Kuna-co Proiektuen deialdi berria ireki du gaur BBK Kunak proiektu berritzaileak bultzatzeko, ardatza GJHetan jarrita

BBK Kuna: GJH Etxeak KUNA-CO PROIEKTUEN beste deialdi bat jarri du abian. Ekimen horren bidez, Euskadin, oro har, eta Bizkaian, bereziki, GJHak lortzera bideratutako Berrikuntza Proiektuak bultzatu gura ditu erakundeak. Deialdi berri honetan, erronka hauek jorratu behar dira: ONGIRAKO TEKNOLOGIA, MIGRAZIOA ETA TALENTUA, ETA BIZITZA-LUZERA BERRIA.

BBK Kunak, BBK Kuna Institutuaren eskutik egindako hausnarketa-prozesu baten bidez, Bizkaiko Lurraldeak aurrean dituen erronkak identifikatu eta lehenetsi ditu. Deialdi honek, hain zuzen ere, erronka horietako batzuei heldu gura die beren definizio zehatzenetan, gizarte-inpaktu eta -onura handiena lortzera bideratuta. 

Aukeratu ahal izango diren berrikuntza-proiektuak beren lankidetza Partzuergo baten bidez antolatzen duten erakundeek aurkeztu eta gidatu beharko dituzte, hau da, ikerketa eta ekintza egiten lagunduko duen erakunde-talde batek.

Partzuergoak gutxienez bi eragile izan behar ditu, arlo hauetakoren baten ordezkari: unibertsitatea, enpresa, administrazio publikoa edo gizarte zibil antolatua. Modu koordinatuan, planteatutako gai eta erronketako bat ikertzeko proposamena aurkeztuko dute.

Erakundeetako batek gidatuko du partzuergoa. ‘Koordinatzailea’ deituriko erakundea izango da. Erakunde liderrak/koordinatzaileak irabazi asmo bakoa izan beharko du.

IKERKETA-EKINTZA PROIEKTUA      

Ikerketa-ekintzako Kuna metodologiaren helburua errealitatea aztertzea ez ezik aldatzea ere bada, ezagutza baliagarria eta eragingarria sortzea bilatuz.  Horrela, aukeratutako gaiari buruzko ikerketa jaso beharko du proposamenak, baina aplikazio praktikoa, benetako ekintza eta transferigarria izango duen emaitza bat ziurtatu beharko du.

Deialdiak 150.000 euroko aurrekontua du, eta hautatutako proiektuen artean banatuko dira. Hautapen-panelak proiektu bat edo gehiago hautatu ahal izango ditu erronka bakoitzeko.

Proiektuak aurkezteko prozesuak 2 fase izango ditu:       
1. FASEA:
Otsailaren 27tik martxoaren 27ra. Proiektu laburtua aurkeztea.
2. FASEA:
Apirilaren 5etik maiatzaren 5era. 1. fasea igaro duten proiektuek proiektu xehatua aurkeztuko dute. 

OINARRIAK: https://kuna.bbk.eus/proyecto/kuna-co-proiektuak/

DEIALDIKO ERRONKAK         

Ikerketa-ekintzako proiektuen bidez, erronka hauei erantzun behar zaie:

  •  ONGIRAKO TEKNOLOGIA: “TECH FOR GOOD”

Digitalizazioa nonahi dago. Eraldaketa digitalaren ekonomiak gauzak ikusteko eta egiteko ditugun moduak alda ditzake, eta ekintzailetza-eredu berriak sor ditzake, esate baterako berrikuntza lankidetzaren bidez eta gizarte-aktibismorako aukera berriak. Azken pandemiak digitalizazioaren eta datuen garrantzia nabarmendu ditu era guztietako erronka eta arazoei aurre egiteko, ez bakarrik osasun publikoari dagokionez, baita lanari, administrazio-kudeaketari, gizarte-politikei, mugikortasunari, herritarren parte-hartzeari eta larrialdi klimatikoari dagokienez ere.  

Horregatik, erronka honek teknologian oinarritutako proiektuak bilatzen ditu, ongia egiteko palanka gisa (Tech for Good). Deialdi honetan ideia disruptiboak bilatzen dira, teknologian oinarrituta, ingurumenean edo gizarte-garapenean modu positiboan eragiten dutenak.

