Kuna-co Proiektuak ekimenaren lehen edizioa itxi du BBK Kunak etorkizuneko hiru erronkari erantzuna emanda

BBK Kuna – GJHen Etxeak KUNA-CO PROIEKTUAK ekimenaren lehen edizioa itxi du, bere 2022-2023 deialdiko proiektuen ebaluazioarekin.

Euskadin oro har eta Bizkaian bereziki 2030 Agendari lotutako erronkei irtenbideak bilatzea helburu duten eta, aldi berean, Bizkaiko lurraldean aldaketa eragingo duten berrikuntza-proiektuak bultzatu gura ditu KUNA-CO PROIEKTUAK ekimenak.

2022-2023ko deialdian, jorratu beharreko erronkak hauek izan dira:

  1. MIGRAZIOA ETA OPAROTASUNA: GARAPEN EKONOMIKO ETA SOZIAL INKLUSIBOA, SSI Taldeak (Servicios Sociales Integrados, S.Coop.), Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioak, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Deustuko Unibertsitateak sustatua.
  2. TRANTSIZIO DIGITAL HUMANISTA, Deustuko Unibertsitateko HUME (Humanism and Management and Economics) taldeak sustatua, Wikitokireneta lau eremutako ─zibersegurtasun, datu pertsonalen babes, gobernu ireki eta gizarte zibileko─ eragileen laguntzarekin.
  3. GASTRONOMIA JASANGARRIA, AZTI Fundazioak sustatua Basque Know How Fundazioarekin (BKHF), eta Gorka Izagirre upategiarekin.

Proiektu horiek iaz uztailean hautatu ziren, eta BBK Kuna Institutuak Daniel Innerarity buru duen eta lurraldean erreferente diren ahotsek osatzen duten Think Tank-ak─ identifikatutako erronkei erantzuten diete; izan ere, BBK Kunatik, Institutu horrek lehenesten ditu datozen urteetan landu beharreko etorkizuneko erronkak.

KUNA-CO PROIEKTUAK ekimenak baterako lana sustatzen du, eta, beraz, deialdi honen xede diren proiektuen buru beren lankidetza eragile anitzeko partzuergo baten bidez antolatzen duten erakundeak daude. Proiektu guztiek izan dute irabazi-asmo bako erakunde bat, proiektua koordinatu duena.

KUNA-CO PROIEKTUAK 2022 – 2023

  1. MIGRAZIOA ETA OPAROTASUNA: GARAPEN EKONOMIKO ETA SOZIAL INKLUSIBOA

Zaintza-sektorean lan egiten duten atzerritar jatorriko pertsonen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea du helburu ERTZEAN proiektuak, mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonak etxean eta/edo gizarte-erakundeetan zaintzeko sektorean orientazio, laguntza eta prestakuntzarako zerbitzu bat diseinatuz eta emanez.

Proiektua SSI Taldeak (Servicios Sociales Integrados S.Coop.), Ignacio Ellacuría Gizarte Fundazioak, Ikuspegi–Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta Deustuko Unibertsitateak garatu dute.

Zaintzaren sektorean lan egiten duten atzerritar jatorriko eta/edo arbaso atzerritarren ondorengo pertsonen eta Bilbo Handiko etxeko zerbitzuaren errealitate soziolaboralaren azterketa sakona egin ostean, Ertzean-ek premia espezifikoak detektatu ditu, bai pertsonei eta bai zainketa-sistema eta lan-merkatu osoari dagozkionak.

EMAITZAK

Zahartze-prozesu azkarrari aurre egin behar dio Euskadik, eta horrek eragina du lan-indarrean ere. Adinekoen zaintzarekin lotutako lanbideetan, datu hori handiagoa ere izan daiteke, sektoreko langile asko, batez ere emakumeak, urtetsuak direlako.  Dagoen eskaera izugarriaz gain, beste erronka handi bati ere erantzun behar diogu: zaintzaren eta bizitza-luzeraren ekonomia duintzea eta profesionalizatzea.

Errealitate horren aurrean, prestakuntzan dauden gabeziak agertzen dira, enplegua bilatzeko orientazioaren eta laguntzaren beharrari estu lotuta daudenak.  Errealitate horretatik abiatuta, ERTZEAN ekimenak agerian uzten du etxeko zaintzan eta enpleguan diharduten pertsona asko, batez ere atzerritar jatorrikoak, egoera zailean daudela.

