83 batuta 18 direnean

Askotan entzuten dugu: “Bakarrik azkarrago joango gara, baina elkarrekin urrunago iritsiko gara”, eta BBK Kunan baieztapen horrekin ados egoteaz gain, praktikan ere jartzen dugu. “Amesten dugun eta 2030erako lortzeko lanean gabiltzan mundu zuzenago, bidezkoago hori ez da erreala izango ez badugu denok laguntzen”. Enpresen, pertsonen, erakundeen eta abarren arteko lankidetza da Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko bide bakarra, inor atzean utzi barik.

Aliantzak hain dira garrantzitsuak 2030 Agendan, ezen GJHetan leku propioa baitute. Hain zuzen ere, berariaz horri egiten dio erreferentzia 17. GJHak: helburuak lortzeko itun edo aliantzei. Izan ere, gizadi osoak aurrean dituen erronka komun horien bila urtetan lan egin zutenek argi izan zuten indarrak eta ahaleginak batzearen garrantzia. Lankidetza- eta kooperazio-lana tresna paregabea da etorkizuna hobetuko duen benetako inpaktua lortzeko.

BBK Kuna: GJHen Etxeak bere zutabeetan du lankidetza-gune horiek sortzea. Bere proiektuen artean, KIDEAK da, hain zuzen ere, sortu zenetik hilabete bat bete duen proiektu nagusietako bat: gauzak beste era batera egiteko konpromisoa duten 80 erakunde baino gehiagoko sarea, jakitun izanik beren ekoizpen-kateek giza eskubideak errespetatu behar dituztela, genero-berdintasuna barrutik lortzen dela, osasuna ikuspegi guztietatik babestu behar dela, batez ere kontuan hartuta umeak, amak, adinekoak, osasun mentala… Erakunde horiek Bizkaiko GJHei, gure lurraldearen etorkizunari eta bertako bizilagunei laguntzeko ekintzen eta moduen zerrenda luzea osatzen dute.

Enpresa, GKE, hezkuntza-erakunde eta erakunde publiko-pribatu horiek guztiak BBK Kuna 2030 KIDEAK Sarea izenekoaren parte dira. Sarea gune irekia da, eta berarekin bat egin dezakezu zure ezagutza eta esperientzia emateko, beste batzuk egiten ari direnetik ikasteko eta garapen jasangarriarekin konprometituta dauden erakunde eta pertsonen mugimendu geldiezin honetan parte hartzeko. Izan ere, kasu honetan matematikak ez dira zehatzak eta 2022ko ekainean sare hori sortzeari bultzada eman zioten 83 erakundeak batuta 18 GJH (17+1) dira. Gustatuko litzaiguke zuk ere bat egitea formula desafiatzen jarraitzeko.