BBK ODS Egunak larunbat honetan bilboko kaleetara aterako ditu GJH-ak publiko guztientzako kultura- eta aisialdi-jarduerekin

BBK Kunak duela bi urte ireki zituen ateak, helburu argi batekin: gizarte-berrikuntzako gune bihurtzea Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako hainbat eragilek parte hartu ahal izateko, etorkizuneko erronkei erantzungo dieten irtenbideak eskaintzeko Bizkaiko gizarteari. Horregatik, GJHen Etxearentzat, GJHen zabalkundea zutabe estrategikoa da. Esparru horretan, 2022ko edizioaren arrakastaren ostean, BBK Kunak bere BBK GJH Egunaren beste edizio bat egingo du irailaren 23an, larunbata

BBK GJH Egunaren data ez da kasualitatea. Bat dator beste efemeride batekin: 2015eko irailean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plana.

Horrela, bigarren urtez jarraian, BBK GJH Egunarekin, Hiria ikuskizunez, jokoz, tailerrez, kirolez, erakusketaz edo gastronomia- eta moda-proposamenez beteko da, helburu komun batekin: Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) kaleetara ateratzea eta publiko guztiengana hurbiltzea.

Programaren zatirik handiena Casilda Iturrizar parkean gauzatuko da. Bertan, goizetik hasita, GJHak izango dira adin guztientzako doako aisialdi- eta kultura-jardueren eta proposamenen protagonistak.

BBK GJH Egunak parkeko Pergolan hiru ikuskizun partekatuko ditu bere programazioaz gozatzera bertaratzen direnekin.

  • 11:30. Fashion Revolution Euskadi. Ekintza-performancea, ehungintzak ingurumenean eta gizartean duen eragina agerian uzteko, arreta ehungintzaren lanbidean eta birziklapenean jarrita.
  • 13:00. ‘Reziklantes’, Turukutuparena. Kaleko ikuskizuna da, eta bertan hainbat musika-estilo jorratzen ditugu, hala nola afrikar eta latindar perkusioa, hip-hopa eta musika garaikidea. Erabilitako tresna guztiak hondakin-materialak birziklatu eta berrerabiltzetik datoz.
  • 16:30. Organik Dantzak ‘Ondoloin’ partekatuko du. Haurrek lokartu aurretik erritual asko izaten dituzte: ipuina, abestia, peluxea, argia piztuta… Eta lo sakonean murgiltzeko unetik aurrera, beste unibertso batean sartzen gara. Egia esan, bi unibertso oso desberdin izan daitezke, eta ez dakigu oso ondo zergatik ditugun batzuetan ametsak, eta, beste batzuetan, aldiz, amesgaiztoak. Zein da zure amesgaiztorik txarrena? Zein da gehien errepikatzen dena? Eta zure ametsik amestuena?
  • 18:00. “Terra Festa”, Nuria M. Cresena, festa paregabea, animazioa, dantza eta Agenda 2030en gaia eta GJHak modu ludikoan jorratzen dituena. ‘Terra Festa’ eszenaratze sortzaile eta kalitate handikoagatik nabarmentzen da, arte eszenikoen dinamizatzaile profesionalekin. Musikaz gain, iraunkortasun edo jasangarritasunarekin eta erantzukizun sozialarekin lotutako gai pedagogikoak jorratzen dira.

Amaiera bikaina ilunabarrean izango da, BBK GJH Eguna Guggenheimeko Zabalgunera lekualdatzen denean, KUNA Fest-ari hasiera emateko. Bertan, Bulego, Olaia Inziarte eta Supercremalleras izango dira. 19:30etik 23:00etara luzatuko da festa.

  • Bulego taldeak bere “Erdian Oraina” estreinako diskoarekin bereganatu zuen publikoa.Tomas Lizarazu, Itziar Beitia, Jon Larrañaga, Ruben Lizarralde eta Xabier Arrieta daude taldean, eta, zalantza barik, pop fenomeno nagusia da gaur egun Euskadin.
  • Olaia Inziarte artista nafarra duela gutxi hasi da bere bakarkako proiektuari forma ematen. Musikari oso lotuta beti, eragin zahar eta berriak bereganatuz eta, ezeri ateak itxi barik, kantu berriak aurkeztuko ditu.
  • Supercremalleras Gernika-Lumotik datorren pop rock taldea da. 2021ean kaleratu zuten lehen diskoa, “Aviones con vértigo”, melodia itsaskor eta letra txantxazaleekin pop rock kantuz betea. Joan den udaberrian bigarren LPa kaleratu zuten: “Arte Moderno y Amor Eterno”.

