Abian jarri dira BBK Artegunean hautaturiko proiektuak.

BBK Artegunea deialdi berria testuinguruak sortzeko da, zeinetan pertsonak prozesu artistiko eta kulturalen parte bihurtzen diren, eta askotan beren praktika eta/edo garapenerako laguntza ekonomikoa eta azpiegiturak aurkitzeko zailtasunak dituzten proiektuei laguntzea du helburu. BBK Arteguneak bi laguntza-ildo ditu: bata proiektu transdiziplinarretarako eta bestea musika-proiektuetarako.

Abiarazten lehenak 3 proiektu transdiziplinarrak izango dira, eta 2022. urtean zehar gauzatuko dira BBK Kunan.

Maiatza hasteko Topiak: Etorkizuneko oroigarriak. Etorkizunari buruz hausnartzea eta oraina birpentsatzea, espekulazio-objektuen sorkuntza bidez. Tipik eta Victoria Ascasok sustatutako proiektu honek zati praktiko bat izango du tailer formatuan, eta bertan interesa duten pertsonek, praktika artistikoetatik abiatuta, etorkizunaz pentsatzeko beste modu batzuekin esperimentatu ahal izango dute. Tailerretan forma emango zaie espekulazio-objektuei, gura dugun etorkizunera hurbilduko gaituzten estrategiak pentsatzen eta gauzatzen laguntzeko.

Proiektua honetan zehazten da:

1. TAILERRA | Forma fisikoa pentsatzea, gorputz bat aurkitzea. Maiatzaren 9a, 18:00-20:00 | BBK Kuna

Izen-emateak hemen.

Aldez aurretik landutako etorkizun desiragarriko agertokiak ezagutzea, horietara garamatzaten estrategietan ikertzeko. Espekulazio-objektuak formalizatzen hasiko gara; denboran beste leku batetik berba egiten diguten piezak dira, etorkizun desiragarria lortzeko estrategiak fintzen eta gorpuzten lagunduko digutenak. Praktika artistikoetatik, gorputzetik eta marrazkitik espekulatuko da, espekulaziozko pieza horien forma posibleak haztatzeko.

2. TAILERRA | Prototipoa eraikitzea. Maiatzaren 10a, 18:00-20:00 | BBK Kuna

Izen-emateak hemen.

Aurreko saioan zirriborratutako espekulazio-objektuak –Etorkizuneko oroigarriak– prototipatuko dira. Hainbat material eta baliabidetatik abiatuta, gutxienez objektu horietako baten diseinua taldean amaituko da, etorkizun desiragarria lortzen lagunduko duten estrategietako bat gorpuztuko duten piezen lehen formalizazio bat lortzeko.

Tailer horiez gain, aurkezpen publikoa egingo da eta objektuetako batzuen erakusketa, BBK Kunan ikusgai egongo dena.

Ekainean, esperimentatzeko hurrengo proiektua Gorputzetik haratago-Más allá del cuerpo izango da, DOOS kolektibo artistikoak gidatutako proiektua. Eva Guerrerok eta Jemima Canok 2012an Bilbon sortua.

Proiektua parte hartzeko gailu gisa osatzen da, non dantza, teknologia eta erakusketa-formatua nahasten diren; esperientzia horrek konpainiaren hainbat material irekitzen ditu formatu ez-eszenikoan, non dantzari heltzeko beste modu batzuetan sartu ahal izango den publikoa.

Esku-hartzeak 3 mikro-ekintza ditu osagai: dantzan murgiltze-esperientzia errealitate birtualeko betaurrekoen bidez; ikerketa koreografikoko prozesu baten argazki-erakusketa (gehi printzipio fisiko hori probatzeko joko gailu bat); eta hirugarrena, ikuspen-ekintza (loop bideoa eta banbuzko makila batzuk argibideekin, publikoak dinamika hori errepika dezan esploratuz).

Uda ostean Begirada Artean taldearen Silart proiektuarekin itxiko da programa. Proiektu honek autokontzeptuaren ideian sakontzen du arte eszenikoak, literarioak eta soinu-arteak uztartuz. Hiru errealitate horiek irudikatzeko dantza, antzerkia, musika eta off ahotseko testuak erabiliko dira.

Erabiltzaileari parte-hartze aktiboa ematen diote, obra artistikoa osotasun gisa hautemateko, baliabide akustikoak, bisualak eta elektronikoak nahastuz. Proiektuak sorkuntza-prozesuaren ateak irekitzen ditu, herritarrek proiektuaren sorreraren esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.

Proiektuak berariazko tailerrak ditu eskola-taldeentzat, eta saio ireki bat herritar guztientzat.