BBK Kunan izango da “The Book of Sirens”, Kiev-en babesleku antiaereoetan sorturiko antzezlanaren nazioarteko estreinaldia

Fair Saturday fundazioak “The Book of Sirens” antzezlanaren nazioarteko estreinaldia hartuko du. Antzezlan hori Kieven sortu eta estreinatu zuen duela hilabete eskas, hegazkinen kontrako babeslekuetan, Ukrainako ProEnglish Theatre konpainiak.

Estreinaldia Bilbon izango da, datorren astelehenean, maiatzaren 2an, 19:00etan, BBK Kuna eraikinean, Fair Saturday forum-aren hasiera-ekitaldien artean; bertan kulturaren bidez egindako gizarte-eraldaketaren nazioarteko kasuak aurkeztuko dira.

ProEnglish Theatre, kulturaren bidezko erresistentziaren nazioarteko sinboloa

ProEnglish Theatre antzerki-konpainiak (Kiev, Ukraina) II. Mundu Gerrako bonben aurkako babesleku batean jarraitzen du lanean, gizatasuna kentzearen aurkako antidoto gisa, tropa errusiarren eraso beliko betean. Eta sirena antiaereoek jotzen dutenean, auzo osoa hartzen dute beren gordelekuan.

Kondairak dioenez, Shevchenko barrutiko eraikin bateko soto blindatu hori erabili zuen Gestapok galdeketak egiteko, baina duela zortzi urtetik hona ProEnglish Theatre konpainia ukrainarraren egoitza da, antzezlanak ingelesez ematen dituen bakarra izanik.

Baina Errusiaren aurkako gerraren garai hauetan, lekuak bere jatorrizko funtzioa berreskuratu du, eta, inbasioaren lehen egunetik, konpainiako hogei bat kide babesten ditu etengabe; horiek artegintzan ere babestea erabaki zuten, hiriburuaren aurkako ofentsiba armatu batek eragindako antsietatea eta ziurgabetasuna baretzeko.

Artea dagoen bitartean, gizatasuna egongo da

“Antzerkia bizirik mantentzea ez zen aurretik hartutako erabakia izan, baizik eta egokia horixe zen sentimendua. Horrelako uneetan, buruz osasuntsu egoteko, instintu edo sen oinarrizkoenei jarraitu behar zaie, eta horrek eroan gintuen antzerkira”, azaldu du Anabel Sotelok; Nikaraguan jaiotako aktore ukrainarra da bera eta espazioaren zuzendarietako bat. “Gustatzen zitzaigun zerbait egiten hasi ginen, beste barik. Baina gero konturatu ginen entseatzen genuen bakoitzean, baita estreinaldiaren egunean ere, aura bat sortzen dela, leku osoa estaltzen duena, eraldatzen eta seguru bihurtzen duena. Terapia-mota bat da”, gehitu du Anabelek.

Hiriburuaren aurkako errusiarren ofentsibaren egunik gogorrenetan, hurbil ziren bonbetatik babestu gura zuten dozenaka bizilagun ere hartu zituen antzokiak.  Hainbat gau igaro zituzten bertan berrogeita hamarren bat pertsonak, haurrak zituzten familiak barne, baita katuak ere.

“The Book of Sirens” lanari buruz

Anabel Sotelo Ramirez izango da Bilbon antzeztuko duten antzezlanaren protagonista; Marcus Zusak-en “Liburu-lapurra” liburuan oinarritua, II. Mundu Gerran girotua eta Ukrainako egungo egoerarekin paralelismo asko dituen lana da.

“Arteak testuinguru guztietan bizitzak salba ditzakeela da lan honen ideia. Hori da guk hemen artea egitean sentitzen duguna. Oso zaila da gizatasunari eustea gerra batean.  Ukrainaren aurkako errusiarren neurri bakoitzak gizatasuna kentzea du helburu. Beti du kultura, hezkuntza, suntsitzeko helburua”.