Hezkuntza eta desberdintasuna: eskolaz kanpoko jarduerak, premiazko erronka

Hezkuntza funtsezko eskubidea da garapen pertsonal eta sozialerako. Bizkaian, zorionez, kalitatezko eta doako hezkuntza-sistema publikoa dugu. Hala ere, errealitate hori lausotu egiten da eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidean desberdintasunak daudelako, eta horrek hezkuntza-arrakala bat sortzen du, lurraldeko milaka haurren aukerak mugatzen dituena.

 

Eta zergatik dira hain garrantzitsuak eskolaz kanpoko jarduerak?

Eskolaz kanpoko jarduerak hezkuntza formalaren funtsezko osagarriak dira. Entretenimendu hutsetik harago doaz, eta honako aukera hauek eskaintzen dizkiete umeei:

  • Trebetasun eta interes berriak garatzea: Hizkuntzak ikastetik edo kirola egitetik hasi eta arte- edo teknologia-trebetasunak garatzeraino, eskolaz kanpoko jarduerek beren talentuak esploratzeko eta grina berriak deskubritzeko aukera ematen diete haurrei.
  • Autoestimua eta beren buruarekiko konfiantza indartzea: Curriculumetik kanpoko ingurune batean erronkak gainditu eta lorpenak egitean, haurrek autoestimua indartuta ikusten dute eta beren buruaz seguruago sentitzen dira.
  • Gizarte- eta komunikazio-trebetasunak hobetzea: Eskolaz kanpoko jarduerek aukera ematen diete haurrei beste ingurune batzuetako beste haur batzuekin elkarreraginean jarduteko, taldean lan egiten ikasteko eta komunikazio-trebetasunak garatzeko.
  • Talde-lana, diziplina eta kiroltasuna bezalako balioak ikastea: Eskolaz kanpoko jarduerek garapen pertsonal eta sozialerako funtsezko balioak irakasten dituzte, hala nola erantzukizuna, errespetua, lankidetza eta kiroltasuna.
  • Aisialdiaz modu osasungarri eta eraikitzailean gozatzea: Eskolaz kanpoko jarduerak aisialdia aprobetxatzeko modu osasuntsu eta dibertigarria dira, pantailen eraginpean egotea saihestuz eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuz.

 

Zein dira desberdintasunak eskolaz kanpoko jardueretarako sarbide edo irisgarritasunean?

Baliabide ekonomiko gutxiago dituzten familiek ezin dute eskolaz kanpoko jarduerarik ordaindu beren seme-alabentzat. Eta horrek hezkuntza-arrakala eragiten du, non zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden seme-alabak dituzten familiak baitira kaltetuenak: guraso bakarreko familiak, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familiak edo diru-sarrera txikiko familiak.

Beraz, eskolaz kanpoko jardueretara iristeko desberdintasunaren ondorioz, gizarteratze txikiagoa eta haurren ahalmen osoa lortzeko zailtasun handiagoak daude.

 

Zer ondorio ditu desberdintasun horrek?

Eskolaz kanpoko jardueretara ez iristearen ondorioak askotarikoak eta epe luzekoak dira:

  • Trebetasunak eta interesak gutxiago garatzea: Eskolaz kanpoko jardueretara sarbiderik ez duten umeek ez dute trebetasun eta interes berriak garatzeko aukerarik izaten, eta horrek etorkizunean haien aukerak muga ditzake.
  • Autoestimu eta beren buruarekiko konfiantza txikia: Curriculumetik kanpoko ingurunean lorpenik ez izateak eragin negatiboa izan dezake haurren autoestimuan eta beren buruarekiko konfiantzan.
  • Zailtasunak lan-eremuan eta esparru akademikoan: Eskolaz kanpoko jardueretan garatzen diren trebetasun sozialak eta komunikaziokoak funtsezkoak dira eskolan eta gizartean arrakasta izateko.
  • Gizarte-bazterkeria eta marjinaltasuna: Eskolaz kanpoko jardueretarako sarbiderik ez izateak areagotu egin dezake egoera ahulean dauden haurren gizarte-bazterketa eta marjinaltasunerako arriskua.
  • Aukera-desberdintasuna helduaroan: Eskolaz kanpoko jardueretan lortutako trebetasunak eta esperientziak erabakigarriak izan daitezke gero goi-mailako hezkuntzan eta lan-merkatuan sartzeko.

 

Zer egin dezakegu erronka horri aurre egiteko?

BBK Kunatik, Bizkaia justuago eta inklusiboagoaren eraikuntzarekin konprometituta gaude. Horregatik, Kuna-co Proiektuak 2024 deialdia abiarazi dugu, hezkuntzaren eta eskolaz kanpoko jardueretan desberdintasunaren erronkari erantzungo dieten berrikuntza sozialeko proiektuak finantzatzeko.

 

Zelango proiektuak bilatzen ditugu?

Honelako proiektuak bilatzen ditugu:

  • Berritzaileak: eskolaz kanpoko jardueretarako sarbide edo irisgarritasunean desberdintasunaren arazoari irtenbide berriak eta sortzaileak proposatuko dizkiotenak.
  • Benetakoak: umeen bizitzan inpaktu erreala eta neurgarria dutenak.
  • Erreplikagarriak: Bizkaiko hainbat eskualdeetan ezarri ahal izateko modukoak.
  • Eskalagarriak: etorkizunean haur gehiagorengana iritsi ahal izango direnak.
  • Jasangarriak: bideragarritasun ekonomikoa dutenak.