Guztira 30 gazte sartu dira “The Future Game”-n planeta salbatzeko helburuarekin
Bizkaiko 30 gazte izango dira protagonista “The Future Game”-n, jokoen mekanika hezkuntza-esparrura eramaten duen ikaskuntza-esperientzia “gamifikatuan”.
“The Future Game” ekintzan ikasteko joko bat da. Diziplina anitzeko taldeetan antolatuta, 30 parte-hartzaileek espazio-ontzietan bidaiatuko dute etorkizunera 4 mundutan zehar, 4 astez. Elkarrekin lan egin beharko dute helburu komun batekin: planetaren etorkizunerako denbora irabaztea. Hori lortzeko, era kooperatiboan gainditu beharko dituzte erronkak.
BBK Kunak, ehundik gora hautagairen artean, kezka, motibazio eta sormendun 30 gazte aukeratu ditu, hainbat gaitasunen bidez gizartea eraldatu gura dutenak. Hautatuak izan ez direnek ere izango dute eginkizunik jokoan. Haiek ontzietako tripulazio-taldeei lagunduko diete erronkei arrakastaz erantzuten, kontrol-dorre batetik orientatuz.
“The Future Game” jokoaren bidez, BBK Kunak belaunaldi berrien ahalmen ekintzaileaz baliatu gura du, funtsezko zeregina baitute ekonomiaren garapen jasangarri eta etikoaren zabalkundean eta kultura inklusibo berrien sorkuntzan.
Erronkak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) oinarrituta egongo dira; helburu horiek mundu jasangarriagoa lortzeko nazioarteko agendan daude ezarrita, eta BBK Kunaren bide-orria dira.
Horrela, BBK Kunak, Bizkaiak dituen erronkei aurre egiteko konponbide-faktoriak, jarduera hau martxan jarri du, bere egoitza izango den eraikina birgaitzeko lanek aurrera jarraitzen duten bitartean.