Udaberri honetan jantzi zaitez berdez
Udaberria heldu da eta, beraz, armairuko edukia aldatzea egokitzen da. Makineria abian da denboraldiko joerak, galtza estilotsuenak, ehun, itxura, estanpatu… berrienak erakusteko. Zerbait estreinatzeko tentazioa izugarria da, horregatik garrantzitsua da lasterka jantzi berriak erostera abiatu aurretik gogoeta egitea.
Modarena industria kutsatzaileenetako bat da. Kotoizko bakero pare bat ekoizteko 10.000 litro ur behar dira, eta kotoizko kamiseta bat egiteko 2.700 litro. Fabrikazioak energia eta material kopuru itzelak behar ditu, eta ingurumen-kutsadura handia sortzen du.
Gainera, horien produkzio-kateen barruan gizarte-desberdintasunak, murriztu beharrean, handitu egiten dira egunetik egunera.
25 eta 60 milioi pertsona artean ari dira munduan jantziak ekoizten, manufaktura-industria handienetako bat da. Eta horien lan-baldintzak, leku askotan, esklabotzatik hurbil daude.
Testuinguru horretan, mundu osoko hainbat erakundek, besteak beste Arropa Garbiak Kanpainak (Clean Clothes Campaign) edo Bidezko Merkataritzaren Estatuko Koordinakundeak, jantzigintzaren industria globaleko beharginen bizitza hobetzeko lan egiten dute.
Apirilaren 25etik 30era, Fashion Revolution Euskadik antolatutako jarduera-programak BBK Kuna, GJHen etxea, beteko du, moda jasangarri, bidezko, solidario eta zentzuduna bultzatzeko. Moda horrek jantzi politak janzteko gogoari erantzuten dio, baina ingurumenarekiko eta giza eskubideekiko begirunearen balioa azpimarratuz. Hori egiteko, pentsamoldea aldatu baino ez da egin behar. Horregatik, udaberri honetan modu jasangarrian eta arduratsuan janzteko aholkuen gida bat proposatzen dizuegu. Izan ere, bada gure jantzietan inoiz baino gehiago agertu behar duen kolore bat, eta kolore berdea da hori; arropa garbia, modu jasangarrian ekoitzitako arropa, giza eskubideen berme guztiekin egina.
- Berrerabili. Janzten ez duzun arropa, trukatu zure senideekin eta lagunekin, edo erosi edo saldu bigarren eskuko azoka eta dendetan. Zure jantziak berritzea lortuko duzu, eta arropa zaharrei bizitza berria ematea.
- Birziklatu. Erabili zure sormena jantzi bat beste bat bihurtzeko, egokitzeko, aldatzeko…
- Murriztu. Erosi aurretik, ziurtatu zerbait behar duzula eta benetan erabiliko duzula. Arropa berria erosten baduzu, izan dadila marka jasangarrietakoa. Jantzi baten erabilera- eta bizi-aldia luzatzea jasangarria da. Eta behin bakarrik erabiltzeko behar baduzu… alokatzea pentsa dezakezu.