Zelan eraldatu dezakeen lurraldea herritarren parte-hartzeak

Herritarren parte-hartzea funtsezko zutabeetako bat da komunitate jasangarriago, inklusiboago eta erresilienteagoak eraikitzeko. Pertsonak beren inguruneari eragiten dioten erabakietan aktiboki inplikatzen direnean, eragin positiboa biderkatu egiten da, eta lurralde biziak eta kohesionatuak sortzen dira.

Bizkaian, non kultura-aberastasuna eta gizarte-konpromisoa nortasun-ikur diren, herritarren parte-hartzea sustatzea funtsezkoa da egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Zer da herritarren parte-hartzea?

Komunitateetan jendearen bizi-kalitatea hobetzea helburu duten erabakiak hartzeko, proiektuak diseinatzeko eta ekimenak gauzatzeko prozesuetan jendea aktiboki inplikatzea esan gura du herritarren parte-hartzeak.

Iritziak adieraztetik haratago doa: benetako konpromisoa da, eta horrela ideiek eta talde-lanak eraldaketa nabariak eragiten dituzte.

Herritarren parte-hartzearen erronka Bizkaian

Herritarrek berebiziko garrantzia dute politika publikoak egiteko orduan, eta beharrezkoa da gizarte zibilaren, sektore pribatuaren eta erakundeen arteko lankidetza aktiboa sustatzea agenda publikoan eragiteko.

Zehazki, gizarte-, teknologia- eta ingurumen-aldaketek parte-hartze eta aurrea hartze handiagoa eskatzen dute, politikek gizartearen benetako beharrizanei erantzun ahal izateko.

Gaur egungo testuinguruan, hauek dira etorkizuna markatuko duten aldaketa-bultzatzaile nagusiak:

  • Krisi klimatikoa eta trantsizio energetikoa: premiazko neurrien bidez ingurumen-eragina arintzeko erronka.
  • Iraultza teknologikoa eta digitala: adimen artifiziala eta digitalizazioa enplegua, komunikazioa eta gizarte-kohesioa eraldatzen ari dira.
  • Aldaketa demografikoa eta bizitza-luzera: biztanleriaren zahartzea eta familia-ereduen bilakaera baliabideen eta zainketen banaketa birdefinitzen ari dira.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da politika erakundeek beren aldetik bakarretik ez diseinatzea, baizik eta herritarren ekintzaren beharrizanean arreta jartzea, adostasunak sortzeko eta politika eraginkorrak bermatzeko elementu estrategiko gisa.

Herritarren parte-hartzearen onurak

Pertsonak tartean sartzen direnean, onurak nabaritu egiten dira, gizabanakoari nahiz taldeari dagokionez:

  • Gizarte-kohesio handiagoa: parte-hartzeak pertenentzia edo kide izatearen zentzua sustatzen du eta pertsonen arteko loturak indartzen ditu.
  • Konponbide eraginkorragoak: arazoak zuzenean ezagutzen dituztenen laguntzarekin diseinatutako proiektuak garrantzitsuagoak eta iraunkorragoak izaten dira.
  • Herritarren ahalduntzea: parte-hartzeak jendea aktibatzen du, ahotsa eman eta beren ingurunean eragiteko konfiantza indartzen die.
  • Lurralde erresilienteagoak: komunitate parte-hartzaileak hobeto prestatuta daude aldaketetara egokitu eta erronkak gainditzeko.

Zelan sustatu herritarren parte-hartzea

Herritarren parte-hartzeak onura handiak baditu ere, instituzioen, erakundeen eta gizartearen beraren arteko ahalegin bateratua eskatzen du. Hauek dira funtsezko estrategia batzuk:

  • Gune inklusiboak sortzea: pertsona guztientzat eskuragarriak diren partaidetza-prozesuak diseinatzea, errealitate sozialak, kulturalak eta ekonomikoak kontuan hartuta.
  • Gardentasuna bermatzea: konfiantza funtsezkoa da. Jendeak jakin behar du bere iritzia garrantzitsua dela eta prozesuak argiak eta bidezkoak direla.
  • Herritarren hezkuntza (zibikoa) sustatzea: parte-hartzearen garrantziaz sentsibilizatzea eta parte-hartze hori eraginkorra izan dadin tresnak ematea.
  • Belaunaldien arteko lankidetza sustatzea: gazte, heldu eta adinekoen ikuspegiak batzeak proiektuak aberasten ditu eta komunitate-loturak indartzen ditu.
  • Teknologia aprobetxatzea: plataforma digitalek, online inkestek eta aplikazio mugikorrek parte-hartzea erraztu eta publiko zabalagoa lor dezakete.

Etorkizuna elkarrekin eraikitzea

Herritarren parte-hartzea ez da soilik arazoak konpontzeko tresna, etorkizun partekatua eraikitzeko modua ere bada.

Bizkaian, gizarte-ehun aktiboa eta konprometitua dugu, beste eskualde batzuk inspiratzeko moduko ekimenak gidatzeko gai dena.

Gure lurraldea eraldatu nahi badugu, herritarren parte-hartze inklusibo, iraunkor eta emaitzetara bideratuaren alde egin behar dugu. Tokiko proiektuetatik hasi eta eskualde-politiketaraino, ekintza bakoitzak eta ahots bakoitzak du garrantzia. Orain da ekiteko unea!