BBK GJH Egunak barra eta foodtruck gunea ere izango du, jendeak hainbat gastronomia-aukera izan ditzan. Gainera, jardunaldiak helburu solidarioa izango du. Bertaratzen direnek Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute, parke osoan zehar jarriko diren Bizum zenbakien bidez.  

PROGRAMAZIOA

CASILDA ITURRIZAR PARKEA

  • 1. GJH / Aurrerapenerako Lasterketa (Jokoa) 11:30etik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Taldekako jolas kooperatiboa, begirale batek dinamizatua, non zaldiak mugiarazteko trebetasunak ez duen mugarik. Ur-errota baten bidez eta talde bakoitzeko partaideen laguntzarekin, zaldiek arrapaladan egingo dute aurrera iritsi arte. Dinamika honen bidez agerian utzi nahi da pobreziari amaiera emateko eraginkorragoa dela tresnak ematea karitatea eskaintzea baino. Adibidez, azken produktua jaso beharrean, baliabideak bilatzen eta lortzen ikastea.

  • 2. GJH /  Food Truck (Sukaldaritza-gunea) 11:30etik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Goseari amaiera ematea, elikadura-segurtasuna eta nutrizioaren hobekuntza lortzea eta nekazaritza iraunkor edo jasangarria sustatzea. Gune honetan goseari eta elikagaiak alferrik galtzeari amaiera ematearen garrantziaz informatu eta kontzientziatuko da. Horretarako, paper jangarrian egindako liburuxkak banatuko dira. Bestalde, hainbat foodtruck jarriko dira janari jasangarri eta ekologikoarekin, jardunaldian parte hartzen dutenek jan eta edan ahal izan dezaten.

  • 3. GJH /  Mens Sana In Corpore Sano (Yoga – Chi Kung) Emanaldiak: 11:30 Yoga (Haurrak) • 13:00 Chi Kung (Publiko guztiak) • 16:30 Yoga (Nagusiak) • 18:00 Yoga&Roll (Helduak eta gazteak). Casilda Iturrizar parkea.

Bizitza osasuntsua bermatzea eta guztion ongizatea sustatzea adin guztietan. Bizitza osasuntsua eta ongizatea sustatzeko asmoz, hiru jarduera proposatzen dira, jardunaldian zehar une jakin batzuetan garatuko direnak.

  • 4. GJH / Munduko Eskolak (Jokoa) 11:30etik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea, eta ikaskuntza iraunkorreko aukerak sustatzea guztiontzat. Mapamundi baten gainean munduko hezkuntza-ereduak irudikatzen dituzten kokapen batzuk jartzen dira. Ikasgela bat simulatzen den leku batean, bisitariek tokia hartzen dute ikasmahai batean, eta “irakasle” gisa diharduen animatzaile/moderatzaile batekin esperientzia bat egiten da, non bisitari bakoitzak dinamikan parte hartzen duen eta GJH horren egoerari buruzko informazioa eskaintzen zaion maparen kokapenean.

  • 5. GJH /  Matxismoaren bila! (Jokoa) 11:30etik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Genero-berdintasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea. WACK A MOLE jokoa. Satorrak mailu/mazo batekin zanpatzeko jolas klasikoa. Ideia da Bizkaian genero-desberdintasunaren egoerari buruzko mezu batzuk erakustea satorrek hemen. Jokalariek sator horiek zanpatu behar dituzte horrelako desberdintasunetatik libratzea irudikatzen duen keinu batean.

  • 6. GJH / Uraren Ibilgua (Jokoa) 11:30etik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Uraren eta saneamenduaren eskuragarritasuna eta kudeaketa iraunkor edo jasangarria ziurtatzea pertsona guztientzat. Jarduera honetan, urak gure bizitzetan duen garrantzia nabarmendu nahi da; ur-tanta bakoitzaren balioaz kontzientziatuko dira parte-hartzaileak. Jardueran, izenak berak adierazten duen bezala, ubide edo ur-ibilguak sortu beharko dituzte. Horretarako, banbuzko kanaberak erabiliko dituzte, eta kanal bat birsortuko dute ura mutur batetik bestera eroateko, ur-tantarik isuri barik.

  • 7. GJH / Eko karrusela (Atrakzioa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Pertsona guztiek energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa eskura izan dezaten bermatzea. Pedalei eraginez funtzionatzen duen karrusel ekologiko bat instalatuko da, hau da, energia modu jasangarrian eta eskuragarrian sortuko dugu.  Sortutako energiak, gainera, jolas egiteko, gozatzeko eta energia positiboa sortzeko balioko du.

