Airi Ferrer, Fashion Revolution Week: “Herritarrek ere modaren industrian aldaketa eragiteko ahalmena dute”

Fashion Revolution modaren inguruko aktibismoaren mugimendu bat da, mundu mailakoa, gizarteko hainbat sektore eta arlo mugiarazten dituena.

Helburua da moda globalaren industriak ingurumena kontserbatzen eta lehengoratzen laguntzea, eta hazkundearen eta irabazien gainetik pertsonak baloratzea.

Euskadik ordezkaritza du mugimendu horretan, eta apirilaren 25etik 27ra bitartean hainbat ekintza egingo dira Euskadiko Fashion Revolution Week-en esparruan. Horri guztiari buruz hitz egiteko, Airi Ferrer, taldeko kidea, elkarrizketatu dugu. Mugimendu honen oinarriak azaldu dizkigu eta herritarrek eguneroko bizitzan aplikatu ahal izateko jarraibideak eskaini dizkigu.

Fashion Revolution mugimendua

Zelan eta zergatik sortu da Fashion Revolution mugimendua? Nork bultzatzen du?

Fashion Revolution 2014ko apirilean jaio zen, Rana Plazako istripuaren ondorioz. 2013ko apirilaren 24an, nazioarteko 20 marka ingururentzako fast fashion jantziak egiten ziren 5 solairuko eraikin bat kolapsatu egin zen: 1.134 pertsona hil ziren, gehienak emakumeak, eta 2.000 baino gehiago zauritu.

Orduan erabaki zuten Orsola de Castrok eta Carry Somers-ek, UK-ko bi diseinatzailek, Fashion Revolution sortzea.

Gaur egun, 80 herrialdetan baino gehiagotan dago mugimendua. Ikerketan, sustapenean eta hezkuntzan oinarrituta lan egiten dugu, industrian parte hartzen duten eragile guztiak sentsibilizatzeko, eta moda gardenagoa, trazagarriagoa eta bidezkoagoa aldarrikatzeko.

Zein da Fashion Revolution-en misio zehatza eta zer ekintza- eta jarduera-mota garatzen ditu?

Ingurumena kontserbatu eta lehengoratuko duen eta pertsonak hazkundearen eta irabazien gainetik baloratuko dituen moda globalaren industrian sinesten dugu.

Gure helburuak:

• Giza esplotazioaren eta ingurumenaren ustiapenaren amaiera modaren industrian.

• Lan-baldintza seguruak eta duinak eta soldata duinak pertsona guztientzat hornidura-katean.

• Botere-oreka birbanatu eta zuzenagoa munduko moda-industrian.

• Lan-mugimendu handiagoa eta indartsuagoa modaren industrian.

• Baliabide baliotsuak kontserbatzeko eta ekosistemak birsortzeko lan egingo duen moda globalaren industria.

• Gardentasunaren eta kontuak ematearen kultura balio-kate osoan.

• Baztertzeko kulturaren amaiera eta materialak askoz denbora gehiagoz erabiliko diren eta ezer alferrik galduko ez den sistemara aldatzea.

• Tokiko ondarea, artisautza eta jakituria aintzatestea.

Fashion Revolution mugimendua modaren industriarekin lotutako esparru guztietako herritar eta profesionalek osatzen dute. Zein ikuspegi du bakoitzak bere ikuspuntutik?

Modari, ingurumenari lotutako profesionalak gara edo, besterik gabe, modarekin eta ingurumenarekin lotutako egungo egoerak kezkatzen gaituen herritarrak.

Fashion Revolutioneko pertsona bakoitzak oso paper garrantzitsua du, oso gai desberdinetako adituak behar ditugulako: zientzialariak, komunikatzaileak, diseinatzaileak, ikertzaileak, legegileak edo kazetariak.

Uste dut Fashion Revolutionen arrakastaren gakoetako bat, hain zuzen ere, beren ezagutza berezia ematen duten profesionalekin taldean lan egiten jakin izana dela, horrekin industriaren hainbat azpisektoretara iristea lortu dugu-eta.