Elkarlaneko eta baterako sorkuntzako metodologiari jarraituz, 2022-2023 ikasturtean, atzerritar jatorriko 40 pertsona inguruk parte hartu dute proiektuan; horren helburua zerbitzu sektorial berri baten diseinu parte-hartzailea da, orain arte existitu ez dena, orientazioa, laguntza eta prestakuntza emateko zaintzen arloan lan egiten duen atzerritar jatorriko jendeari, haien administrazio-egoera edozein dela ere.  Azken batean, zaintzetara bideratutako gizarteratze- eta laneratze-zirkuitu bat, beste sektore batzuetarako trantsizioa bultzatzeko ere balio dezakeena.

Ertzean honela gauzatu da:

  • Guztira 16 orduko prestakuntza-prozesua, 4 saiotan banatuta, honako hauek ardatz hartuta:  zaintzaren jarduera profesionalean sartzea parte-hartzaileak; mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko oinarrizko gaitasun teknikoak ematea parte-hartzaileei; eta  zaintza-lanean gertatzen diren egoera zail ohikoenak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko gaitasunak ematea parte-hartzaileei.
  • Lan-orientazioa bina orduko 3 saiotan.
  • Banakako gizarte- eta lan-orientazioko zerbitzuak.
  • Taldeko laguntza psikologiko eta emozionaleko 2 orduko saioa, 10-15 pertsonako taldeetan.
  • 2 orduko ebaluazio- eta baterako sorkuntza-saioak.
  • TRANTSIZIO DIGITAL HUMANISTA

Proiektu hau Deustuko Unibertsitateko HUME (Humanism and Management and Economics) taldeak garatu du, Wikitokiren eta lau eremutako ─zibersegurtasun, datu pertsonalen babes, gobernu ireki eta gizarte zibileko─ eragileen laguntzarekin.

Ikerketa bat egin dute Bizkaiko Trantsizio Teknologiko-Digitalaren (TTD) gobernantzan kontuak emateko mekanismoak identifikatu eta ebaluatzeko, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) begira, teknologia digitalak enpresetan eta horiek gizartean duten eragina integratuz.

EMAITZAK

Honako eragile hauek izan dira:

  • Zibersegurtasuna:  Basque Cybersecurity Center (BCSC)
  • Datu pertsonalak babestea:  Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (DBEB) Gobernu irekia: – Gobernu Irekia – Open Data Euskadi (ODE) – Open Data Bizkaia (ODB) – Eraldaketa Digitala eta Ekintzailetza – Informazio Sarbiderako Batzordea – Lantik
  • Gizarte zibila:  Esle (Euskadiko teknologia libreen eta ezagutza irekiaren enpresen elkartea) – SSI Taldea (Servicios Sociales Integrados, S. Coop.) – Unibertsitatea (aholkularitza) – FabLab Bilbao – Wikitoki

Ikerketa- eta ekintza-proiektu honetarako, honako adierazle hauek ebaluatu dira: dokumentu ofizialak eta plan estrategikoak; autoebaluazioak; sortutako atariak; sinatutako hitzarmenak; partaidetza-/dibulgazio-jarduerak; produktuak eta/edo patenteak; garatutako app-ak eta download-ak; genero-berdintasuna sustatzeko proposamenak edo ekintzak; garatutako teknologietan ingurumen-jasangarritasunerako proposamenak edo ekintzak.  Hori guztia Euskadiko trantsizio digitalaren (TD) gobernantzan accountability mekanismoak identifikatzeko eta ebaluatzeko helburuan kokatuta, bai eta sarean eragileek gidatzen dituzten balioak eta printzipioak, ekintza estrategikorako tresna nagusiak eta aktoreen rolak identifikatu eta aztertzeko helburuan ere, aldi berean, herritarren parte-hartzearen kalitatea hobetzeko ideia nagusiak eta jardunbide egokienak aztertzen zirelarik.

Zibersegurtasuna eta Datu Pertsonalen Babesa arloetan, Trantsizio Digitala alderdi teknikoetara eta juridikoetara bideratzen da nagusiki.  Arlo horiek goragoko instantzien jarraibideak betetzen dituzte, administrazio autonomikoaren mende daudelako eta Trantsizio Digitalean (TD) mugarritutako esparruak dituztelako.  Hala ere, sailei botere gehiago emateko eta enpresekin eta herritarrekin aliantzak egiteko aukera ere aipatzen da, batez ere zibersegurtasunaren arloan.
Arlo horietan, oraindik ere ekintza askok zerbitzu-ikuspegiaz haratago integratu behar dituzte herritarrak.

Gobernu irekiaren eremuan TDarekin lotutako hainbat ekimen daude.  Kudeaketaren ikuspegitik, programak eta atariak sortu dira datuen gardentasuna, eskuragarritasuna eta zirkulazioa hobetzeko, bai eta kontsulta-bideak ere.  Ekimen horiek administrazio eta maila guztietan deszentralizatzea eta sustatzea gomendatzen da, agenda digitala genero-berdintasunarekin eta ingurumenaren babesarekin lotuz.

