
BBK Kunak galdetu, Euskadik erantzun: horrela amesten dugu etorkizuneko elikadura
BBK Kunan uste dugu elikadura funtsezkoa dela Bizkaian etorkizun jasangarria izateko. Horregatik, “Etorkizuneko Biztanleak” ekimenetik, “Elikaduraren Etorkizuna” EAEn inkesta egin dugu.
Zelan ikusten dugu biharko elikadura? Emaitzek ohiturak, gurariak eta kezkak erakusten dituzte: janaria etxean prestatu edo kozinatzeko grina, zero kilometroko produktuak bilatzea, eta elikagaiak xahutu edo alferrik galtzearen aurkako borroka.
Erradiografia hau 2025eko proiektuen hasiera da, euskaldunak elikaduraren etorkizun zaporetsuagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sortzera inspiratzeko.
Prest zaude Euskadin etorkizuneko sukaldaritzaren gakoak ezagutzeko? Aurrera!
Euskal plateraren erradiografia: zer erakusten du BBK Kunak elikaduraren etorkizunari buruz egindako inkestak?
BBK Kunaren “Elikaduraren Etorkizuna” inkestak euskaldunek elikadurarekin duten harremanaren ikuspegi zehatza eskaintzen digu. Joera iragankorretatik haratago, azterlanak balio errotuak eta jaten dugunaren garrantziaren kontzientzia gero eta handiagoa erakusten ditu.
Sukaldaritzak axola du, eta asko!: gehiago kozinatzeko gogoa
Aurkikuntzarik nabarmenetako bat euskal biztanleriak, adina edozein dela ere, janaria prestatu edo kozinatzeari ematen dion balorazioa da.
% 60,1ek dio gaur egun baino maizago kozinatu nahiko lukeela. Horrek erakusten du etxeko sukaldaritzak kultura-, gizarte- eta nutrizio-balioa duela. Gure elikagaien elaborazioan sartzen diren osagaien, zaporeen eta prozesuen gaineko kontrola berreskuratzeko nahia dago ezkutuan.
Denbora urrea da: janaria prestatzeko oztopo nagusia
Oro har, gehiago kozinatzeko nahia baldin badago, zergatik ez dugu hori egiten? Erantzuna argia da: astirik eza. Faktore hori da kozinatzeko oztopo nagusia, batez ere gazteenen artean, askotan lan-ordutegi zorrotzen, ikasketen eta beste ardura batzuen artean harrapatuta geratzen baitira.
Datu horrek agerian uzten du sormenezko konponbideak aurkitu behar direla bizitza modernoa eta etxeko sukaldaritza uztartzeko, dela errezeta erraz eta azkarren bidez, dela sukaldaritza-lanak modu eraginkorrean antolatuz, dela teknologia berriak baliatuz.
Gazteak vs. tradizioa: nork menderatzen du marmitakoa?
Inkestak erakusten duenez, belaunaldien artean arrakala edo eten interesgarria dago ohiko errezetak menderatzeari dagokionez. Adin guztietako euskaldun gehienek jaki ugari prestatzeko gaitasuna badute ere, gazteenek zailtasun handiagoak dituzte euskal sukaldaritzako elaborazio enblematikoekin, hala nola marmitakoa edo txipiroiak tintan prestatzeko.
Sukaldaritza-ondarea belaunaldiz belaunaldi transmititzearen garrantzia azpimarratzen du, tailerren, sukaldaritza-ikastaroen edo familia-errezetak berreskuratzearen bidez.
Supermerkatutik mahaira: kontsumo-ohiturak eta bertoko produktuekiko konfiantza
Inkestak sukaldean ditugun lehentasunak aztertzeaz gain, elikagaiak erosteko eta kontsumitzeko ditugun ohiturak ere aztertzen ditu. Emaitzek erakusten dute aurrezteko estrategien konbinazio interesgarria, kalitatearekiko kezka eta hurbileko produktuekiko interes gero eta handiagoa.
Deskontu burutsuak: iraungitze-datatik gertu erosiz gero
Egungo ekonomiaren aurrean, 10 euskaldunetik 6k beheratutako produktuak erosten dituzte iraungitze-datatik gertu daudelako. Praktika horrek, dirua aurrezteko modu bat izateaz gain, elikagaien xahutzea murrizten laguntzen du, munduan gero eta larriagoa den arazoa baita hori.
“Baserritarra”ren balioa: konfiantza bertoko ekoizlearengan
Supermerkatuek eta saltoki handiek gora egin duten arren, inkestak adierazten du bertoko ekoizlearekiko zuzeneko harremanak balio handia izaten jarraitzen duela euskaldun askorentzat. Herritarren erdiek baino gehiagok konfiantzazko saltzaile bat dute haragia, arraina edo fruta erosteko orduan. Datu horrek azpimarratzen du garrantzitsua dela lehen sektorea babestea eta gertukoagoa, gardenagoa eta jasangarriagoa den kontsumo-eredua sustatzea.
