Bilbon izango da bizitza-luzera berriari buruz nazioarteko lehen goi-bilera BBK eta Ashoka-ren eskutik

Gizateriaren historian lehen aldiz, 65 urtetik gorako pertsona gehiago daude 5 urtetik beherako umeak baino. Gainera, 2050erako 80 urtetik gorako pertsonen kopurua hirukoiztu egingo dela kalkulatzen da.

Eraldaketa demografiko hori ez dagokie adinekoei bakarrik. Bizitza-luzerak, bizitzaren amaieran urteak gehitzeaz gain, bere etapa guztiak luzatu eta eraldatzen ditu. Aldaketa demografiko horrek eta giza bizitzaren etapa ugariek gure gizartean sortzen dituzten aukerak eta erronkak identifikatzea funtsezkoa da. Zenbait arlotan (hiri-plangintza, hezkuntza, lan-merkatu, mugikortasun, kultura eta gobernantza…) ondorio sakonak dituzte.

BBK-k eta Ashokak bizitza-luzera berriari buruzko nazioarteko lehen goi-bilera antolatu dute: BBK New Longevity Summit. Nazioarteko topaketa hau Bilbon izango da, gizartearentzat hain garrantzitsua den kontzeptu berri honen hainbat alderditan lanean ari diren ideiak eta pertsonak lotzeko.

BBK New Longevity Summit Bilbon izango da, azaroaren 7tik 9ra, eta munduko hainbat tokitako gizarte-berritzaileak eta beste aditu batzuk izango dira bertan. Ekitaldian, gai honen inguruan lan egiten duten tokiko ekosistemako hainbat eragile ere egongo dira.

Hasiera-ekitaldia azaroaren 7an izango da, 18:30ean, Guggenheim museoan. Bertan, bizitza-luzeraren esparruan eragin handia duten ekimenak aurkeztuko dira, Ashoka sareko Gizarte Ekintzaileak barne:

  • Marc Freedman (AEB), Encore-ren sortzailea, adinekoen ezagutza eta talentua baliatzen ditu belaunaldi guztien arteko lankidetza sortzeko eta bultzatzeko.
  • Ana Urrutiak (Espainia), ‘Cuidados Dignos’en sortzaileak, protokoloak diseinatzen ditu egoitzetatik lotura fisiko eta farmakologikoak kentzeko eta zaintza-sistema hobetzeko.
  • Sergio Serapiaok (Brasil), LAB60+ gizarte-laborategiaren sortzaileak, aukera profesionalak eskaintzen dizkie pertsona adintsuei.
  • Nani Morék (Espainia), Menjadors Ecologics-en sortzaileak, egoitzetako eta eskoletako sukalde kolektiboak irauli ditu, produktu freskoan eta hurbilekoan oinarritutako menu jasangarria eskainiz.
  • Beka Tsanwisik (Hegoafrika), Hegoafrikako Amamen Futbol Elkartearen sortzaileak, adineko emakumeekin lan egiten du herrialdeko landa-eremuetan, komunitatearen funtsezko zutabe gisa, futbolaren bidez.
  • Vicky Tortosak (Espainia), ‘La Exclusiva’ren sortzaileetako batek, logistika sozial berri bat sortu du, Espainiako eremu despopulatuenetara produktuak, zerbitzuak eta pertsonentzako prestakuntza eramatea ahalbidetuz.