Euskal gazteek etorkizuna irudikatu dute ‘THE FUTURE GAME. BIHAR ZER?’ inkestan
“Nolakoa izatea espero duzu Euskal Herria 2050ean?” da ‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimenaren premisa, eta proposamen hori joan den urrian abian jarri zen ‘The Future Game’ ekimenaren barruan kokatzen da; inkesta bat egin zitzaien 18 eta 35 urte bitarteko 800 euskal gazteri, gure etorkizuna zelakoa irudikatzen duten jakiteko. Inkesta horrez gain, ekimenak esperientzia gamifikatu bat ere jarri du martxan, ‘2050 Esperientzia’ deiturikoa: hemen ehunen bat gaztek inpaktuko proiektuak egin dituzte, eta konponbideak irudikatzeko eta prototipoak garatzeko datozen joerak irakurtzen ikasi dute.
Inkestaren emaitzak eta online esperientzia gamifikatuaren ondorioak BBK Salan aurkeztu dira gaur goizean.
‘The Future Game. Bihar zer?’ DOT kooperatibak, BADALABek, EITBek eta BBK Kuna: GJHen Etxeak sustatu dute. Lankidetza-prozesu bat izan da, gazteak aktibatzea ardatz duena, eta erakundeentzat berebiziko garrantzia duena, lankidetzan eta ikuspegi partekatuan lan egiteko konpromisoa baitute gizarte gisa ditugun erronkei aurre egiteko.
Ekimenaren sustatzaile guztiak bat datoz beraren irismena positiboki baloratzerakoan. Izan ere, komunitate digital horretan Euskal Herri osoko 13.000 gazte inguruk parte hartu dute beren iritzia emanez, eta, horrela, gertaera historiko bat izan da gure herrialdeko gazteen parte-hartzean.
‘2050 Esperientzia’: Etorkizuneko kuadrilla
‘The Future Game. Bihar zer?’ delakoaren barruan ‘2050 Esperientzia’ sortu zen, gazteen erronketan gehiago sakontzeko. 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte aniztasun handiagoko eta jasangarritasunarekin sentsibilizatuago legokeen kuadrilla irudikatzen saiatu dira. 30 eguneko lan-prozesu parte-hartzailea, anitza eta ludikoa egin dute, eta guztien artean 2050eko agertokiak marraztu dituzte:
- Zaintza-ministerio bat, osasun mentala eta zainketa komunitarioak bermatuko dituena, irudikatzen dute.
- Lehengoratzeko politikak: klima-aldaketaren ondorioak saihesteaz gain, kalteak ere konponduko lituzketen legeak.
- Erabiltzen ez diren eraikin publikoak berrikustea, herritarren beharrizanetara egokitzeko.
- Aisia fisikoa eta birtuala aldi berean.
- Elkarrizketa eleanitzak bermatuko dituen teknologia.
- Migrazioen Museoa, gizartearen aniztasunaren erakusgarri.