Etorkizuna ereitea: hiri-baratze edo ortuak eta elikadura osasungarriagoa nahi
Inkestak etorkizuneko elikaduraren inguruan ditugun nahiak eta gurariak ere aztertzen ditu. Emaitzek erakusten dute naturarekin lotura handiagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa duen elikaduraren aldeko irrika handia dagoela.
Hiri-ortuak: amets partekatua Euskadin
Hiriko baratze edo ortuekiko interesa esponentzialki hazi da azken urteotan. Inkestak interes orokor hori berresten du, % 77,9 aldekoa baita, eta lurrarekin berriz konektatzeko eta elikagai freskoak eskuratzeko nahia erakusten du.
Ohiturak aldatzea: janari aurrekozinatu gutxiago, etxeko sukaldaritza gehiago
Osasunarekiko eta ongizatearekiko kezka hainbat euskal herritarren elikadura-ohituren aldaketetan ere agertzen da.
Gehienek diote janari prestatuaren kontsumoa murriztu egin duela (% 73,6) eta etxean kozinatzeko maiztasuna handitu egin duela (% 76,6), elikagai ultraprozesatuen gaineko kontzientzia handiagoa erakutsiz.
Zelan irudikatzen dugu biharko elikadura? Euskal herritarren ametsak
Inkestak, halaber, euskaldunen etorkizuneko elikadurari buruzko amets eta nahietara begiratzeko aukera ematen digu. Zer lehentasun ditugu? Zer aldaketa ikusi nahiko genituzke gure plateretan eta gure elikadura-sistemetan?
Etxean kozinatzea, gehienen nahia
Erantzun errepikakorrena argia eta irmoa da: janari gehiago prestatzea edo kozinatzea etxean (% 89,0). Etxeko sukaldaritzak funtsezko balioa izaten jarraitzen du euskaldunentzat, topaketarako, sormenerako eta ezaupideak transmititzeko gunea.
Auzoko dendaren itzulera: hurbileko harategiak eta arrandegiak
Beste desira errepikakor bat hurbileko harategiak eta arrandegiak berriro irekitzea da (% 78,8). Establezimendu tradizional horien ezaugarri ziren tratu pertsonalizatu, produktu freskoen kalitate eta gizarte-giroarekiko nostalgiaren adierazgarri da hori.
0 kilometro eskola-jantokietan: etorkizunarekin konpromisoa
Azkenik, eskola-jantokietako produktuak zero kilometrokoak izatea nahi dute herritar askok (% 76,6). Gero eta kezka handiagoa adierazten du gure adingabeen osasunari buruz eta adin txikienetatik elikadura jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa sustatzeko premiari buruz.
Elikadura-kontzientzia: Informatuta eta prestatuta gaude etorkizunerako?
Ohiturak eta nahiak alde batera utzita, euskal herritarrek elikadurarekin lotutako hainbat alderdiri buruz duten informazio- eta kontzientzia-maila ere aztertzen du inkestak. Informatuta sentitzen al gara elikadurak gure osasunean duen eraginari buruz? Ezagutzen al dugu kontsumitzen ditugun elikagaien jatorria? Jabetzen al gara gure elikadurak ingurumenean dituen ondorioez?
Osasunari eta elikadurari buruzko ezagutza: abiapuntu ona
Inkestatutako pertsonen % 66,9k uste du ondo informatuta dagoela elikadurak osasunean duen eraginari buruz.
Jatorria eta ingurumen-inpaktua: oraindik bidea dago egiteko
Hala ere, gutxiago dakigu elikagaien jatorriari (% 56,7) eta ingurumen-inpaktuari (% 51,0) buruz, eta horrek sentsibilizatzen eta hezten jarraitzeko beharrizana azpimarratzen du.
BBK Kuna eta “Etorkizuneko Biztanleak”: Bizkaian etorkizuneko sukaldaritza bultzatzen
“Elikaduraren etorkizuna” izeneko inkesta honen emaitzak abiapuntua dira “Etorkizuneko Biztanleak” ekimenak 2025ean zehar garatuko dituen hainbat proiektutarako. BBK Kunatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen honekin bat egitera eta Bizkaiarentzako elikadura-etorkizun zaporetsuago, osasungarriago eta jasangarriago baten eraikuntzan parte hartzera.
Proiektu horiek honako hauek bilatuko dituzte:
- Sukaldaritzako ezaupideen transmisioa sustatzea belaunaldien artean: belaunaldien arteko sukaldaritza-tailerrak, errezeta tradizionalak berreskuratzea, etab.
- Tokian tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatzea: lehen sektoreari laguntzea, sentsibilizazio-kanpainak, ekoizleen azokak eta abar.
- Elikadura osasungarri eta jasangarrirako sarbidea erraztea: hiri-baratzeak, eskola-jantokiak zero kilometroko produktuekin, etab.
- Elikagaien xahuketa murriztea: elikagaiak aprobetxatzeko tailerrak, sentsibilizazio-kanpainak, etab.
Elikaduraren etorkizuna guztion artean eraikitzen dela uste dugu BBK Kunan. Aldaketaren parte izatera animatzen zaitugu!