2. GJH – Zero gosea. Zer egin dezakete herritarrek?

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2. Helburua (GJH), “Zero gosea”, gosea desagerraraztea, elikadura-segurtasuna lortzea, nutrizioa hobetzea eta nekazaritza iraunkor edo jasangarria sustatzea da.

Jakin ezazu zertan datzan zehazki helburu hori, zergatik den erabakigarria eta, herritar zaren aldetik, zer ekintza zehatz egin ditzakezun, helburu hori betetzen laguntzeko.

2. GJH – Zero gosea

Bigarren helburu hau goseari amaiera ematea da, bere era guztietan eta pertsona guztientzat.

Elikadura oinarrizko giza eskubidea da, eta helburu honen xedea da inork goserik pasa ez dezan eta guztiek elikagai seguru, hazkurritsu eta nahikoa eskura izan ditzaten bermatzea. Hori lortzeko, hainbat erronka gainditu behar dira: elikagai-eskasia, nekazaritza-baliabideak eskuratzeko mugak eta abar.

Gosearen errealitatea

Azken hamarkadetan aurrerapen esanguratsuak izan diren arren, goseak errealitate izaten jarraitzen du mundu osoko milioika pertsonarentzat.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, 2020an, munduko biztanleen % 9,9k gutxi gorabehera, hau da, 768 milioi pertsona inguruk, gosetearen ondorioak jasan zituzten. Horrek esan nahi du aurreko urteetan baino jende gehiago izan dela goserik, COVID-19aren pandemiak egoera okertu baitzuen.

Zergatik da garrantzitsua 2. GJH?

GJH hau funtsezkoa da hainbat arazori konponbidea ematen saiatzen delako. Lehenik eta behin, elikagai nutritibo edo hazkurritsuak eskuratu ahal izatea oinarrizko giza eskubidea da, eta gosea oinarrizko eskubide horien urraketa da. Bestalde, gosea oztopo bat da jasangarritasunaren garapenerako; izan ere, elikadura egokirik gabe, pertsonek ezin dute beren ahalmen osoa lortu, ezta beren komunitateen aurrerabidean lagundu ere.

Era berean, elikagai egokirik ez izateak betikotu egiten du pobreziaren eta desberdintasunaren zikloa. Arazo horri heltzea funtsezkoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea murrizteko.

Azkenik, janari-faltak eragindako desnutrizioak eragin suntsitzailea du pertsonen (bereziki, haurren) osasunean. Horrek areagotu egiten du gaixotasunen zama eta haurren heriotza-tasa.

2. GJH betetzeko ekintzak

Gosea desagerraraztea gizarteko segmentu guztien ahaleginak eskatzen dituen zeregin globala da, eta zuk, herritar gisa, funtsezko zeregina duzu ahalegin horretan.
Helburu hori betetzen laguntzeko egin ditzakezun ekintzak aurkezten dizkizugu.

Maila indibidualean

Etxean elikagaiak alferrik ez galtzea eta modu kontzientean erostea gomendatzen dizugu.

Eros itzazu tokiko elikagaiak eta lagundu zure inguruko nekazariei. Horrek elikadura-segurtasunari laguntzen dio eta tokiko ekonomia sustatzen du.

Elikagaiak edo, boluntario gisa, denbora ere eman ditzakezu, elikagai-bankuetan eta gosearen aurka borrokatzen diren erakundeetan.

Komunitate-mailan

Nutrizio-hezkuntzako programak susta ditzakezu eskoletan eta komunitateetan, dieta orekatuaren garrantziaz kontzientziatzeko. Era berean, ideia bikaina da komunitatean elikagaiak trukatzeko taldeak sustatzea, jendeak elikagaiak eta baliabideak parteka ditzan. Bestalde, baratze edo ortu komunitarioen proiektuetan parte har dezakezu, gehien behar dituztenei elikagai freskoak emateko.

Laburbilduz, Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan, 2. GJHa gosea ezabatzeko eta elikadura-segurtasuna sustatzeko konpromiso globala da. Espero dugu proposatutako ideiekin, bai maila indibidualean bai kolektiboan, zuk zeregin erabakigarria izatea helburu hori lortzeko. Ez ahaztu gosea murrizteko egiten dugun urrats bakoitzak apur bat gehiago hurbiltzen gaituela pertsona guztiok elikadura-aukera berberak ditugun mundu batera.