Etorkizun hobea eraikitzeko eta 2030 Agenda aktibatzeko bost euskal erakunderen lana aitortu dute Premios ODS Sariek

BBK Kunak eta SER Euskadi irrati-kateak antolatu eta BBK Salan banatu diren GJH Sarien I. edizioak agerian utzi du enpresa- eta elkarte-sareak, hirugarren sektoreko erakundeek, ikastetxeek edo norbanakoek Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeari ematen dioten garrantzia.

GJH sariak bost kategoriatan banatu dira: PERTSONAK, PLANETA, OPAROTASUNA, BAKEA eta ITUNAK.

Jasotako 149 proposamenak aztertu ostean, erakunde antolatzaileen taldeek eta aditu independenteek osatutako epaimahaiak honako proiektu hauek saritzea erabaki du, GJHak beteko diren etorkizuna eraikitzeko duten konpromisoagatik:

  • GJH SARIA – PERTSONAK: Bizkaiko Elikagaien Bankua

2030 Agendaren eta GJHen ─pertsonen giza eskubideak diren horien─ oinarrian dagoen funtsezko printzipioaren aldeko konpromisoa modu fidagarrian eta ahaltsuan irudikatzeagatik eta pobreziaren dimentsio desberdinen aurka borrokatzeagatik, 1. GJH; guztiek oinarrizko gaitasunak izan ditzaten, hala nola elikadura, 2. GJH; Osasuna eta Ongizatea, 3. GJH; Kalitatezko Hezkuntza, 4. GJH; Genero Berdintasuna, 5. GJH; beren eskubideak askatasunez erabiltzeko, inor atzean utzi gabe.

  • GJH SARIA – PLANETA: Bermeo Tuna World Capital

Iraunkortasun edo jasangarritasuna atunari lotutako industrian eta balio-kateetan (arrantzan, eraldaketan eta kontsumoan) zeharka integratzen aurrera egiteko konpromisoa oso modu esanguratsuan eta argigarrian irudikatzeagatik, ozeanoen ingurumen-oreka eta biodibertsitatea babesteko (13. eta 14. GJHak), belaunaldi berrientzat arriskuan ez jartzeko gizakiarentzat ozeanoetatik datorren proteina- eta mantenugai-baliabide baliotsuenetako bat (2. GJH) eta sektore horren balio-kateari lotutako lurraldeetan bizi diren familien zati handi-handi baten oparotasunerako funtsezko baliabidea eskuratzea (8. GJH eta 10. GJH) , mundu-mailan harrapaketen oso kuota garrantzitsua dagokiolarik Bermeori.

  • GJH SARIA – OPAROTASUNA: A&B Bioteknologiako Laborategiak

Negozio-ereduaren txoko guztietan jasangarritasuna zeharka integratzeko erreferente izateagatik bere gizarte- eta ingurumen-inpaktuak behar bezala kudeatzeko, eta erreferente baita negozioaren kudeaketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzen ere, produktuen eta prozesuen ingurumen-inpaktua aktiboki murrizteko, baliabideen (besteak beste, ur eta energiaren) kudeaketa optimizatuz, karbono- eta ingurumen-aztarna murriztuz eta bere eragiketetan zirkulartasuna integratuz (12. GJH).

  • GJH SARIA – BAKEA: Bizitegiren Aurkigune proiektua

Bizitegi Elkarteko erabiltzaileei beren herritartasuna modu egokian, aktiboan eta onuragarrian erabiltzeko aukera emango dieten formulak sustatzeagatik. Horrela, bada, gizarte-zerbitzuen sistemaren hartzaile izatetik zerbitzuak ematen dituzten gizarte-eragile izatera igarotzen dira, eta, horrela, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen estigma murrizten da, eta elkarrizketa, elkarbizitza eta komunitate-aktibaziorako gune bat sortzen da hurbileneko eta eguneroko inguruneetatik, non garapen iraunkor edo jasangarriak izena, aurpegia, memoria, nortasuna eta eskubideak dituen, auzoan bertan, kasu honetan, Bilboko Uribarri auzoan.

  • GJH SARIA – ITUNAK: UN Etxea

Bilbon, Bizkaian eta Euskadi osoan jarduten duten erakunde publiko eta pribatuak batzen dituzten lau helize deiturikoen ─erakunde publiko, enpresa-sektore, gizarte zibil, eta unibertsitate eta erakunde akademikoen─ arteko lankidetza sustatzeko funtsezko zeregina izateagatik.