealitate horren isla bihurtu dira, eta “antsietatea”, “depresioa” edo “burnout” terminoak eten barik agertzen dira.
Baina titular kezkagarrietatik haratago, Z Erupzio Emozionalak pauso bat harago joan nahi du: zer gertatzen ari den eta zelan joka dezakegun ulertzea.
Txostenak agerian uzten du osasun mentala ez dela arazo indibiduala bakarrik, baita egiturazko fenomeno bat ere, ezegonkortasun ekonomikoak, gizarte-presioak eta etorkizunaren gaineko ziurgabetasunak eragindakoa. Datu txundigarrienetako bat da gizartea dela, oro har, gazteak azken urtean okerren sentiarazi dituen faktorea, eta ondoren irakasleak eta buru edo nagusiak. Horrek agerian uzten du ez dela barne-arazo bat soilik, baizik eta ulertezintasunaren eta laguntza-faltaren belaunaldi-sentsazioa.
The Future Gameren zeregina
Errealitate horri heltzeko, The Future Gamek ohiko inkestetatik haratago doazen metodologia berritzaileak erabili ditu. Istorio interaktibo, murgiltze-esperientzia eta gamifikazioaren bidez, gazteek beren osasun emozionala zelan bizi duten jakiteko informazio baliotsua lortu dute. Metodologia horrek aukera ematen du haien emozio, beldur eta etorkizunari buruzko itxaropenetan sakontzeko, modu benetakoagoan eta hurbilagotik.
generaciondecristal.es webgunean eskuragarri dagoen txosten osoak ikerketa horren funtsezko ikaskuntzak jasotzen ditu, baita Z Belaunaldiaren ongizate emozionala hobetzeko aukera-arloak ere.
Ondorioak partekatzeko ekitaldia
Ikerketa horren emaitzak aurkezteko, datorren otsailaren 17an ekitaldi bat egingo dugu Bilboko BBK Salan. Ekitaldian, Braulio Gómezek, proiektuaren ikertzaileak, ondorio nagusiak partekatuko ditu; eta, ondoren, mahai-ingurua izango da ikerketan parte hartu duten gazteekin. Ezinbesteko elkarrizketa-gunea izango da egungo gazteen errealitatea ulertu eta irtenbide posibleei buruz hausnartu gura dutenentzat.
Ekitaldiaren datuak:
Data: otsailak 17
Ordutegia: 10:00 – 11:30
Lekua: BBK Sala, On Diego Lopez Harokoa kale nagusia, 19-21, Bilbo
Agenda:
10:00 – 10:20 Ongietorria eta sarrera
10:20 – 10:35 Ondorioen aurkezpena Braulio Gómez-ekin
10:35 – 11:10 Mahai-ingurua gazteekin
11:10 – 11:30 Itxiera eta hurrengo urratsak
Z Belaunaldia zelan sentitzen den eta bere ongizate emozionala babesteko zer egin dezakegun hobeto ulertu gura baduzu, ezin duzu hitzordu hau galdu.
Sakatu hemen izena eman eta ekitaldira joateko
Zure zain gaude!