Etxekooking: Bizkaiak amantala jantzi du ahogozo handiagoko (eta bihotz handiko) etorkizuna kozinatzeko

Bizkaiaren etorkizuna entzunez, parte hartuz eta, zergatik ez, elkarrekin kozinatuz eraikitzen dela uste dugu BBK Kunan! Izan ere, tradizioa, zaintza, berrikuntza eta ametsak nahasten diren leku bat baldin badago, hori, zalantza barik, sukaldaritza da. Horregatik, gure “Etorkizuneko Biztanleak” ekimenaren barruan, geure buruari galdetu diogu: zelan imajinatu edo irudikatzen dugu biharko elikadura gure etxeetan?

Eta Braulio Gómez Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasleak gidatutako “Sukaldaritzaren Etorkizuna” azterlanaren emaitzek ilusioz bete gaituzte eta oso jarraibide argiak eman dizkigute.

Bizkaiari entzun: Zer egosten da gure etxe eta bihotzetan?

 “Horrelako proposamenak funtsezko tresnak dira, herritarren beharrizanei erantzuteko aukera ematen digutelako; eta gure lurraldeak zehazki zer nahi duen identifikatzeko, bertan bizi direnei entzun behar diegulako”, zioen Kris Prieto BBK Kunako zuzendariak.

Eta entzun duguna argigarria da. Lau alderdi nabarmenduko ditugu:

  • Harrotasunez itzultzea oinarrizkora! Euskal herritarren % 47k (eta asko dira!) uste du janaria prestatzen edo kozinatzen jakitea irakurtzen edo idazten jakitea bezain garrantzitsua dela. Horrek asko adierazten digu etxeko janariari, mimoz eta jakintzaz egiten den horri, ematen diogun balioaz.
  • “Etxeko” gehiago, mesedez: gure etxeetan gehiago kozinatzeko nahia orokorra da. Bizi-erritmoak batzuetan zailtzen badigu ere (batez ere gazteenei), prekozinatuak murrizteko eta etxeko sukaldera itzultzeko asmoa handia da.
  • Landatik mahaira (eta ikastetxeetara): gure hirietan hiri-baratze edo ortu gehiago izatea eta eskola-jantokiak zero kilometroko produktuez betetzea amesten dugu. Tokikoaren eta osasungarriaren aldeko apustu garbia!
  • Kontzientzia duten gazteak: belaunaldi berriek elikadura kontzienteagoa bilatzen dute, osasunaz eta planetako inpaktuaz arduratuta.

Braulio Gomezek aurkezpenean azpimarratu zuenez, “euskal herritar gehienek kozinatzeko zaletasuna berreskuratu nahi dute, premia gisa ez ezik, bizitza osasungarrirako eta gure kultura gastronomiko aberatsaren zaintzarako maitasun-ekintza eta zutabe gisa ere ulertuta”.

Saltsaren erdian… Etxekooking-ekin!

Inspirazio horrekin guztiarekin, BBK Kunatik gogo biziz abiarazten dugu “Etxekooking” mugimendua.

Zer da Etxekooking? Hitz edo berba bat baino askoz gehiago da. Gonbidapen bat da, aterki bat, eta horren azpian hartu eta sustatu nahi ditugu ondorengo hauek:

  • Janaria prestatu edo kozinatzearen plazera berreskuratzea: geure elikagaiak prestatzearen poza berriz aurkitzea.
  • Etxeko sukaldaritza baloratzea: geure buruarekiko eta mahaia partekatzen dugunekiko maitasun-ekintza legez ulertzea. Bakoitza geure etxetik, etxean egindako janari onaren “influencer” bihurtzea esan gura du.
  • Gure kultura indartzea: gure sukaldaritzako errezetak eta ohiturak altxor hutsa dira, eta partekatzea eta transmititzea merezi dute.
  • Osasuna eta jasangarritasuna sustatzea: osagaiak aukeratzetik janaria prestatzeko eraraino.

Etxekooking: Bizkaiaren etorkizunerako funtsezko osagaia

BBK Kunan, Bizkaiarentzat etorkizuneko inspiratzaileak aktibatzeko lan egiten dugu. Gure ustez, elikadura ardatz estrategikoa da gizarte osasuntsuagoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko. Etxekooking mugimenduak erakusten du zelan sor daitekeen gizarte-berrikuntza janaria bezain egunerokoa eta funtsezkoa den zerbaitetik.

Herritarrei, familiei, ikastetxeei, bertoko ekoizleei eta, jakina, gure ekosistema osatzen duten enpresei egindako deia da. Izan ere, Bizkaiko elikaduraren etorkizuna ez da banakako kontua soilik, baizik eta erronka kolektiboa, lankidetzan aritzera eta elkarrekin sortzera bultzatzen gaituena.

Gure etxeko sukaldetik eragin izugarria zertu dezakegu: gure osasuna hobetuz, gure lotura komunitarioak indartuz, gure ekoizleei lagunduz eta gure ingurunea jagon edo zainduz.

Bat egingo duzu Etxekooking mugimenduarekin?

Laster partekatuko ditugu Etxekookingi bizia emango dioten ekintzei eta ekimenei buruzko xehetasun gehiago. Ekintzak zeharka aktibatuko ditugu BBK Kunan garatzen ditugun ekimen guztietan.

Mugimendu hau guztiona eta guztiontzat izatea nahi dugu. Izan ere, Bizkaiak amantala janzten duenean, gauza zoragarriak gerta daitezke.

Adi gure hurrengo jakinarazpen edo mezuei, eta presta zaitez zure sukaldearen ahalmen eraldatzailea berriz deskubritzeko.