  • 8. GJH /  Good Job! (Jokoa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria, enplegu osoa eta produktiboa eta lan egokia sustatzea pertsona guztientzat. GJH Egunerako bakarrik sortutako dinamika. Konektore-motako joko honekin konbinazio-taula bat sortu nahi da, eta konbinazio zuzena asmatuz gero, bonbilla bat piztuko da. Dinamika Egia/Gezurra izango da, lan-egoerari, genero-arrakalari eta abarri buruzko perpausekin.

  • 9. GJH / Itsasontzia (Atrakzioa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta iraunkor edo jasangarria sustatzea eta berrikuntza bultzatzea. Feriako atrakzioa itsasontzi moduan, eskuz edo mekanikoki erabiltzen dena, elektrizitaterik edo bestelako elikadurarik behar izan gabe. Itsasontziak ontzigintzak Bizkaiari ekarri zion berrikuntza eta garapena irudikatzen ditu. Ontzi hau, zehazki, material jasangarriez egina eta eskuz funtzionatzen duena, gure tradizioaren eta etorkizun berritzailearen ikurra da.

  • 10. GJH / Bere Zapatetan (Kirol Egokitua) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Herrialdeetan eta haien artean desberdintasuna murriztea. Kirola, gizarteratzeko tresna gisa. Kirol-proben lehiaketa edo txapelketa bat antolatzea dibertsitate funtzionala dutenen ikuspegitik, desberdintasuna ekartzen duten eguneroko beste oztopo batzuen metafora gisa. – Gurpil-aulkien tailerra: 4 gurpil-aulki eramango ditugu eta zirkuitu bat muntatuko dugu hurbiltzen diren guztiek probatu ahal izan dezaten. – Ikusizkoen tailerra: Aurpegiko mozorro batzuen laguntzarekin, pertsona orok binaka zirkuitua egitea da helburua.  Pertsona batek mozorroa eramango du eta besteak gidari-lana egingo du.

  • 11. GJH / Lorategi Botaniko Elkarreragilea. 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea. BBK KUNAn.

Hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak izan daitezen lortzea. BBK GJH Egunak elementu presentzial eta fisiko bat du Kunako egoitzan. Espazio huts eta desolatua da, erabat iluna, aretoaren erdian dagoen atril edo kantorearen gaineko argiztapen zehatza izan ezik. Aurrez hautatutako zenbait erantzun biltzen dituen inkesta bat da, eta bisitariak bere gailu mugikorretik aukeratzen du.  Atrilaren aurrean eta paretaren gainean, proiekzio batek lorategi bertikal baten itxura ematen du, ikusizko hizkuntza abstraktuan. Lorategiaren garapena eta azken forma izango dira inkestatuen azken testigantza, eta ikusizko hizkuntza batera eramango dira. Lorategi hau edozein lekutatik bisita daiteke eta herritarrek parte hartzeko aukera dute aldi-kopuru mugatu batez.

  • 12. GJH / Showcooking 0 Waste. Emanaldiak: 11:00-12:00 • 12:45-13:45 •  16:00-17:00 • 17:45-18:45 Leku mugatua: Izen-emateak. Casilda Iturrizar parkea.

Kontsumo eta ekoizpen jasangarriko modalitateak bermatzea. Postuak janari-postu bat birsortzen du espazioari dagokionez. Elikagaien aprobetxamendu handiagoa bilatzen duten ekintzak balioan jartzea da kontua. Gainera, showcooking moduko programazio bat du, non sukaldari bizkaitar gazteek parte hartuko duten eta beren proposamen gastronomikoak aurkeztuko dituzten (elaborazioen dastaketa txikia). Show horietan, eguneroko elikagaiak aprobetxatzeko teknikak eta baliabideak irakatsi gura zaizkie bertaratuei, horrela kontsumo arduratsua sustatuz. Egunean zehar 2 showcooking emanaldi egingo dira.

  • 13. GJH / No More Pollution (Jokoa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea. Klimaren aldeko ekintzak oztopo ugari aurkitzen ditu bere bidean, GJH honi bere jarduera garatzea eragozten diotenak. Parte-hartzaileek bide hori erraztu eta GJH honi lanak errazteko aukera dute hemen. Horretarako, bisitariek, adibidez, petrolio-upelak irudikatzen dituzten objektuetatik abiatuta eraikitako piramide bat bota behar dute. Piramide bakoitzak GJH honi buruzko mezu zehatz bat ezkutatzen du bere atzean.

