Turismo kontzientea: Zer dira turismo jasangarria, ekoturismoa eta bidaia arduratsuak?

Gehienetan, turismo kontzienteaz, jasangarritasunaz edo ingurumenarekiko errespetuaz hitz egiten dugunean, antzeko terminoak erabiltzen ditugu, nahiz eta esanahi bera ez izan. Horregatik, komeni da bereiztea, bidaia arduratsuaren esanahia ulertzeko.

Turismo jasangarriaren, ekoturismoaren eta bidaia arduratsuen arteko aldeak eta antzekotasunak

Turismo kontzientean turismo jasangarria, ekoturismoa eta bidaia arduratsua sartzen dira. Helburua tokiko komunitateari mesede egitea da, eta, aldi berean, ingurumena errespetatzea eta babestea. Ikus dezagun zertan datzan kontzeptu bakoitza eta zein den horien arteko erlazioa.

Ekoturismoa, ingurumenarekiko begirunea

Ekoturismoa ez da berria, baina azken urteotan izan den aukerarik ezagunenetako bat da. Bidaiaren ikuspegi honek naturaz gozatzea proposatzen du, ingurumena errespetatuz eta ekonomia zirkularra sustatuz. 60ko hamarkadatik aurrera, industrializazioak ingurumenean zituen ondorio negatiboengatiko kezka hazi egin zen.

  • Ingurune naturala. Turismo honek natura birjinaren kontserbazioa eta eremu babestuak nagusi diren helmugetara jotzen du. Turistak habitat naturala eta basa bizitza ez asaldatzea da asmoa.
  • Ingurumen-eragin edo inpaktua minimizatzea. Ekoturismoa turismo-eredu arduratsua da, eta garapen iraunkor edo jasangarrira bideratzen da. Ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta tokiko komunitatea sustatzeko erantzun gisa sortu zen. Horrek bertoko produktuen eta zerbitzuen enplegua eta salmenta errazten ditu.
  • Lidergoa Espainian. Eskaintza zabala bezain askotarikoa da Espainian, National Geographicen arabera, bertan munduko helmuga garrantzitsuenetako batzuk daude, hala nola Baiona (Galizia), Berguedà (Katalunia) edo Noja (Kantabria), besteak beste.

Turismo jasangarria, ingurumenarekin begirunetsua den eredua

Turismo-eredu honek tokiko komunitateari egiten dio mesede, bertako baliabideak babesten ditu eta eragin negatiboa murrizten du ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Kasu honetan, ez da ingurune naturala bakarrik, hiri- eta landa-helmuga ere hartzen baititu. Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) turismo-eredu berri hori lortzeko gakoak finkatu ditu:

  • Ingurumen-baliabideak optimizatzea. Lehenik eta behin, natura-ingurunea zaintzea eta natura-baliabideak kontserbatzea aipatzen dira.
  • Tokiko kultura sustatzea. Komunitate anfitrioien balio tradizionalekiko errespetua turismo jasangarriaren oinarrietako bat da.
  • Aberastasunaren banaketa. Beste helburuetako bat onura sozioekonomikoak ekitatez banatzea da, jardueretan bizirautea bermatzeko, enplegu egonkorra sustatzeko eta pobrezia murrizteko.

Bidaia arduratsuak, turismo etikoa

Turismo arduratsuak ingurunearekiko erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen du. Beraz, kontuan hartzen du turismo-jarduerak gaur egun duen eta etorkizunean izango duen eragina. Gainera, inbertsioak bultzatzeko ekintzak aurreikusten dira, tokiko komunitateei mesede egingo dieten proiektuak bultzatzeko.

  • Ingurunearekiko konpromiso soziala. Modu arduratsuan bidaiatzeak ingurunearekiko konpromisoa eskatzen du, baita inplikatutako eragileei erantzukizunak eskatzea ere, inpaktua positiboa izan dadin.
  • Ikuspegi etiko eta kulturala. Erantzukizuna da iraunkortasun edo jasangarritasunerantz aurrera egiteko modu bakarra. Horretarako, administrazioak, enpresek eta pertsonek beren ekintzez arduratu behar dute.
  • Erabaki arduratsuak. Bidaiari batek erabaki eta ekintza jasangarri bat hartzen duenean: adibidez, jatetxe begano bat aukeratzea, bertako fauna eta ekosistema errespetatzea, bizikleta erabiltzea batetik bestera joateko.

Laburbilduz, turismo kontzientea goranzko joera bat da, turismo masifikatuaren eragin negatiboari erantzuten diona. Bidaiatzeko modu bat da, kultura-ondarea eta ingurumena babesten ditu, eta, aldi berean, aberastasun ekonomikoa orekatzen du tokiko komunitatearen onurarako.