Azkenaldian, modaren industria ingurumen-egoeraren ehuneko handi baten errudun gisa aurkeztu da: fabrikazio-prozesuetan behar duen energiaren eta baliabideen kontsumo-mailagatik, ur-kontsumoagatik, isuriengatik, etab. Zein da egoera une honetan?

Ehungintza da planetako kutsatzaileenetako bat, C02 isurketen % 10 eragiten du, uraren kutsaduraren % 20 eragiten du edo planetako baliabide mugatuak ustiatzen ditu. Gainera, arazo larria dago zabortegietan pilatzen diren ehun-hondakinen kudeaketan. Gaur egun, gure jantzien ehunen % 60 baino gehiago zuntz sintetikoz eginak daude, eta horiek 200 urte baino gehiago behar izan ditzakete biodegradatzeko.

Hala ere, egoera kritikoa den arren eta konponbideak aurkitzea premiazkoa den arren, sektoreko enpresa asko beren ekoizpenei buruzko neurriak hartzen hasi dira, baita gobernuak zenbait alderdi arautzen eta herritarrak kontzientzia hartzen ere.

Aldi berean, moda jasangarri, ekologiko edo etikoaren mugimendu bat sortu da. Posible al da modaren industria kosturik baxuenean eta lastertasunean oinarritzen ez den ekoizpen batera bideratzea? Ala bi korronteek elkarrekin bizi behar dute?

Posible da, bai, denbora askoan horrela izan baita. Duela urte asko, arropak izugarrizko balioa zuen, etxebizitzaren eta janariaren ondoren ondasunik preziatuena zen. Gaur egun, ordea, arropak balio guztia galdu du. Nire ustez, kutsadurarekin, hondakinen kudeaketarekin, baliabide mugatuen ustiapenarekin edo lan-eskubideen gabeziarekin lotutako arazoa izateaz gain, bada gutxi aipatzen den beste arazo bat ere: osasun mentala eta fast fashion eta ultra fast fashion enpresek kontsumitzaileei, batez ere gazteenei, egiten dieten kaltea da, astero arropa berriak erosten ez badituzte estres emozionala eta antsietatea sentitzen baitituzte.

Zelan sustatzen du Fashion Revolution mugimenduak ingurumenarekin adiskidetsua izango den baina industria izaten jarraituko duen moda bat?

Guk hezkuntza, sustapen eta ikerketatik lan egiten dugu, herritarrei eta kontsumitzaileari industriaren ingurumen- eta gizarte-inpaktuari buruzko ezagutza eman ahal izateko, baina, era berean, beharrezko informazioa ere bai, kontsumitzaileak jakin dezan non eta nola aurkitu behar dituen egoki lan egiten duten markak, onura ekonomikoa ez ezik, ingurumen- eta gizarte-onura ere kontuan hartuta; eta, aldi berean, kontsumitzaileari ideiak eta tip edo aholkuak ematen dizkiogu, produktuaren erabileraren etapan edo amaierako etapan inpaktua murrizte aldera.

Nola kontzientziatu daiteke gizartea egoerari buruz, eta modari eta janzteari dagokionez antzinako balioak ezarri?

Fashion Revolutionetik mugimendu anitza eraiki dugu, komunitateak mugiaraziz eta mundu osoko pertsonak bilduz ekintza kolektiboei ekiteko.

Jendeari bere arroparen inpaktuak ulertzen eta modaren industrian zelan eragin dezakeen ulertzen laguntzen diogu.

Gainera, artista eta aktibistekin elkarlanean aritzen gara modaren kulturan txertatutako narratiba ahaltsuak birformulatzeko, eta tresnak sortzen ditugu pertsonek beren ahotsa erabil dezaten eta beren bizitza pertsonalean eta lan-bizitzan aldaketak egin ditzaten.

Lan hori guztia UK-tik egiten da, han baitu egoitza nagusia mugimenduak, eta gure koordinatzaileetako bakoitzetik inguruko komunitateetara esportatzen dugu.

Mugimendu horrek mundu-mailan funtzionatzen du, eta herrialde batzuk dagoeneko neurriak hartzen ari dira maila instituzionalean ere. Frantzian, adibidez, moda ultralasterra geldiarazteko neurri zorrotzak iragarri berri dira, hala nola tasak aplikatzea eta publizitatea debekatzea. Posible al da politika-aldaketa sustatzea eta gobernuengan eragitea, instantzia gorenetatik neurriak har daitezen?

