
Baserritik algoritmora: AA sortzailea elikadura-sektoreko “protopia” baten motor gisa
Elikadura-industria teknologiak bultzatutako inflexio-puntu batean dago. BBK Kunatik, Bizkaiko gizarte-berrikuntzaren gunetik, elikadura 2025erako ardatz estrategiko gisa jorratzen dugu, tresna berriek etorkizun jasangarriagoa eta erresilienteagoa eraikitzen zelan lagun diezaguketen aztertuz. Testuinguru horretan, Adimen Artifizial (AA) sortzailea ahalmen eraldatzaile handiena duen teknologietako bat da.
AA sortzailearen eta elikaduraren arteko aliantza liluragarrian barneratzen da artikulu hau, “protopia” kontzeptuak gidatuta: ez da utopia eskuraezina, baizik eta etorkizun hobea eraikitzea hobekuntza mailakatu, zehatz eta kontzienteen bidez.
Artikulu honetan aztertuko dugu zelan AA eragina izaten hasia den elikagaien ekoizpenean, eraldaketan eta banaketan, eta hausnartuko dugu nola gida dezakegun iraultza hori gure lurraldean elikadura-sistema eraginkorragoa, etikoagoa eta berritzaileagoa lantzeko.
“Protopia” ulertzea: elikadurarako etengabeko hobekuntzaren horizonte bat
Etorkizuna imajinatzean, askotan utopiaren (ideal perfektua eta eskuraezina) edo distopiaren (agertoki katastrofikoa) muturretan erortzen gara. Hala ere, bada hirugarren bide bat, askoz ere praktikoagoa eta ahaltsuagoa: protopia. Kontzeptu hori etengabeko hobekuntza-egoera inkrementalari dagokio. Kontua ez da perfekzioa lortzea, baizik eta atzo ginena baino apur bat hobeak izatea gaur, etorkizuna oraingo ekintza zehatzen bidez eraikiz.
Zer da “protopia”? Oraingo ekintzekin eraikitako etorkizun-ikuspegia
Protopia prozesu bat da, ez patu bat. Denborarekin eraldaketa handia eragiten duten aurrerapen txikiak batzearen emaitza da. Irtenbide pragmatikoetan eta etengabeko aurrerabidean oinarritzen da, urrats bakoitzak, txikia izan arren, egoera desiragarri batera hurbiltzen gaituela aitortuz. Ikuspegi horrek aldaketaren eragile aktiboak izatera bultzatzen gaitu, aurretik erabakitako etorkizun baten ikusle hutsak izan beharrean.
“Protopia” elikadura-sektorean: aurrerapen inkrementalak sistema bidezkoago, jasangarriago eta kontzienteagorantz
Elikadurari aplikatuta, sistemaren arazo guztietarako irtenbide magiko bat bilatzetik urruntzen gaitu protopiak. Horren ordez, balio-kate osoan hobekuntza nabariak ezartzera bultzatzen gaitu: adibidez, labore batean uraren erabilera optimizatzea, jatetxe batean elikagaien xahutze edo alferrik galtzea murriztea, edo produktu baten trazabilitatea hobetzea. Helburua da ekoizleentzat kolektiboki bidezkoagoa, planetarentzat jasangarriagoa eta kontsumitzaileentzat gardenagoa eta osasungarriagoa izango den elikadura-eredurantz aurrera egitea, urratsez urrats.
Adimen artifizial sortzailea: osagai berria elikadura-berrikuntzaren errezetan
Adimen Artifizial Sortzailea (AAS) funtsezko osagai teknologikoa da protopia definitzen duen etengabeko hobekuntza bultzatzeko. Teknologia abstraktua izatetik urrun, Bizkaiko elikadura-sektorearentzat gaitasun izugarria duen tresna praktikoa da.
AA Sortzailearen ahalmen eraldatzailea agerikoa denetik haratago: industrian dituen aplikazioak
Funtsean, AA sortzailea ez da datuak aztertzera mugatzen, baizik eta eduki guztiz berria eta originala sortzeko gai da ikasi duen informaziotik abiatuta. Beste AA batzuek sailkatu edo iragartzen duten bitartean, AA sortzaileak “imajinatu”, irudikatu egiten du eta testu edo irudiak edo arazo konplexuetarako soluzio berritzaileak sor ditzake.
Elikagaien industrian duen aplikazioa berrikuntza eta optimizazioaren iturri zuzena da. Aukera ematen du nutrizio-irizpideen arabera errezeta berriak diseinatzeko, produktu iraunkorragoak formulatzeko, hornidura-kateak optimizatzeko, elikagaien xahutze edo alferrik galtzea murrizteko edo kontsumitzailearen esperientzia pertsonalizatzeko. Labur esanda, sektorean eraginkortasunerako eta sormenerako katalizatzailea da.