Gizarte zibilaren eremuan, gauzak aldatzeko gogo handia sumatu da.  Aurkeztutako dimentsioek ikuspegi analitiko kualitatibo eta globala eskaintzen dute, gizartea eta herritarrak azpimarratuz.

  • GASTRONOMIA JASANGARRIA

Proiektuaren helburu nagusia da Bizkaiko gastronomiaren sektorerako eta bere balio-katerako eragiketa-eredu bat sortzea eta baliozkotzea, garapen jasangarriaren printzipioak txertatuko dituena eta jardueraren balorizazio- eta hobekuntza-elementu gisa balioko duena, baita sektorearen epe luzerako biziraupenerako ere. Beraren gizarte-eragina oso esanguratsua da, sektoreak garrantzi handia duelako Bizkaiko ekonomia- eta enpresa-sarean, eta, beraz, barne hartzen dituen lanpostuen kopuruan.

Gainera, beharrezkoa da sektore osoa lehiakide diren eskualdeen aurrean posizionatzea eta euskal gastronomiak garapen jasangarriari dagokionez bere posizionamendua hobetzea, Euskadin turismo arduratsua bultzatzeko.

EMAITZAK

Gastronomia nazioartean ezagutu eta aitortua dagoen Euskadiren nortasun-zigiluetako bat da, eta sektore giltzarria Bizkaiko turismoarentzat eta ehun ekonomikoarentzat.  Gaur egun, sektore honek inpaktu handiko erronka globalei egin behar die aurre, bai ingurumenekoei bai sozioekonomikoei, hala nola klima-aldaketari, kontsumo-joera berriei edo negozio-ereduei; horiek guztiek garapen jasangarrirako estrategiak abian jartzea eskatzen dute funtsezko sektore honetan.

“Gastronomia Jasangarria” ekimenak zerbitzu gastronomiko baten jasangarritasun-maila ebaluatzeko kontuan hartu beharreko ingurumen- eta gizarte-alderdi eta -irizpide garrantzitsuenak garatu eta adostu ditu balio-kateko eragileen artean.

Bederatzi alderdi identifikatu dira:

  • Hornidura Jasangarria
  • Hondakinen kudeaketa
  • Elikagaiak alferrik galtzea
  • Natura-baliabideen erabileran eraginkortasuna
  • Eraikuntza eta etxegintza jasangarria
  • Material jasangarriak eta beste input batzuk
  • Pertsonen kudeaketa
  • Kontsumitzailearenganako gardentasuna
  • Gizarte-erantzukizuna eta komunikazioa

Proiektuan zehar egiaztatu da, halaber, ereduak hobetzeko gaitasuna duela, ez bakarrik sektorearen beraren iraunkortasun edo jasangarritasuna, baita haren balio-kate osoa ere.

Proiektuko bazkideek nabarmendu dute sektoreak balio-kate osoan eragiteko gaitasuna duela, bai urari goiti, arauak lehen mailako ekoizpenari edo ostalaritzako beste material batzuen ekoizpenari buruzko gaiak ere biltzen baititu, eta bai urari beheiti, kontsumitzaileen portaeran zuzenean eraginez.

Ostalaritza-establezimenduek tokiko lehengaiak erosteari garrantzia ematen badiote, kontsumitzaileek ere garrantzia emango diote jatetxetik ateratzen direnean.

Alde batetik, lehengai jasangarriak erostea sustatzen du, eta horrek balio-kate osoa ingurumen-inpaktu txikiagoa duen batera bultzatuko du.  Bestalde, jasangarritasun-ziurtagiria sartzeak garapen jasangarriari lagundu diezaioke, eta printzipio horiek zabaltzera eta gure kontsumo-ohituretan sartzeak duen garrantziari buruz kontzientzia hartzea, sektoreaz haratago.  Hau da, arauak kontsumitzailea bereziki proaktiboa izatera gonbidatzen eta bultzatzen du, jatetxean ez ezik, bere bizimoduan ere bai.

Kuna-co Proiektuak 2022-2023 ekimena osatzen zuten proiektuek 50.000 eurorainoko dirulaguntza jaso dute gauzatuak izateko. Gainera, BBK Kunaren instalazioak erabili ahal izan dituzte formakuntzak eskaintzeko, bilerak egiteko eta elkargune izateko.

KUNA-CO PROIEKTUAK 2023 – 2024

BBK Kunak udazkenean aurkeztuko duen bigarren deialdirako honako erronka hauek aukeratu dira: ONGIRAKO TEKNOLOGIA; MIGRAZIOA ETA TALENTUA; eta BIZITZA-LUZERA BERRIA.