Mundu guztiak berba egiten du Garapen Jasangarrirako Helburuez (GJH), baina zer dira?
Institutu edo lehen hezkuntzako gela, enpresa, kuadrilla, familia… bateko pertsonengana joko bagenu eta galdetuko bagenie Zer erronka ditugu gizarte gisa?, erantzunak askotarikoak izango lirateke, erantzuten duen pertsona bakoitzaren adinaren, generoaren eta errealitatearen arabera. Baina erantzun horietan puntu komunak ere egongo lirateke, seguru.
Gizarte gisa, erronka nabariak, atzeraezinak eta premiazkoak ditugu, eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, guztion gogoan daude horiek.
NBEk erronka horiek 2030 Agendaren babespean ordenatu, izena jarri eta antolatu gura izan ditu, eta 2030ean gure planeta zelakoa izatea nahi dugun adierazten du. Horretarako, agenda horren barruan, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ezarri dituzte. GJH horiek mekanismoak ezartzen dituzte gizarte gisa ditugun erronka horiei aurre egiteko eta data horretarako mundua jasangarriagoa izan dadin eta desberdintasunak murriztu ditzagun lortzeko.
Baliteke GJHen kontu hau entzuna izatea guk, baina ba al dakigu zer diren eta zenbateko garrantzia duten? Badakigu zelan eragiten diguten? Eta… zer egin dezakegu helburu horiek lortzeko?
GJHak 17 dira eta askotarikoak bezain garrantzitsuak dira:
1GJH. Pobreziaren amaiera. Pobrezia desagerraraztea munduan pertsona guztientzat.
2GJH. Inor ez dadila gose izan. Goseari erremedioa jartzea, eta planetako elikadura hobetzea garapen iraunkor edo jasangarriaren bidez.
3GJH. Osasuna eta ongizatea. Bizitza osasuntsua bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea adin guztietan.
4GJH. Kalitatezko hezkuntza. Hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa bermatzea pertsona guztientzat.
5GJH. Genero-berdintasuna. Generoen arteko berdintasuna lortzea.
6GJH. Ur garbiaren erabilera eta saneamendua bermatzea pertsona guztientzat.
7GJH. Kutsagarria ez den eta eskuragarria den energia. Energia eskuragarria, segurua eta jasangarria izango dela bermatzea.
8GJH. Lan duina. Pertsona guztientzako kalitatezko lan iraunkor edo jasangarria bermatzea.
9GJH. Industria, berrikuntza eta azpiegiturak. Industrializazio inklusiboa eta jasangarria sustatzea eta sektorean berrikuntza sustatzea.
10GJH. Desberdintasunak murriztea. Herrialdeen eta pertsonen artean.
11GJH. Hiri eta komunitate jasangarriak. Hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak eta iraunkor edo jasangarriak izan daitezen lortzea.
12GJH. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak. Bizi-eredu jasangarriak sustatzea eta bermatzea.
13GJH. Klimaren aldeko ekintza. Klima-aldaketari aurre egiteko premiaz jardutea.
14GJH. Itsaspeko bizitza. Ozeanoak eta itsas baliabideak kontserbatzea eta zaintzea, munduan duten garrantziaz jabetuta.
15GJH. Lehorreko ekosistemetako bizitza. Lehorreko ekosistemen zaintza eta balioa sustatzea.
16GJH. Bakea, justizia eta erakunde sendoak. Gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea.
17GJH. Helburuak lortzeko aliantzak. Garapen iraunkor edo jasangarriko helburuak lortzeko aliantzak bultzatzea
BBK Kunak, gainera, helburu gehigarri edo berezi bat du bere ibilbide-orrian, 17GJH+1: Euskara, euskal kultura eta gaitasun eleanitza garatzea.
Benetako asmo-adierazpen bat da hau, pertsona guztiok interpelatzen gaituena. Izan ere, GJHek badute zerbait komuna, hots, guztioi eragiten digutela. Maila globalean eta tokikoan, konektatu egiten gaituzte, batzuetan identifikatzen zailak izan arren, gizarte- eta genero-desberdintasunek, bidegabekeriek eta jarrera jasanezinek eragin zuzena dutelako gugan eta datozen belaunaldiengan.
Enpresek, unibertsitateek, ikasketa-zentroek eta, jakina, erakundeek, eta pertsona guztiok, parte aktibo izan behar dugu GJHen lorpenean.
Guztiok asko egin dezakegu helburu horiek lortzeko, eta datozen hilabeteetan, sekzio honen bidez, informazioa partekatuko dugu, proposamenak egingo ditugu eta esperientziak kontatuko ditugu, guztion artean mundu jasangarriagoa eta hobea lor dezagun.