  •  MIGRAZIOA ETA TALENTUA.

Gizarte- eta ekonomia-trantsizioek bat egiten dute erronka honetan esparru gisa, eta biei lotutako proiektuak bilatzen dira. Egungo egoeran ekonomiaren geldialdiak gizartea pobretzea eragin du, eta horrek politika publikoen iraunkortasunari kalte egin eta gizarte-desberdintasun handiagoak eragin ditzake. Gainera, desberdintasun-egoerek migratzaileen kolektiboei eragiten diete bereziki. Bestalde, Bizkaiko lurraldean talentua sortu, erakarri eta berton atxikitzeari buruzko kezka enpresek, erakundeek eta gizarteak partekatzen dute.  Beharrezkoa da talentuaren beharrizana birpentsatzea eta migrazio-ibilbideekin lotzen saiatzea, norabide guztietan adituen ihesa saihesteko tresnak sartuz.

Beharrizan horiek eta talentu-gap hori identifikatzen dituzten eta beharrizana edo deia egokitzen lagunduko duen pilotu bat proposatuko duten proiektuak bilatzen ditu erronka honek.

  • BIZITZA-LUZERA BERRIA.

Gizateriaren historian lehen aldiz, 65 urtetik gorako pertsona gehiago daude 5 urtetik beherako umeak baino. Bizkaia Espainiako estatuko lurralde historikorik zahartuena da. Eustat-en proiekzio demografikoen arabera, 2031rako, Bizkaiko biztanleriaren % 29k 65 urte baino gehiago izango ditu, eta % 10ek 80 urte baino gehiago.

Errealitate horren aurrean, egitura demografikoaren aldaketa horrek bizitzako arlo guztietan, bai maila globalean, bai tokiko mailan, izango duen garrantzia eta eragina adierazten dute erakunde eta entitate publiko eta pribatu askok. Aldaketa demografiko horrek sistemak eta egiturak birpentsatzea eskatzen du, baina baita zahartzaroa zelan ulertzen dugun berrikustea ere. 

Erronka honek bizitza-luzera berriari ikuspegi eraikitzailetik helduko dioten pilotuak sortuko dituzten proiektuak bilatzen ditu.

KUNA-CO PROIEKTUAK 2022           

Kuna-Co Proiektuen aurreko deialdian honako erronka hauek jorratu ziren: Migrazioa eta Oparotasuna: Garapen Ekonomiko eta Sozial Inklusiboa, Trantsizio Digital Humanista, eta Gastronomia Jasangarria.

Migrazioa eta Oparotasuna: Garapen Ekonomiko eta Sozial Inklusiboa lantzeko ‘Ertzean’ proiektua aukeratu zen. Proiektu horren helburua da zainketen sektorean lan egiten duten atzerritar jatorriko pertsonen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonak etxean eta/edo gizarte-erakundeetan zaintzeko sektorean orientazio, laguntza eta prestakuntzarako zerbitzu bat diseinatuz eta emanez. Proiektua Servicios Sociales Integrados S.Coop.–SSI Taldeak, Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioak eta Ikuspegi–Immigrazioaren Euskal Behatokiak garatzen dute.

Trantsizio Digital Humanista proiektua Deustuko Unibertsitateko HUME taldeak garatu du, Wikitokiren eta lau eremutako ─zibersegurtasun, datu pertsonalen babes, gobernu ireki eta gizarte zibileko─ eragileen laguntzarekin. Bizkaian Trantsizio Teknologiko-Digitalaren (TTD) gobernantzan kontuak emateko mekanismoak identifikatzea eta ebaluatzea helburu duen ikerketa bat egingo da, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) begira.

Gastronomia Jasangarria AZTI Fundazioak garatutako proiektu baten bidez lantzen da. Basque Know How Fundazioak (BKHF) eta Gorka Izagirre Upategiak (BGI) ere parte hartzen dute proiektu horretan.  BKHFren kasuan, gastronomiaren sektorea eta bere balio-katea bildu eta koordinatzen ditu. Bestalde, Gorka Izagirre upategia lehen sektorearekiko lokarria izango da, eta proiektuaren zerbitzura jarriko du bere ezagutza, baita proiektuaren zati horri ekiteko beharrezkoak diren bitartekoak ere.