Bai, noski. Europan hartzen ari diren neurri horiek, hain zuzen ere, gurea bezalako erakunde asko edo zientzialariak industria honek sortzen duen arazoaz ohartarazten ari garelako ari dira hartzen.

Kanpaina asko egiten ditugu urte osoan, gizarteko maila guztiak sentsibilizatzeko, legegileak barne.

Fashion Revolution Euskadin

Zelan funtzionatzen du Fashion Revolution mugimenduak Euskadin? Nortzuk osatzen dute? Herritar guztiei irekitako taldea al da? Edonor sar daiteke?

Euskadin modari lotutako pertsona-multzo bat gara, komunikazio-ikasleak, diseinatzaileak eta abar.

Edozein herritar dago gonbidatuta fashion revolution week delakorako ekintzak egitera, eta horiek baloratu eta programazio ofizialarekin batera programatzen ditugu antolakuntzatik.

Modaren industria Euskadin

Euskadiko modaren industriak joeren, kultura- eta ondare-sustraitzearen, materialetan eta prozesuetan berrikuntzaren eta abarren arteko oreka bilatzen duten proiektuen sorkuntza-aldia bizi izan du azken urteotan. Eta hori guztia ingurumenarekiko errespetuaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik, alderdi guztietan. Zein da egoera alde horretatik?

Euskadi ez da tradizioz ehungintzako lurraldea izan, Katalunia edo Galizia bezala. Hala ere, egia da azken urteotan hazi egin dela enpresa-, ekintzaile- edo artisau-komunitate hori, bai eta hezkuntza-eskaintza ere.

Nire ustez, bere lurraldeagatik eta naturarekiko eta itsasoarekiko loturagatik sentsibilitate berezia duen erkidegoa da. Gainera, lurralde honetan alderdi soziala oso garrantzitsua da, eta, horren ondorioz, sortzen ari garen komunitate honetan harremanak oso kolaboratiboak dira.

Marka batzuek urte asko daramatzate iraunkortasun edo jasangarritasuna lantzen beren bildumen ardatz nagusi gisa, hala nola SKFK, material jasangarriekin lan egiten baitu, FairTrade edo GOTS ziurtagiriekin, edo kontsumo-aukera berriak eskainiz, hala nola arropa alokatzea. Eta beste batzuk berriagoak dira, hala nola BasqCompany, oinetako birziklatuak eta beganoak eskaintzen dituena, eta bere saltokietatik gertu dagoen ekoizpen-prozesu batekin lan egiten duena, garraioaren etapan karbono-aztarna murrizteko.

Fashion Revolution Euskaditik komunitate hau guztiau IED-Kunsthal, Inedi edo Javier Barroeta Eskola bezalako hezkuntza-zentroekin batzen dugu, aktore guztiengan kontzientzia kolektiboa sortzeko helburuarekin.

Zenbateraino dago aurreratua modaren industria Euskadin termino horietan? Behar adina inbertitzen al da ikerketan, sentsibilizazioan eta abarretan?

Lehen esan bezala, Euskadik ehungintzan tradizio txikia du. Beraz, bere ekoizpenetarako aliatuak bere lurraldetik kanpo, Espainiako beste erkidego batzuetan edo beste herrialde batzuetan, bilatu behar izan dituen erkidegoa izan da beti. Ildo horretan, KM0 ehungintzako tailer gutxi daude oraindik, eta daudenek ez dute ekoizpen gehiago berenganatzeko gaitasun handirik.

Ikerketari eta sentsibilizazioari dagokionez, proiektu interesgarriak aurkitzen ditugu, eta horietan inbertitu da aurrera egin ahal izateko. Adibide bat Koopera-ren ehun-birziklapenerako planta berria da. Joan den abenduan ireki zen Mungian, eta puntako teknologia du. Horri esker, denbora errekorrean identifika daiteke jantziari dagokion ehuna, eta, horrela, erabiltzen ez den jantziaren zertarakoa erabakitzea erraztu.

