3. GJH – osasuna eta ongizatea: Zertan datza zehazki?

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuetako kide diren 193 herrialdek 2015ean onartutako ekintza-esparru global bat dira. Helburu horiek ekintzarako dei unibertsala dira, pobrezia amaitzeko, planeta babesteko eta pertsona guztiek bakea eta oparotasuna izan dezaten ziurtatzeko. GJH erabakigarrienetako bat 3.a da, pertsonen osasuna eta ongizatea ardatz dituena, horiek funtsezko elementuak baitira iraunkortasun edo jasangarritasuna garatzeko, oro har.

3. GJHaren xehetasunak

3. GJHak, “Osasuna eta Ongizatea” delakoak, bizitza osasungarria bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea du helburu, adin guztietan. Helburu hori lortzeko, jarraibide zehatzak ezarri dira. Horien artean, honako hauek daude:

  • Amen eta haurren heriotza-tasa murriztea: bizirik jaiotako 100.000ko 70 baino gutxiagora jaitsi nahi da amen heriotza-tasa, eta bizirik jaiotako 1.000tik 25 baino gutxiagora haurrena.
  • Gaixotasun infekzioso eta ez-kutsakorren aurkako borroka: GIB/HIES, tuberkulosi, malaria eta beste gaixotasun batzuen epidemiekin amaitzen saiatzen da, trafiko-istripuek eragindako heriotzak eta lesioak erdira murrizteaz gain.
  • Sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetara sarbide unibertsala: Zerbitzu horiek, baita familia-plangintza ere, guztion eskura egotea.

Azpimarratu nahi dugu, Bizkaiko gizarte-erakunde gisa, eta banku-erakunde baten mendeko izanik, aukera dugula 3. GJHari laguntzen dioten tokiko ekimenak gidatzeko. Horren barruan sar daitezke osasun komunitarioko proiektuak finantzatzea, bizitza osasungarriari buruzko hezkuntza sustatzea eta tokiko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, gure erkidegoan osasun-erronka espezifikoei aurre egiteko.

3. GJHa lortzeko herritar gisa parte hartzea

Osasuna eta ongizatea iraunkortasun edo jasangarritasunaren funtsezko zutabeak dira, biztanleria osasuntsu bat funtsezkoa baita aurrerapen ekonomiko eta sozialerako. 3. GJH lortzeko, funtsezkoa da herritarren segmentu guztiek parte hartzea. Hainbat modutara gauza ditzakezun ideia eta ekintza batzuk aurkezten dizkizugu.

Gobernua eta erakunde publikoak

Zure aukeren barruan badago, osasun-sistema irisgarrietan eta kalitatezkoetan inbertitu behar duzu, ikerketa medikoa sustatu behar duzu eta osasun-zerbitzuen eskuragarritasuna bermatu behar duzu erkidego guztietan. Gaixotasunak prebenitzeko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko politikak ere ezar ditzakezu.

Gizarte-erakundeak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak

Osasunaren eta ongizatearen garrantziaz kontzientziatzen lagun dezakezu, bereziki komunitate ahul edo kalteberetan. Gaixotasun kronikoak edo epidemiak dituzten pazienteei eta familiei laguntza emateko aukera ere baduzu.

Enpresak eta banku-entitateak

Zure langileei ongizate-programak eskainiz, lanean osasun-kultura sustatuz eta ikerketa medikoko eta teknologia mediko jasangarriaren garapeneko proiektuak bultzatuz lagundu dezakezu. Gainera, banku-erakundeek sektore horiekin lotutako ekimenak finantza ditzakete.

Gizabanakoak

Herritar partikular gisa, helburu horretan lagun dezakezu bizi-ohitura osasungarriak hartuz, mediku-azterketa erregularrak eginez, boluntariotzako jardueretan parte hartuz edo arlo horretan lan egiten duten erakundeei dohaintzak eginez.

Hezitzaileak eta eskolak

Sektore honetan arituz gero, bizitza osasungarriaren sustapenean funtsezko zeregina bete dezakezu. Adibidez, eskola-curriculumean ongizateari buruzko gaiak sartuz. Era berean, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria susta ditzakezu.

Labur esanda, artikulu honetan ikusi dugun bezala, 3. GJHa iraunkortasun edo jasangarritasun globalaren funtsezko osagaia da. Bere helburu guztiak lortzeko, beharrezkoa da elkarrekin lan egitea osasunaren sustapenean. Espero dugu emandako ideiak kontuan hartzea, zure ekarpentxoa egin ahal izateko.