Jasangarriak dira zure oporrak?
Turismoa egiten duzunean, horrek izan ditzakeen ondorioetan pentsatzen duzu? Jasangarriak dira zure oporrak?
Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) honela definitzen du Turismo Iraunkor edo Jasangarria: “Gaur egungo eta etorkizuneko ondorioak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak, bete-betean kontuan hartzen dituena”. Bere datuen arabera, urtero 1.400 milioi pertsona baino gehiago lekualdatzen dira turismoa egiteko, hau da, munduko biztanleriaren bostena.
Zifra horiek aurrean ditugula, argi dago gure ingurunearekiko begirunetsuak diren bidaien alde egin behar dugula; funtsezkoa da modu jasangarrian bidaiatzea planetan eragina minimizatzeko. Erabaki horiek eragin nabaria dute 12. GJHn, Ekoizpen eta Kontsumo arduratsua baitu helburu, turismoan ere jartzen duelarik arreta.
Ingurumen-baliabideak ondo erabiltzea, bidaiariaren karbono-aztarna murriztea, komunitate anfitrioien benetakotasun soziokulturala errespetatzea eta epe luzera bideragarriak izango diren jarduera ekonomikoak ziurtatzea, eragile guztiei onura sozioekonomiko ondo banatuak ekarriko dizkietenak, horiek dira gure bidaiak eta oporrak planifikatzeko orduan kontuan hartu beharko genituzkeen jarraibideetako batzuk.
Guztiok izaten garenez turista uneren batean, gida bat proposatzen dizugu errespetuz eta modu jasangarriagoan bidaiatzeko:
- Bidaiatu garraiobide ekologikoagoan.
Murriztu karbono-aztarna. Saiatu hegazkinak saihesten ibilbide laburretarako, eta garraio jasangarriagoak aukeratu, trena, esaterako. Bizikleta edo oinezko bidaiak ere aukera bikainak dira.
Karbono-aztarna txikiagoa izango da, eta bestelako bidaia-esperientzia bat izango duzu.
- Eman ezezko biribila plastikoari.
Ez da beharrezkoa plastikoak planetan eta ozeanoetan duen eragin handia errepikatzea… ahal duzun guztietan, tokian-tokian arazturiko ura aukeratu birzikla daitezkeen beirazko botiletan, eta ekipajean poltsa berrerabilgarriak eroan, azokak eta dendak bisitatzen dituzunean erabili ahal izateko.
- Kontratatu tokian tokiko gidariak zure bisitetan.
Esperientzia hobea izango duzu, eta bertoko komunitatean lana sortzen ariko zara.
- Babestu tokian tokiko ekonomia erreala.
Toki bakoitzean egindako artisau-lanak eta oroigarriak ez dira beti merkeenak izaten, baina horiek erosteak bertoko ekonomiari egiten diozun ekarpenak eragin zuzenagoa eta positiboagoa izango duela ziurtatzen du.