  • 14. GJH / Plogging In The River (Jokoa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak modu iraunkor edo jasangarrian kontserbatzea eta erabiltzea garapen jasangarrirako. “Arrantza-eremu” bat sortuko da urmaelera iristen den errekan. Bertan, arrantzarako kanabera bat jasoko dute bisitariek eta arrantzara gonbidatuko dituzte. Kontua da kanaberaren amuari helduko dioten gauza bakarrak hondakinak eta elementu kutsatzaileak direla. Jarduera honen bidez, giza jardueraren aurrean itsas ekosistemen beharrezko babesa jarri nahi da mahai gainean. Jarduera bi pertsonaiek moderatzen/animatzen dute: batek elementu kutsatzaile horiek bilatzen eta biltzen laguntzen du, eta besteak ibaia zikintzen du, horrela “polizia onaren eta polizia gaiztoaren” dinamika sortuz.

  •  15. GJH / Ortu Bertikala (Tailerra). Emanaldiak:  11:00-12:30  • 12:30-14:00  • 16:00-17:30 • 17:30-19:00. Leku mugatua: Izen-emateak. Casilda Iturrizar parkea.

Basoak modu iraunkorrean kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta alderantzikatzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea. Etxeko ortugintza edo baratzezaintza tailerra sortzeko tailer parte-hartzailea. Belar usaintsuen ortu edo baratze bertikala, etxean hori zaintzeko aholkuak. Etxean ortu bat sortzea sormenaz baliatuta, plastikozko ontziak berrerabiltzea etxean gune osasungarriak eta jangarriak sortzeko. Ortu edo baratzea etxera hurbiltzea sormenetik. Tailerrak helburu bikoitza du: alde batetik, ortu edo baratzearen zikloa etxeetara hurbiltzea eta, bestetik, sormena sustatzea, ortu bertikalen ereduak asmatuz, gure ingurunean dauden ontziak edo hondakinak beste.

  • 16. GJH / Mailua (Atrakzioa) 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Garapen jasangarrirako gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzea, guztiei justiziara irispidea erraztea eta maila guztietan erakunde eraginkor, arduratsu eta inklusiboak sortzea. Barraketako elementu bereizgarria da, eta, kasu honetan, jai-girokoa, mailu bat erabiltzen da oinarri baten gainean jotzeko, horrek elementu metaliko bat askatzen du eta goialdean kanpai bat jotzen du. Normalean, jotzen den indarraren arabera maila bat lortzen da eskala bertikalean; maila horrek erakunde publikoen sendotasuna adierazten du indar disruptibo eta kanpokoen aurrean.

  • 18. GJH /  Photocall. 11:00etatik 19:00etara. Casilda Iturrizar parkea.

Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna. Zer hobe irudi-zerrenda bat baino, GJH Eguneko oroitzapenik atseginena etxera eramateko? Gura dutenak kamera berezi honen aurrean jarri ahal izango dira, eta etxera irudi-zerrenda bat eroango dute beren argazkirik barregarrienekin. Hainbat hizkuntzatako testuak dituzten osagarriak egongo dira argazkia pertsonalizatzeko eta jarduera esperientzia dibertigarriagoa bihurtzeko. Gainera, Bizkaiko kultura-aniztasuna islatzen duten irudiez osatutako atzealdea sortuko da.

IKUSKIZUNAK

 PERGOLAN

  • 11:30 Ekintza – performancea, Fashion Revolution Euskadirena.
  • 13:00 ‘Reziklantes’ perkusioa, Turukutuparena.
  • 16:30 ‘Ondoloin’ antzerkia, Organik Dantzarena.
  • 00Terra Festa’, GJHekin dantzan, Nuria M. Cresena.

PEDRO ARRUPE ZUBIAN

  • 18:30 17. GJH / Zubiak eraikitzen (Funanbulista) Pedro Arrupe zubia.

Garapen Jasangarrirako Munduko Aliantza biziberritzea. Funanbulista batek itsasadarra zeharkatuko du. Horrela, egungo gizartean orekaren beharra ikusarazi nahi da, non ezinbestekoa den zubiak eraiki eta aliantzak sortzea, aurkitzen garen soka ahul horren gainetik onik ateratzeko, gure sistema kolokan baitago eta ezagutzen dugun moduan desagertzeko arriskuan.

KUNA FEST

GUGGENHEIMEKO ZABALGUNEA

19:00ETATIK AURRERA

  • Supercremalleras
  • Olaia Inziarte
  • Bulego.