
Gizarte-berrikuntzako joera globalak, tokiko testuinguruetan aplikatuak
Mundu interkonektatu eta dinamikoan, gizarte-berrikuntza eboluzionatzen ari da maila globalean, eta zuzenean eragiten du tokiko komunitateen garapen jasangarrian.
BBK Kuna, Bizkaian gizarte-berrikuntzarako gune gisa, eraldaketa horien abangoardian dago, joera globalak hartu eta tokiko testuingurura egokituz ongizate komunitarioa sustatzeko.
Ikuspegi horrek aukera ematen du tokiko erronka espezifikoei konponbide sortzaile eta eraginkorrekin heltzeko, indarrak batuz etorkizun orekatuagoa eta bidezkoagoa sortze aldera.
Gizarte-berrikuntza: maila globaletik tokikoaren erdi-erdira
Gizarte-berrikuntza ideia eta praktika berrien garapenean oinarritzen da, eta horiek hainbat eratara heltzen diete sortzen ari diren gizarte-premia edo beharrizanei. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hiri-eremuetan bizi da orain, eta horrek berrikuntza sortzaileen beharra bultzatzen du, urbanizazioaren, inklusibotasunaren eta jasangarritasunaren erronka paregabeei erantzun ahal izateko.
Bizkaian, munduko beste leku batzuetan legez, joera horiek bizi-kalitatea hobetzeko, gizarte-kohesioa sustatzeko eta ekonomiaren garapen iraunkor edo jasangarria bultzatzeko erabiltzen dira.
Ikus ditzagun joera global horietako batzuk eta zelan aplikatzen diren hemen berton.
Joera globalak eta horien aplikazioa hemen
Ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna
Maila globalean, ekonomia zirkularra trakzioa irabazten ari da hondakinak murrizteko eta baliabideak berrerabiltzea maximizatzeko bitarteko gisa.
Bizkaian, BBK Kuna tokian tokiko komunitateekin ari da lanean, ekonomia zirkularreko praktikak inplementatzeko auzo-konpostajeko proiektuetan eta birziklatze sortzaileko tailerretan, hondakinak baliabide erabilgarri bihurtzen dituztelarik.
Teknologia eta inklusio digitala
Teknologia gizarte-berrikuntza modernoaren funtsezko zutabea da. Oro har, banda zabaleko Interneterako sarbidea zabaltzen duten ekimenak eta beste teknologia digital batzuk eten digitala ixten ari dira.
BBK Kunak joera hori hartu du trebetasun digitaletan trebatzeko programekin lan eginez, egungo ekonomia digitalean lehiakorrak izateko beharrezkoak diren tresnekin herritarrak ahalduntze aldera.
Parte-hartze komunitarioa eta baterako sorkuntza
Mundu osoan, baterako sorkuntza eta ahalduntze komunitarioa funtsezkoak dira gizarte-berrikuntzari modu inklusiboan heltzeko.
Bizkaian dauden proiektuek herritarrak inplikatzen dituzte konponbideak (auzo-taldeak, laborategi biziak, …) diseinatzen eta garatzen, esperimentatzeko eta tokiko erronkei irtenbide ukigarriak sortzeko aukera emanez komunitateari.
Mugikortasun jasangarria eta hiri adimendunak
Hiri adimendunetan mugikortasun eta teknologiaren berrikuntza azkar ari da garatzen. BBK Kuna joera horietan parte hartzen ari da garraiobide jasangarrien erabilera sustatzen duten tokiko politikak sustatuz, hala nola bizikleta partekatuak eta garraio publikoko konexio efizienteak.
Tokiko berrikuntza indartzea ikuspegi global baten bidez
Joera globalen eta tokiko aplikazioen arteko elkarreraginak ikaskuntza-ziklo bat sortzen du. Ziklo horretan, tokian-tokian ezarritako berrikuntzek, komunitateei mesede egiteaz gain, ikasgai baliotsuak ere ematen dizkiote gizarte-berrikuntzaren panorama globalari. Adibidez, Bizkaian jasangarritasuna jorratzea eredugarri izan daiteke antzeko erronkak dituzten beste eskualde batzuentzat.