“Etorkizuneko biztanleak”: Etorkizunari buruzko eztabaidan herritarrei ahotsa emateko gunea

Etorkizuneko biztenleakproposamen helburua da herritarrak jartzea gizarte osoari eragiten dioten eta gizarte osoa interpelatzen duten funtsezko gaien ─adibidez, lan, garraio, elikadura edo modaren─ eztabaidaren erdigunean.

Proiektu honen esparruan, aukeratutako gai bati buruzko inkesta bat bultzatuko du BBK Kunak, urtean birritan. Emaitzekin eta ondorioekin, jardunaldi batzuk antolatuko dira BBK Kunan, eta inkestari erantzun dioten 20 pertsonak parte hartuko dute, erakundeetako ordezkariekin eta ahots adituekin batera. 

Aukeratutako gaiari eta azterlanean ateratako ondorioei buruzko gogoeta- eta eztabaida-mahaiak izango dira jardunaldietan.

Hautatutako lehen gaia LANAREN ETORKIZUNA izan da, eta gai horri lotutako elkarrizketak apirilaren 7an egingo dira.

Halaber, “ETORKIZUNEKO BIZTANLEAK” gunearen barruan, “Etorkizuneko Koadernoak” izeneko argitalpen sorta bat ere aurkeztuko da. Dibulgaziozko testu laburren bilduma bat izango da, eta gure gizartearen etorkizunari buruz adituak eta erakundeak lantzen ari diren eztabaidak herritarrei hurbiltzeko asmoz sortu da. Testu bakoitzak gai zehatz bat, etorkizuneko biztanleek beren bizitzarako funtsezkotzat jotzen dutena, laburbilduko du. Eta balizko agertoki desiragarrietara begira jarriko da, herritarrak eta planeta zaintzea bere paradigmaren erdigunean jartzen duen lehiakortasun iraunkorraren esparrua kontuan hartuta.

“ETORKIZUNEKO BIZTANLEAK” ekimenaren hurrengo urratsetan, moda, elikadura, garraioa edo familia 2050ean zelakoa izango den aztertuko da. Guztiak dira datozen urteetan garrantzi handia izango duten gaiak.

ETORKIZUNEKO LAN-MUNDUA

Ekimen hau martxan jartzeko, BBK Kunak lan-munduan jarri du arreta. Horretarako, behar edo lanaren etorkizunari buruzko inkesta adierazgarri bat egin zaie 1.000 euskal herritarri, Euskadiko herritarren lan-etorkizunari buruzko iritziak eta aurreikuspenak jasotzeko eta eztabaida publikorako eta erabakiak hartzeko baliozko informazioa eskaintzeko.

Pertsona gehienen bizi-proiektua lanak markatzen du modu batean edo bestean. Adituek eta erakundeek produkzio-gune horren erabateko eraldaketa marrazten digute etorkizunerako.

Azterlan honek herritarren ahotsa jartzen du eztabaida honen ─lehiakortasun iraunkor edo jasangarrira eta gizarte-ongizatera bideratutako lanaren etorkizunari buruzkoaren─ erdigunean.

Horregatik, jasangarritasunarekin eta gizarte-ongizatearekin konprometitutako edozein erakunde publikok edo pribatuk arreta jarri behar die langileek lana taxutzeko moduaz dituzten itxaropen eta kezkei.

LANAREN ETORKIZUNARI BURUZKO INKESTAREN ONDORIOAK

Noiz hartu beharko genuke erretiroa? Lanak pisu txikiagoa izango ote du gure bizitzetan aurrerapen teknologikoari esker? Normala izango ote da etorkizunean edozein lekutatik telelana egitea? Edo zelan eragingo dio klima-aldaketaren aurkako borrokak lan-munduari?… horiek dira une honetan eztabaidaren erdigunean dauden gaietako batzuk, eta gai horiei buruz behargin edo langileen ikuspuntua kontuan izateak, zalantza barik, eztabaida eta politikak pertsona aktiboen beharrizanetara bideratzea ahalbidetuko du.

Horrelako gaiei buruz galdetuta, inkestak honako datu hauek eman ditu:

  • LANA ETA DENBORA

Nahiz eta herritarren % 80 aurka egon eta erretiroa hartzeko adinik egokiena 63 urtekoa dela uste izan, lanean jarraituko dugu 70 urtetik aurrera. Gehienek uste dute etorkizunean orain baino ordu gutxiago lan egingo direla, eta % 63 baldintzarik gabeko errenta unibertsalaren alde dago.

  • LANA ETA LANTOKIA

Telelana izango da aukerarik ohikoena herritarren % 64ren arabera, eta enpresak gure espazio digital pribatuan sartuko dira. % 84k uste du nomada digitalak normalizatu egingo direla eta, nor bere lurraldetik mugitu barik, beste herrialde batzuetako enpleguak lortzeko aukera izango dela.

  • LANAREN ETORKIZUN BERDEA

% 81 garapen ekonomiko justu eta jasangarrirako Europako Itun Berdearen alde dago, eta uste du gure gazteei Euskadin kalitatezko enpleguak lortzen lagunduko diela horrek. % 61ek uste du enplegu berri horiek gehiago izango direla merezimenduen araberakoak kontaktuen araberakoak baino, eta sortzen ari diren enpresa berriak izango direla 2050ean protagonista.

Herritarren gehiengoak beharrezkotzat jotzen du etorkinak egotea etorkizuneko lan-merkatuan.

  • DIGITALIZAZIOA ETA ROBOTIZAZIOA 2050EAN 

Beldurra eta itxaropena eraldaketa digitalarekin eta robotizazioarekin batera bizi dira. Gehienek uste dute robotizazioak lan-karga jasangaitzenetatik askatuko gaituela, eta % 49k uste du ez dutela bere lanpostua mehatxatzen. % 62k ez luke onartuko bere nagusia robot bat izatea.

Herritarren % 59,1ek uste du digitalizazioak, robotizazioak eta adimen artifizialaren garapenak enplegu berriak sortuko dituztela.

  • ETORKIZUNEKO LANBIDEEI BURUZKO EZJAKINTASUNA 

Herritar gehienek ez dute ezer entzun adituen arabera etorkizuna markatuko duten lanbide askori buruz, eta ez dakite zer enplegu sortuko dituen trantsizio energetikoak. % 60k baino gehiagok inoiz ez dituzte entzun lanbide berri hauek: hondakin-kudeatzailea, karbono-aztarnan aditua edo datu-detektibea.