Moda jasangarriarekin bat egiteko jarraitu ditzakezun 10 aholku

Ziur nago zu ere konturatu zarela modaren industria jomugan dagoela fabrikatzeko behar dituen energia eta baliabideengatik. Isurketez ari gara, baita ur-kontsumoaz ere, adibidez. Horri kontrajarrita, mugimendu bat sortu da, moda jasangarri, ekologiko edo etikoarena. Slow fashion ere esaten zaio, fast fashion delakoaren aldean, azkartasuna eta kostu txikia lehenesten ditu-eta.

Dakizunez, gai hau BBK Kunako azterketa-ardatzetako bat da, gure ‘Etorkizuneko biztanleak’ proiektuan aztertzeko gaia, non modaren etorkizunaz ikertzen dugun.

Zer da moda jasangarria?

Egia esan, moda jasangarri edo ekologikoarekin industria honetan iraunkortasuna eta etika bilatzen dituen pentsamendu-korronte bati buruz ari gara. Arropa edo jantzi bat egiteko behar diren prozesuak eta baliabideak kontuan hartzea eta horretaz kontzientziatzea da.

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren ikerketa baten arabera, galtza bakero batzuek 2.130 eta 3.078 litro ur behar dituzte ekoizpen-prozesuan. Datu horrekin, ehungintzaren sektoreak ura bezalako ondasun urri batean duen eragin handiaren berri izan dezakezu. Izan ere, kotoiaren laborantzak planetako ur-kontsumoaren % 3 baino gehiago hartzen du, eta eskaria handitu egin denez, laborantza-eremuak handitu egin dira. Eta hori adibide bat baino ez da.

Moda etikoak prozesu horiek guztiak kontuan hartzearen alde egiten du, baita denbora gehiago irauten duten kalitate hobeko jantziak eskaintzearen alde ere. Bestalde, sektore horretan lan egiten duten pertsonek jasotako tratua ere aintzat hartzen du, bidezko soldata eta lan-baldintza onak aldarrikatuz.

Moda etikoko jantzien ezaugarriak

Jantzi bat moda etikoaren estandarraren arabera ekoitzita dagoen edo ez bereizteko, hainbat baldintza bete beharko dituzu. Horietako batzuk aipatuko dizkizugu:

  • Kalitate handiko material jasangarriekin egina dago: zetak, banbuak, lihoak edo kotoi ekologikoa, besteak beste.
  • Diseinuak denboraz kanpokoak dira eta ez dira eragin-joera edo inpaktu-korronte galkorren arabera arautzen.
  • Ez dira arropa-kate handietan saltzen, tokiko denda txikietan baizik.
  • Eremu geografiko berean ekoizten eta saltzen dira. Ahal den neurrian, tokiko lehengaietara ere jotzen dute. Hau da, jatorritik urrun eramateko, garraioak dakarren karbono-aztarna kontuan hartzen dutelako.
  • Askotan, enkarguzko fabrikaziora jotzen dute, behar baino gehiago ez kontsumitzeko.

Moda jasangarriaren onurak

Asko dira eta jende guztiaren bizi-kalitatea hobetzen dute. Gainera, Nazio Batuen GJHen barruan kokatzen dira. Horietako batzuek zerrendatuko dizkizugu:

  • Ingurumen-inpaktua murrizten du, planetari ahalik eta kalte txikiena egiten dioten prozesuak erabiltzen baititu.
  • Ekonomia zirkularra eta birziklapena sustatzen ditu.
  • Langile edo beharginen lan-baldintzak hobetzen ditu.
  • Gehiago irauten du.
  • Energia-kostuak murrizten ditu.
  • Enpresa ekoizlearen irudi korporatiboa hobetzen du.

Moda jasangarriaren alde egiteko 10 aholku

Mugimendu honekin bat egin nahi baduzu, oinarrizko 10 aholku hauei jarraituz has zaitezke:

  1. Erosi kalitate handiko jantziak, armairua betetzen ez baduzu ere. Gutxiago gehiago izan daiteke: konbinazio desberdinak ahalbidetzen dizkizuten jantziak eta oinarrizko jantziekin armairua osatzea ideia bikainak dira.
  2. Lagundu aktiboki tokiko diseinatzaileei eta diseinatzaile jasangarriei. Hurbilekoa jasangarriagoa da, eta, gainera, sorkuntza- eta ekoizpen-sarea indartzen eta tokiko ekonomia bultzatzen ere lagunduko duzu.
  3. Irakurri etiketak. Bilatu lehengai jasangarriak, hala nola kotoi ekologikoa, ‘Tencel’ edo lihoa, besteak beste.
  4. Saihestu ehun sintetikoak, birziklatzetik ez badatoz behintzat.
  5. Erosi bigarren eskuko jantziak. Ekoiztuta badago, erabilera luzatzea da onena.
  6. Birziklatu edo eman jantzi gura ez dituzun arropak. Zuri zerbitzurik ematen ez badizute ere, ziur beste norbaitek aprobetxatu ahal izango dituela eta beste erabilera batzuk bilatu.
  7. Zaindu zure arropa. Jantzien iraunkortasuna handitzen du.
  8. Josi eta egin zeuk konponketa txikiak. Konpontzea berritzea baino hobe.
  9. Trukatu arropa zure lagunekin edo senitartekoekin. Arroparen bizitza luzatzen jarraitzeko beste modu bat da: zuri balio ez badizu, seguru zure gertuko jendartean norbaitek erabil dezakeela. Lehen egiten zen bezala…
  10. Aukeratu denboraz kanpoko arropa estilo klasikokoa, modaz inoiz pasatzen ez dena. Ez erreparatu modaren joerei bakarrik eta bilatu denboraz kanpoko estilo bat.

Modaren industriak gauza asko ditu egiteke jasangarritasuna eta herritar guztien ongizatea lortzeko. Moda jasangarriak pentsamolde-aldaketa horren alde egiten du, hainbeste behar dituen printzipio etiko horiek onartzera behartuko duena. Ez da soilik ingurumen-eragin edo inpaktuaren kontua. Halaber, arduratsua izan behar du eta tratu justua eman behar die langileei produkzio-prozesu osoan.