Zer egin dezakegu gazte belaunaldi berriak partaide eta aktibista bihurtzeko, modaren kontsumo azkarrean oinarritutako errealitatean hazi baitira?

Hezkuntza funtsezkoa da eskoletan; izan ere, gure erakundetik hitzaldiak eta ikastaroak egiten ditugu, eta ohartzen gara oso informazio gutxi edo batere ez dutela ingurumen- eta gizarte-inpaktuari buruz.

Ez bakarrik datuak ezagut ditzaten, baizik eta belaunaldi berriek oraindik ezagutzen ez ditugun lan batzuei, klima-aldaketarekin lotutakoei, egin beharko dietelako aurre, eta zenbat eta informazio gehiago izan kutsadurari edo hondakinen kudeaketari buruz, orduan eta hobeto konpondu ahal izango ditugu topatuko ditugun arazoak.

Gainera, belaunaldi berriak kontsumo logikora bultzatu behar ditugu, adibidez, sormenaren ikuspegitik. Moda gizakiaren bigarren azala izan da beti. Horren bidez, gure pentsatzeko edo izateko modua adierazten dugu, eta gure nortasunaren parte da. Nortasun hori izatera bultzatu behar ditugu sormenaren bidez: konponketa dibertigarrien bidez, jantzi-trukea sustatuz, erabilitako beste jantzi batzuetatik abiatuta jantzi berriak fabrikatuz, etab.

Zer behar dugu Euskadin modako industria etikoago eta jasangarriagoaren  buru izateko eta kontsumoa eraldatzeko?

Mundu osoan behar den gauza bera behar dugu, aldaketa sistemikoa, tartean dauden eragile guztien lankidetzan oinarritua:

  • Industriaren erregularizazioa, jardunbide txarrak zigortzen dituzten eta eragin positiboa kontuan hartuta lan egiten duten markak edo enpresak saritzen dituzten proposamenekin.
  • Derrigorrezko ingurumen-hezkuntza eskola publikoetan.
  • Kontsumo neurritsua eta zentzuzkoa kontsumitzailearen aldetik.
  • Eskariaren araberako ekoizpenak material jasangarriekin, kontsumo aurreko eta osteko hondakinen kontrola, produktuaren erantzukizun hedatua, nahitaezko konponketa-zerbitzua, … enpresen aldetik.
  • Erakunde publikoen aldetik inbertsioa.

 

Herritarrentzat eguneroko bizitzarako tip edo aholkuak

Janzki baten bizitzan erabilera-etapa da inpaktu handiena duenetako bat. Beraz, oso garrantzitsua da kontsumitzaileak oso argi izatea ekintza txiki horietako bakoitzak –oso sinpleak dira eta ez dute eguneroko bizitza aldatzen– garrantzi izugarria duela, munduan dagoen herritar-kopuruarekin biderkatzean inpaktua nabarmen murriztu daiteke-eta:

  • Gutxiago eta hobeto erostea.
  • Argi geratzen ez den informazioa eskatzea dendako arduradunari, eta ingurumen-inpaktu txikiena duten jantziei buruzko informazioa eskatzea.
  • Ehunaren konposizioa (organikoa, birziklatua…) kontuan hartzea beti, eta % 100 gai berberaz egindako ehunak erosten saiatzea.
  • Kontuan hartu KM0 edo bidezko lan-baldintzetan (FAIR TRADE) egindakoa erostea.
  • Kontsumo-alternatibak kontuan hartzea, hala nola alokairua edo bigarren eskuko jantzien erosketa.
  • Jantziak trukatzera eta behar duzun jantzi bat senide edo lagun bati eskatzera ohitzea.
  • Erabiltzen ez ditugun jantziak birziklatzea balio bereko edo balio txikiagoko arropak (trapuak) egiteko.
  • Arropa behar denean bakarrik garbitzea (gogoratu garbialdi bakoitzean 700.000 mikrofibra askatzen direla).
  • Tenperatura baxuak erabiltzea eta lehorgailua saihestea.
  • Ezelango erabilerarik eman ezin diegun jantziak ehunkiak birziklatzeko edukiontzian uztea.