Lurretik mahaira: hiri-nekazaritzako ekimenak Bizkaian
Hiri-hazkundearen eta jasangarritasun-premia larriaren aurrean, hiri-nekazaritza funtsezko irtenbidea izan daiteke elikadura-erresilientzia sustatzeko.
Bizkaian, praktika horrek hiri-guneetan haziak ereitea ez ezik, komunitate indartsuagoak eta jasangarriagoak lantzea ere esan nahi du.
BBK Kunaren bihotzean, hiri-nekazaritzako ekimen interesgarriak, elikadurarekin dugun harremana eraldatzen eta gure sustraiekiko lotura gertukoagoa sustatzen ari direnak, aztertzen ditugu.
Hiri-nekazaritza: aukeren sustraia
Hirietako biztanleak hedatu ahala, areagotu egiten dira elikadura-segurtasunaren eta produktu freskoak eskuratzeko aukeraren inguruko erronkak.
Hiri-nekazaritzak, erronka horiei erantzuteaz gain, onura ugari ere eskaintzen ditu: elikagaien garraioari lotutako karbono-aztarna murrizten du, gutxiegi erabilitako lekuak biziberritzen ditu eta hiri-biodibertsitatea sustatzen du.
Bizkaian, proiektu aitzindariak ari dira erakusten labore horiek modu harmonikoan sar daitezkeela hiri-sarean.
Proiektu berritzaileak Bizkaian
Bizkaiko hiri-nekazaritzaren benetako adibideak
1. Hiri-ortu ekologikoak Bilbon
2015etik, Udalak udal-lurrak bideratu ditu Artxandan, Otxarkoagan, Errekalden eta Zorrotzan, interesa duten herritarrek beren baratze edo ortuak hiri-ingurunean landu ahal izan ditzaten. Familiei zein adin guztietako pertsonei zuzendutako proiektu honek barazkien eta ortuarien laborantza sustatu nahi du komunitate-giroan, eguneroko bizitzatik deskonektatu edo nork bere zaletasunez berriro gozatu ahal izateko. Izen-emate eta hautespen-prozesu baten bidez esleitzen dira lursailak, eta parte-hartzaileek prestakuntza eta laguntza teknikoa jasotzen dute beren lursailak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatzeko. Udal-baratze edo ortu bakoitzean partzela gehienak inguruko bizilagunentzat dira.
Argibide gehiago: Bilboko Udalaren webgune ofiziala.
2. Balkoi jangarriak
Proiektu honetan ere parte hartu zuen Bilboko Udalak, horrelako ekimenak martxan jartzeko tailerrak eskainiz.
3. Eskola-ortuak
Bizkaiko ikastetxe askotan jarri dira martxan horrelako ekimenak, eta baratze edo ortuak egiten dira ikastetxearen beraren sailetan. Eta hazien ekoizpen- eta bizitza-prozesu osoa egoera errealean praktikatuz ikasten dute ikasle-taldeek.
4. Baserri-eskolak
Umeak, gazteak eta helduak modu praktikoan eta bizipen-moduan landa-eremura, nekazaritzara eta abeltzaintzara hurbiltzen dituzten hezkuntza-guneak dira baserri-eskolak.
Horien funtzio nagusia balioetan (jasangarritasuna, ingurumenarekiko errespetua eta elikadura osasungarria…) heztea da tailerren, jardueren eta animalia, ortu eta prozesu naturalekiko zuzeneko harremanaren bidez. Landako lanbideen ezagutza ere sustatzen dute, talde-lana bultzatzen dute eta naturarekiko lotura indartzen dute.
Zorionez, Bizkaian mota horretako zentro ugari ditugu:
- Baratze (Arteaga)
- Beren Beregi kultur elkartea (Gorozika)
- Lapurreketa (Dima)
- Lurraska (Ajangiz)
- Trinkete aterpetxea – Itsas eskola (Lekeitio)
- Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektua
UIHP BBKren zentro bat da, 1982an sortua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Proiektua Bizkaiko ikastetxeen zerbitzura dago eta BBK Urdaibai zentroan gauzatzen da, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban.
Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektua (UIHP) hezkuntza- baliabide bat da, eta Bizkaiko ikastetxeei eta ikasleei ingurumen- hezkuntzako proiektu bat eskaintzea du helburu. Proiektu horrek jasangarritasunarekiko sentsibilizazioa, kontzientziazioa, ezagutza eta jarrera proaktibo indibidualak zein kolektiboak sustatzen ditu.
Hiri-nekazaritzako ekimenen eragina
Hiri-nekazaritza ezartzeak onura esanguratsuak dakarzkio ingurumenari eta gizarteari. Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko distantzia murriztean, elikagaien garraioari lotutako karbono-isuriak murrizten dira.
Gizartearen ikuspegitik, hiri-ortu edo baratzeek komunitatearen parte-hartzea eta hezkuntza sustatzen dituzte. Geure barazkiak lantzean edo jaten dugunaren atzean dagoen prozesuari buruz ikastean, elikadura osasungarriagoa sustatzen da eta naturarekin dugun lotura sakontzen da.
Etorkizun jasangarria zure eskura
Bizkaiko hiri-nekazaritzarako mugimenduak gonbidapen indartsua dakar berekin: inplikatzeko eta etorkizun jasangarriagorako aldaketaren parte izateko gonbidapena. Proiektu horietan parte hartzeak jasangarritasunari dagokionez onura nabariak ekartzeaz gain, ingurunearekin eta geure artean dugun harremana eraldatzen du.
BBK Kunatik, gure hiriak eta gure bizitzak eraldatzeko hiri-nekazaritzaren ahalmenean sinesten dugu. Ahalegin horiekin bat egitera animatzen zaitugu, baita ortu bat zaintzea bezalako jarduera erraz baten bidez Bizkaia berdeago eta buruaskiago bat eraikitzen zelan lagun dezakezun ohartzera ere.