BBK Kunak jardueraz eta balio-proposamenez betetako urte bat bete du

BBK Kunak 2021eko urriaren 26an ireki zituen ateak, eta, ordutik, GJHen Etxeak ikerketa-proiektuak bultzatu eta ekitaldi, hitzordu eta balio-proposamen ugari hartu ditu helburu argi batekin: Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzearen alde lan egitea eta NBEk bultzatutako helburu horiek ezagutaraztea, bizkaitarrengana hurbiltzeko.

Espazioa martxan jarri den urtebete honetan, honako gai hauen inguruko proiektuak landu edo lantzen hasi dira: nahi gabeko edo gura bako bakardadea, etxeko lanen sektorea profesionalizatzea, migrazioa, gastronomia jasangarria, hilekoaren inguruko pobrezia eta garrantzi handiko beste gai batzuk. Gainera, BBK Kunak, berrikuntza soziala eta GJHak ardatz hartuta, ehun ekitaldi inguru sustatu eta hartu ditu, 6.600 pertsona bertaratu direlarik.

GJHen etxea 60 kultura-jarduera baino gehiagoren etxea ere izan da (arte- eta argazki-erakusketak, kontzertuak edo bisita gidatuak), eta horietaz adin guztietako mila lagunek gozatu dute.

Bizkaiko ehun erakunde liderretik gora BBK Kunaren parte izan dira, Bizkaian aurrerabide inklusibo eta jasangarriaren aldeko BBK KUNA 2030 KIDEAK aliantzaren bitartez. Enpresa horiek leku ezin hobea aurkitu dute GJHen gure etxean Agenda 2030 bultzatu eta Bizkaian Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak, aurkezpenak eta jarduerak egiteko.

Baina BBK Kuna bereziki harro dago GJHak gazteen artean egunez egun gero eta ezagunagoak izan daitezen lagundu ahal izan duelako: BBK BEHATOKIk 2020ko irailean egindako inkesta baten arabera, GJHak zer diren ezagutzen zuten Bizkaiko gazteak (18-30 urtekoak) % 20 ziren, eta, gaur egun, ehuneko hori, Bizkaiko biztanleria orokorrean, % 67raino igo da.

Bizkaitarren erdiek baino gehiagok esan digute beste pertsona bati, senide edo lagun bati adibidez, ondo baino hobeto azal diezaioketela iraunkortasun edo jasangarritasuna zer den. % 6,2k soilik aitortu du ez lukeela jakingo zelan egin.

Eskerrik asko zuen ezagutza, denbora eta ilusioa ematen ari zareten pertsona eta erakunde guztioi, BBK Kuna: GJHen Etxea guztiontzako eraikuntza-gune izan dadin. Bilboren bihotzean dugun gunetik lan edo beharrean jarraituko dugu BBK Kunako lantaldeak, inor atzean geratuko ez den etorkizun hobe, jasangarriago, inklusiboago eta parte-hartzaileagoaren alde.

DATUAK BBK KUNA 2021-2022