10 gako EBko teknologia digitaletatik datozen emisioak 2030ean % 40ra irits ez daitezen

Kalkuluen arabera, teknologia digitalek EBn berotegi-efektuko gasen isurketen % 40 eta kontsumo elektrikoaren % 10 eragingo dute 2030ean. ‘Hodeia’ bezain kontzeptu abstraktuek errealitate hori iruditeria edo imaginario kolektibotik urruntzen dute sarritan. Beraz, mundua murgilduta dagoen eraldaketa digitalari ekiteko, beharrezkoa da nazioarteko jasangarritasun-helburuak beteko direla bermatuko duen ingurumen-ikuspegia sartzea.

Beharrizan horretan oinarritu zen ‘Green Digital Conference’, joan den azaroaren 17an eta 18an nazioarteko eztabaida Bilbon ardaztu zuena. Topaketa horren emaitza, ondorio gisa, ‘Bilbao Green Digital’ deklarazioa sortu da orain, trantsizio digitala eta ekologikoa bat etorraraztea beharrezkoa eta urgentea dela jasota uzteko asmoz. Izan ere, termino zehatz bat erabiltzen hasi dira horri buruz hitz egiteko: twin transition.

“Digitalizazio hau materiala da, materialegia”, dio dokumentuak. Ekitaldia Bilboko Udalak, BBK-k, Globernancek eta AI & Democracy Katedrak antolatu zuten. Deklarazioak eraldaketa digital eta berderako dekalogo bat proposatzen du, Bilbao European Encounters-en IX. edizio horretan estatuko eta nazioarteko hainbat adituk izandako elkarrizketaren emaitza. “Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta 2030 Agendarekin bat datorren garapen digitala posible da beraien inplikazio sozial, material eta energetikoak kontuan hartzen baditugu. Garaiz gabiltza”, dio Deklarazioak.

Orain dekalogoan jasotzen diren ondorio horietan, “minimalismo digitaleko irizpideen arabera jokatzea aipatzen da: testuinguru eta aplikazio jakin batzuetan digitalizazio-sistemak garatzeko egokitasuna eta beharrizana aldez aurretik baloratzea, teknologia hutsala saihestuz”. Sistema digitalen garapen eta ezarpenean ekodiseinu-irizpideak sartzea ere aipatzen da, ingurumen-eragina ebaluatzeko eta neurtzeko prozesuak barne. Adierazten denez, “inpaktuak neurtu behar dira sistemak eraldatu ahal izateko”.

Green Digital Conference-n algoritmo berdeen eremua ere jorratu zen, eta dekalogoaren arabera, hori bere garapenetik bultzatu behar da, “datuen zientzian eta adimen artifizialean” oinarrituta, “prozesuetan eta jardueretan energia-eraginkortasuna hobetzeko”. Deklarazioaren arabera, ikuspegi hori energiari dagokionez jasangarriak eta eraginkorrak diren hardware eta softwarearen garapenean ere sartu behar da, algoritmo berde horien bidez.

Berotegi-efektuko gasek eta digitalizazioak zerikusi handia dute. Dekalogoaren puntuetako batek “ingurune digitaletan energiaren erabilera optimizatzeko deia egiten du”, emisioak murrizteko.  ‘Ekonomia digital zirkularra’ ere aipatzen da, “material eta gailu elektronikoen berrerabilpena eta konponketaren kultura sustatzera” zuzenduta. Energiaren esparruan, dekalogoak digitalizazio-prozesuetan energia berriztagarriak lehenestera gonbidatzen du.

Azkenik, pertsonak erdigunean jartzen dira eta “digitalizaziorako eta energia ekoizteko lehengaiak ateratzeak kaltetu ditzakeen gizabanako, populazio, espezie eta ingurune kalteberak babesteko” beharrizana azpimarratzen da. Digitalizazio-prozesuen onurak eta kargak zuzen eta bidezkoak izatea da dokumentuaren beste erreklamazioetako bat, eta, amaitzeko gonbidapen bat: “Herritarren artean alfabetatze digital iraunkorra sustatzea, kontsumo digitaleko ohitura onak sustatuz, bereziki gazteen artean, jasangarritasunarekin eta ingurumenaren babesarekin oso kontzientziatuta baitaude”.

Deklarazio osoa esteka honetan  kontsulta daiteke.