AA Sortzaileen eragina nekazaritzako elikagaien balio-katean: sektoreko “ProtopIA”rantz
AA sortzailea ez da irtenbide bakarra, tresna moldakorra baizik, eta bere inpaktua elikaduraren balio-kate osora hedatzen da. Fase bakoitzean aplikatzeak aukera ematen digu “ProtopIA” sektorial horretarantz pauso zehatzak emateko, prozesuak pixkanaka eta modu nabarmenean hobetuz.
- Ekoizpen primarioan: eraginkortasuna eta jasangarritasuna hasieratik landuz
- Transformazioan eta manufakturan: elikagaien garapenean eta prozesamenduan berrituz
- Banaketan, retail eta kontsumoan: elikagaiak modu adimentsu eta pertsonalizatuagoan hurbilduz
Elikadura-protopiarako bidea: BBK Kunaren proposamen eraldatzailea
Adimen Artifizial sortzailea ez da etorkizuneko promesa bat, elikadura-industria birdefinitzeko ahalmena duen egungo tresna bat baizik. Hala ere, teknologia horrek protopia baterantz —etorkizun gero eta hobeago, jasangarriago eta bidezkoagorantz— gida gaitzan, ezinbestekoa da ikuspegi humano, etiko eta kolaboratibo batekin ekitea.
Horixe da BBK Kunatik bultzatzen dugun “ProtopIA” ekimenaren eta Futurathoien misio edo eginkizuna. Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektoreari bidaia honetan laguntzeko diseinatutako programa da. Ez dugu informazioa bakarrik eskaintzen, baita hausnarketarako, ikaskuntzarako eta baterako sorkuntzarako gune bat ere, betiere pertsonak erdigunean jarrita.
Kontua ez da teknologiari gure ordez erabakitzen uztea, baizik eta zentzuz eta helburuz erabiltzea Bizkairako nahi dugun elikadura-sistema eraikitzeko. Esperientzia eraldatzaile horien bidez, gure enpresa- eta gizarte-ehunaren gaitasun izugarria aktibatu nahi dugu.
ProtopIA-rekin, BBK Kuna gizarte-berrikuntzako nodo gisa kokatzen da enpresa-esparruan ere, alfabetatze teknologikoarekin duen konpromisoa etikaren eta zaintzaren ikuspegitik indartuz. Ekimen honek BBK Kuna adimen artifizialaren erabileran Europako erreferente bihurtzeko ahalmena du, inpaktu sozial edo gizarte-eragin positiboko tresna gisa.
“Futurathoiak”: berrikuntza-esperientziak sektorearentzat
Futurathoiak 2025ean antolatuko ditugun hiru topaketa eraldatzaile dira, bakoitza balio-katearen funtsezko maila batera bideratua: lehen sektorea, eraldaketa/manufaktura eta banaketa/retaila. Ezagutza praktikoa inspiratzeko eta sortzeko diseinatutako esperientzia elkarreragileak dira.
Topaketa horiek etorkizuneko agertokiak irudikatzera, arriskuak eta aukerak hautematera eta AAk dakartzan aldaketa sakonen aurrean aurrea hartzeko kultura sustatzera bideratzen dira. Helburua da AAri buruzko begirada kritiko eta inspiratzailea sortzea, parte-hartzaileei laguntzea AA hartzearen benetako erronkak eta beraien negozioetan izango duen eragina ulertzen.
Baterako sorkuntzarako gonbidapena
Artikulu hau hasiera baino ez da. Bizkaian elikadura-“ProtopIA” baten benetako eraikuntza protagonisten parte-hartze aktiboarekin hasten da.
Horregatik, elkarrizketa honetan parte hartzera eta gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, sektorearen etorkizuna elkarrekin aztertu, eztabaidatu eta eraikitzeko. Aukera paregabea da konektatzeko, ikasteko eta aldaketa gidatzeko.
Lehen Futurathoia: lehen sektorera zuzendua
Uztailaren 8an lehen futuratoia ospatuko dugu BBK Kunan, lehen sektorearen erronkak ardatz izango dituena.
Esperientzia hiru une osagarritan hedatuko da. Hasteko, David Alayón, berrikuntzan, gerokoen diseinuan eta CEOan aditua eta Innubaren sortzaileetako bat, inspirazio iturri izango da, eta etorkizun posibleetara begiratzera gonbidatuko gaitu. Jardunaldian zehar, enpresa sektoreko hainbat ahotsekin ere hitz egingo dugu, benetako erronkak kokatzen laguntzeko. Eta, topaketaren erdigune gisa, Futurathon biziko dugu: baterako sorkuntzarako espazio bizia, non AA sortzaileek elikagaien ekoizpenean, talentuaren kudeaketan, justizia algoritmikoan edo belaunaldi erreleboan duten eragina birpentsatuko dugun.
Futurathoirako izen-emateak
Futuratoi honetarako izen-ematea esteka honetatik egin dezakezu.