5GJH: Nola joka dezakete enpresek genero-berdintasuna bermatzeko?
Garapen Jasangarrirako 5. Helburuak (GJH 5) genero-berdintasunerako bide argia ezartzen du. Baina, zelan lortzen dute enpresek ideal hori gauzatzea beren eguneroko egituretan eta praktika edo jardunbideetan?
Hurrengo lerroetan azalduko da zertan datzan zehazki helburu hori, eta zelan lagun dezaketen enpresa-erakundeek helburu hori betetzen, bai barruan, bai kanpoan.
Begiratu bat Garapen Jasangarrirako 5. Helburuari
5. GJHaren helburu nagusia mundu osoko genero-desberdintasunei heltzea da. Helburua da emakumeek eta neskek bizitzako alderdi guztietan aukera-berdintasuna izango dutela bermatzea.
Hor sartzen dira hezkuntza, osasuna, enplegua, parte-hartze politikoa eta erabakiak hartzea maila guztietan. Kontua da egiturazko desberdintasunei heltzea eta emakumeen eta nesken ahalduntzea sustatzea mundu osoan.
Nabarmentzekoa da genero-berdintasuna faktore erabakigarria dela ingurune bidezkoago eta oparoago baterako. Hala ere, gaur egun emakumeak azpiordezkatuta daude politikan eta ekonomian, eta diskriminazioari eta indarkeriari aurre egin behar diete.
Legegintza-arloan aurrerapenak lortu diren arren, eskubide horiek bermatzeko baliabideak oraindik ez dira nahikoa. Ildo horretan, enpresek beren esku dute, halaber, barne-berdintasuna sustatzeko eta kanpoko ahalduntze-programetan parte hartzeko aukera.
Eguneroko praktika edo jardunbideak helburu hori betetzera bideratzea oso onuragarria izan daiteke gizartearentzat eta ekonomiarentzat. Gainera, ez da ahaztu behar enpresa-irabazi handiagoekin lotuta egon ohi dela zuzendaritza-postuetan emakumeen presentzia.
Enpresa-estrategiak berdintasun handiagoko mundurako
Enpresek beren barne- eta kanpo-eragiketetan ingurune inklusiboagoa eta bidezkoagoa sustatzen duten estrategiak erabil ditzakete. Horrela, Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako 5. Helburuarekin (5. GJH) bat etortzea lortzen dute.
Nola lagundu barruan 5GJH betetzen
Barne-mailan 5GJH aplikatzeak berekin dakar enpresaren barruan berdintasuna sustatzen duten praktika edo jardunbideak ezartzea. Horrek mesede egiten die langileei, eta negozioaren ospea eta jasangarritasuna indartzen ditu. Hona hemen estrategia eraginkor batzuk:
- Genero-berdintasunerako politikak ezartzea: gaiari helduko dioten politika argiak garatu eta aplikatzea, besteak beste, kontratazioaren, sustapenaren eta konpentsazioaren arloetan.
- Kontratazioan aniztasuna sustatzea: erakundeko maila guztietan aniztasuna sustatzen duten kontratazio-praktika inklusiboak ezartzea, zuzendaritza-postuak edo goi-mailako postuak barne.
- Gaikuntza eta garapen profesionalerako programak eskaintzea: langile guztientzat bidezkoak izango diren trebakuntza eta garapen profesionalerako aukerak ematea.
- Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzea: lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka bultzatuko duten politikak ezartzea, hala nola telelana, ordutegi malguak eta guraso-lizentzia inpartzialak.
- Antolaketa-kultura inklusiboa sustatzea: errespetuan oinarritutako lan-ingurunea sustatzea, eta kolaboratzaile guztien iritziak eta ekarpenak aintzat har daitezela, haien generoa edozein dela ere.
5GJH betetzen laguntzea kanpoan
Barne-ekintzez gain, enpresek 5GJH betetzen lagun dezakete kanpoan ere, eta eragin positiboa izan dezakete gizartean, oro har. Hona hemen hori egiteko modu batzuk:
- Ekimen komunitarioak babestea: emakumeen ekitatea eta ahalduntzea sustatzen duten toki- edo eskualde-erakundeekin lankidetzan aritzea, dohaintzen, babes-ekintzen edo boluntariotza korporatiboaren bidez.
- Produktu eta zerbitzu inklusiboak garatzea: emakumeen eta nesken beharrizanei erantzungo dieten produktuak edo zerbitzuak diseinatu eta eskaintzea. Adibidez, osasuna, hezkuntza, teknologia, … arloetan arrakalak ixteko modu bikaina da hau.
- Hornidura-katean berdintasuna sustatzea: emakumeak hornidura-katean sartzea sustatzen duten politikak eta praktikak ezartzea, eta balio horiek partekatzen dituzten hornitzaileekin lan egitea. Genero-estereotipoak indartzen dituzten produktuak merkaturatzea saihestu behar da.
- Sentsibilizazio-kanpainetan parte hartzea: emakumeen ahalduntzea sustatzen duten eta diskriminazioa nahiz nesken aurkako indarkeria salatzen duten kanpaina eta mugimenduekin bat egitea.
- Politika publiko inklusiboen alde egitea: elkarrizketa publikoan parte hartzea eta pertsonen artean eskubide berberak sustatzen dituzten gobernu-politiken alde egitea, hala nola soldata-berdintasunerako legeak eta lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.